BILBO. Erakusketa programako sariak praktika artistiko garaikideari (pintura, eskultura, soinu artea, bideoa, instalazioak, zeramika, grabatua...) lotutako banakako nahiz taldeko proiektuetarako daude zabalik, bai eta ikerketa praktikoko prozesuetarako ere. Guztira, zortzi proposamen aukeratuko dira, eta horietako bakoitzak 700 euroko saria jasoko du. Aukeratutako proiektuak Getxoarteko erakusketa programan sartuko dira, eta ekimenaren aurreko hilabeteetan jarraipena egingo die programaren komisarioak. Hala, kuradore gisa babesa eta laguntza emango die lanaren prozesuan zehar.

Oraingo edizioan, hautaketaz arduratuko den epaimahaia osatuko dutenak honako hauek izango dira: EHUko Arte Ederren Fakultateko dekano Arantza Lauzirika eta komisario independentea eta arte-kritikaria den Peio Agirre. Behin proiektuak garatuta, hautatutako artistek beren lanak erakutsi ahal izango dituzte topaketa eta erakusketa uztartzen dituen formatu batean. Abenduan zehar izango da hori, Romo Kultur Etxeko erakusketa aretoan. Horrekin batera, aukeratutako proiektuak Getxoarte 2019 saria jasotzeko hautagai izango dira; hala, erakutsiko diren lanetako bati sari osagarri bat emango zaio: 2.000 euro eta artista Torrene Aretoan bere lanaren erakusketa bat egiteko aukera.