BILBO. "Gure Etxea" antzezlan herrikoia Euskalduna Jauregira helduko da maiatzaren 5ean. Antzezlanak diziplina artistiko anitzak nahasten ditu: antzerkia, dantza, interpretazio korala, musika, ikus-entzunezkoak, etab. 200 herritar inguruk parte hartzen dute Jon Kepa Zumaldek idatzitako eta Ugaitz Alegriak zuzendutako “Gure Etxea” proiektuan.

Asteburu honetan (apirilaren 6-7) Mungian estreinatu ostean, antzezlana maiatzaren 5ean helduko da Euskaldunara, ikus-entzule guztiak aho zabalik uzteko, diziplina artistiko anitzen nahasketarekin: antzerkia, dantza, interpretazio korala, musika, ikus-entzunezkoak, etab.

Antzezlanaren erreferentzia puntua baserria da, herri gisa dugun nortasun, kultura, bizikidetza, ekoizpen eta transmisio unitate gisa. Baserria da familiaren, euskal izaeraren, euskal herriaren eta etengabe eraldatzen ari den gure nortasunaren arima. Herri bakoitzak, historian zehar osatutako bere nortasuna du, eta eten barik eraikitzen ari da, etorkizunari begira. Atzera begiratzen badugu, baserria (etxea) ikusiko dugu, familiaren (etxekoak) bihotza.

Gure Etxea, gure aberri, gure herrialde, moduan ulertutako gure etxearen metafora da, baserria erreferente orokor gisa hartuta, eta, Mungiaren kasuan, Landetxo Goikoa baserria. Antzezlanak gure herriaren jatorriari, gure historiari, kulturari, hizkuntzari, tradizioei, bilakaera historikoari? buruz gogoeta egitera bultzatzen gaitu, gaur egunera arte, eta gura dugun etorkizunari buruz pentsatzera garamatza.

XVI. mendeko baserri bat berreraikitzeko prozesuan aurkikuntza harrigarria egingo dute sukaldeko lurraren azpian: aurkitutako aztarnek 900 urte dituzte. Sukaldea, euskal etxearen arima. Su horrek hainbat galdera planteatzen ditu. Non dago jatorria? Noiz, zelan eta zergatik eraiki zen hain baserri handia leku horretan?

Sukaldeak, etxeak, baserrietako bizitzari buruz ikertzera bultzatuko gaitu, eta jatorrizko suaren bilaketak euskal herriaren jatorrira, gure historiara, gure kulturara eta gure gaur egunera eroango gaitu.

ETXEA, bizileku, babesleku, moduan; ohiturak, hizkuntza eta kultura transmititzen diren lekua.

Sarrerak salgai daude jada www.euskalduna.eus webgunean eta ohiko beste kanaletan. Sarreren prezioa: 15 euro gehi kudeaketa gastuak.