BILBO. Marta Ubieta eta Rubén Fdez. Aguirre Arriagako Euskal Musika Zikloan izango dira apirilaren 8an, 19:30ean. Sopranoak eta piano jotzaileak bi konposatzaile handiri, Jesús Guridi eta Pablo Sorozabal, errezitaldia eskainiko dute .

Horrela, bi interpreteek, Jesús Guridiren eta Pablo Sorozabalen abesti zikloak aurkeztuko dituzte (horietako batzuk ez oso ezagunak) gaztelaniaz, frantsesez eta euskaraz. Beraz, hain ezaguna ez den euren errepertorioaren parte bat, eta hiru hizkuntzatan egin zuten lana ezagutzeko aukera bikaina izango da. Horrez gain, emanaldian Itxaso Quintana antzezleak ere hartuko du parte, errezitatzaile gisa, berez ere oso ederra izango den errezitaldiari beste puntu erakargarri bat gehituz.

Egileak gogoratuz

Jesús Guridi Bidaola konposatzaile handia izan zen, eta bere lan ezagunenak El caserío, Diez melodías vascas eta Amaya izan ziren. Hamabost urte zituela bere lehenengo kontzertua eskaini zuen Bilboko Sozietate Filarmonikoan. Wagnerren eta erromantizismo berankorreko musikarien eragin handia jaso zuen, euskal folkloreko sustraietan inspiratu zen eta hainbat genero landu zituen: ganberako musika, ahozko konposizioak, orkestrarakoak, erlijioko piezak, operak eta zartzuelak, etab. Pablo Sorozabal Mariezcurrenari dagokionez, XX. mendeko lan sinfonikoen eta genero lirikoaren (zartzuelak eta opera txikiak) egile garrantzitsuenetakoa da. Bere lanen artean Katiuska, la mujer rusa (1931), Adiós a la bohemia (1933), Pío Barojarekin lankidetzan, La del manojo de rosas (1934), La tabernera del puerto (1936), Don Manolito (1943), etab. azpimarra daitezke.

Zikloaren amaiera ekainean

Zikloaren hurrengo hitzordua, hirugarrena eta azkena, ekainaren 3an izango da, eta protagonistak Vanessa Goikoetxea sopranoa eta Rubén Fdez. Aguirre bera izango dira. Ravelen inguruan izeneko emanaldia eskainiko dute, Ziburuko konposatzaile bikainari eskainita.