BILBO. Eñaut Elorrietak eta Mikel Urdangarinek kontzertu bana emango dute Euskal Museoan. Mikel Urdangarinena ekainaren 1ean izango da eta Eñaut Elorrietarena 8an. Kontzertu biak Bizkaiko erakundearen Klaustroan izango dira arratsaldeko 20:00etan. Helduentzako sarrerak 10 €-ko prezioa izango dute.

Jardueraren xedea euskal musika garaikidea zabaltzea da, Museoak euskal dantzekin edo beste musika estilo tradizional batzuekin egin duen moduan, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren laguntza du horretarako. Bi kontzertuetarako sarrerak aurrez salduko dira Euskal Museoan maiatzaren 15tik (osteguna) aurrera. Helduentzako sarrerak 10 € balio ditu. Euskal kultura musikala gazteei hurbiltzeko asmoz, 25 urtetik beherakoentzako sarrerak 7 euroko prezio berezia izango du.

Bi kontzertuak akustikoak izango dira, eta Bizkaiko erakundeak bere Klaustro estalian ikasturte honetarako programatu duen kultur programazio zabalaren osagarri izango dira. Mikel Urdangarin eta Eñaut Elorrieta euskal kulturan ospe handia duten bi artista dira. Ibilbide luzea dute, eta, hainbat musikarirekin oholtza partekatu ez ezik, grabazio-estudio ugaritan ere aritu dira. Finean, momentu ugariri musika jarri dioten artistak dira, esate baterako, Mikel Urdangarinen Non geratzen den denbora edo Eñaut Elorrietak berak konposatutako Ken7ren Itsasoa gara abestien bidez.

Hori dela eta, Euskal Museoak, hau bezalako ekimenekin euskal kulturaren alde lan egiten duenak, uste du kultur ondare honen zabalpena Klaustroa bezalako espazio batean egin behar dela. Ematen duen mezua bezain garrantzitsua da hura zabaltzeko espazioa, eta horregatik, bi kontzertu hauek egiteko aukeratutako lekua Euskal Museoa da. Euskara sustatzen duen espazioa da, euskal kulturaren erreferente dena, eta Euskal kulturaren buru dira Mikel Urdangarin eta Eñaut Elorrieta. Museoa leku egokia da kultura maite duen edozeinentzat; ezagutzarekin, hedapenarekin, ikerketarekin lotzen den espazioa da, gizartearentzat garapen pertsonalerako leku izan behar duena.

Orain, bi musikariek Euskal Museoa bisitatuko dute, lehen aldiz, kontzertu berezi bat eskaintzeko.

URDANGARIN

Irakasle-ikasketak egin zituen, eta gaztea zela “bat-bateko ahozko literaturaren unibertsoan” murgildu zen bertsolaritza praktikatuz. Horrek, ahots ederraren laguntzaz, hitzen aberastasun handia eman zion egoerak sortzeko eta istorioak kontatzeko orduan. Adierazteko gaitasun hori ez zen nahikoa izan, eta bere ahotsa eta bertsoak musikaren hizkuntzarekin indartzeko nahia sortu zitzaion; bere kasuan, gitarraren soinuarekin eta bere kantuekin.

Horrela hasi zen Mikel bere lehenengo abestiak konposatzen, euskal tradizio puruan eta musika garaikidean barrena ibiliz, eta horien artean harreman harmonikoa, osagarria eta aberasgarria ezarriz.

HARIAN

Eñaut Elorrietaren proiektu berria. Ken Zazpiko abeslaria, euskal pop-rock talde honetan hainbat urtez aritu ondoren, eta arrakasta izan duten hainbat disko argitaratu eta gero, estilo eta musika joera berriak ikertzen hasi da.

Berezkoa duen talentuak, hobetzeko nahiak eta etengabeko esperimentazioak ekarri dute Eñaut Elorrieta abestiaren eta musika sorkuntzaren bideetan zehar, eta erronkak sormenez eta gogoz onartzen ditu.

Deserriko kantak (Eñaut Elorrieta - ELKAR-2013) diskoa abiapuntu berria izan zen haren ibilbidean. Gerora, Ken Zazpiren disko sinfonikoak eta Labèque ahizpekin egindako kolaborazio bereziak mundu klasikoarekiko jakin-mina sortu zioten. Orain, hizkuntza berri horretatik abiatuta, formatu berritzaile batean birformulatuko da.

NIKA BITCHIASVILI

Musikari georgiarra, Tbilisiko Estatu Kontserbatorioan ikasi zuen. Gasteizen urteak daramatzan musikaria da, eta Mikel Urdangarinen laguntzaile finko bihurtu da, diskoetan zein bikote akustiko gisa kontzertuetan kolaboratuz.