Bilbo - “Bakoitzak bere aletxoa jarri behar du berdintasuna lortzeko eta hori da Ezkutuko Ondarea. Emakumeen errealitateak Bizkaian liburuak lortu duena”. Hala adierazi zuen Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusien lehendakariak atzo Bilboko egoitzan, argitaratu berri duten liburuaren aurkezpenean.

2017an berdintasun plana onartu eta horrekin lotutako jarduera asko antolatu dira, Batzar Nagusien lehendakariaren hitzetan. “2017an adostu genuen berdintasun plana, eta horrez gero asko izan dira aurrera emandako ekimenak, horien artean, hitzaldiak, bisitak edota jarduerak, Bilbo, Gernika, Abellaneda eta Gerediagan antolatutako Ondarearen Europako Jardunaldietan”. Hala, argitaratutako liburua bertan landutako gaien bilduma da Otaduiren esanetan. “Jarduera horiek artikulu txiki modura aurkezten dira eta genero ikuspegia kontuan hartuta Batzar Nagusien ondarearen eta Bizkaiko historiaren eta antropologiaren zati baten berri ematen dute; Bizkaiko historian izan duten egitekoa erakustea helburu duena”.

Bertan, bost emakumezko eta bi gizonezko hartu dute parte: Ainara Martínez, Aingeru Berguices, Arantxa Pereda, Jaione Agirre Garcia, Jon Irazabal eta azkenik Mariefi Pérez eta Ainara Arranzen zazpi artikulu eta ikerketa lan biltzen ditu; azken biak atzo, liburuaren aurkezpenean izan zirelarik.

Bertan, hainbat ikuspegitik Bizkaiko emakumezkoek bete duten lekua landu dute; horien artean Bizkaiko panderetera emakumezkoetatik, XVII. mendean sorginkeria leporatu zieten emakumeetara. Hala, liburuaren egileetako bat den Ainara Arranzen hitzetan: “Emakumeen ikusgaitasunean pauso bat baino ez da liburu hau, baina pauso handia da Bizkaian emakumeek izan dugun garrantzia azalarazteko”. Izan ere, “emakumezkoek ez dugu ia lekurik izan historia liburuetan eta kontatzen ez dena, ez da existitzen, horregatik da garrantzitsua hemen aurkezten dugun lana”. Eta horren zergatia? Ikerlariek argi daukate: “Ez gara liburuetan agertu liburuak idatzi dituztenek ez dutelako aintzat hartu emakumeok egindako lana eta izandako presentzia”. Hala, lan honekin emakumeen ikusgaitasunarekin erlazionatutako etorkizuneko ikerketetan laguntzea da helburuetako bat Arranzek azaldu zuenez. Izan ere, nahiz eta historialaria izan, emakumeek historian izan duten papera ezezaguna da, dokumentatuta ez dagoelako. Hala ere, lan honen ondoren, pauso batzuk aurrera eman dituzte.

Mariefi Pérezek ere adierazpen horiek baieztatu zituen, izan ere “emakumeon existentzia aurkitu eta azalaraztea da garrantzitsuena”, ikerlariaren ustez. Horregatik, bere ikerketan emakume ezberdinak elkarrizketatu ditu, guztira ia 70 orduko grabaketak lortuz. Modu horretan, Sopuertako 14 emakumerengan zentratutako oroimen historikoaren gaineko lana egin duelarik. 67 eta 95 urte arteko emakumeen testigantzak jaso ditu Pérezek. “Izen eta abizendun emakumeak dira, ez norbaiten emazteak edo alabak”. Hori izan da Pérezek bere ikerketa lanean islatu nahi izan duena, atzo azaldu zuenaren arabera. Eta harago joan zen ikerlaria: “Espazioa irabazi behar dugu, gutxienez berdintasuna ez dagoen arloetan”, ikerlariaren esanetan izan ere, historia zati horiek ezkutatu direla adierazi zuten liburuaren egileek atzo Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako aurkezpenean.

Hala, Ana Otaduik agerraldia amaitutzat eman zuen hurrengo adierazpenak eginez: “Niri botila erdi beteta ikustea gustatzen zait, baina horretarako pausoak ematen jarraitu behar dugu”.

Zazpi Egile Guztira, zazpi autoreren lanak biltzen ditu liburuak; Batzar Nagusien Bilboko egoitzan, Enkarterrietako Museoan eta Gernikako Batzarretan banatuko direnak. Guztira, 1.000 liburu eta 3.000 liburuxka (liburuaren bertsio motzagoa) argitaratu dira; euskarazko eta gaztelerazko artikuluak dituelarik. Arantxa Pereda Angulok emakumeek egindako eta Bizkaiko Batzar Nagusien arte bilduman dauden artelanak aztertu ditu, XX.eta XXI. mendeko emakume margolarien eskulturagileen eta argazkilariaren berrogeita hamar sorkuntza lan inguru biltzen dituena; Gernikako Batzarretan beste alde batetik, emakumearen ikusezintasun historikoa landu du Jaioneko Agirrek, Bizkaiko andreiak Jaurerriko buru Erdi Aroan izeneko artikuluan. Egoitza berean Ainara Martínezek Beirateak eta Euskal Lurra: irikea eta Erlijinoa triptikoa aztertu du. Aingeru Berguicesek Abellanedako egoitzan, Enkarterrietako Museoan, emakume pandereteren Bizkaiko jai giroetan betetako lekua aztertu du.

Azkenik, aurkezpenera bertaratutako bi autoreen lanez gain, Gerediagan, Jon Irazabalek 1617an izandako gertakari bat aztertu du, “Durangoko Merinaldean sorginen kontrako neurriak hartzea erabaki zuten, emakume izateagatik historian zehar jasan dituen ondorio kaltegarriak erakutsiz”.