maiatzaren 5era arte

Endika Basagurenen erakusketa Rekalde Aretoan izango da ikusgai


08.02.2020 | 21:49
Rekalde Aretoa

BILBAO.  Endika Basagurenen erakusketa, "Borrar las huellas de la memoria", Rekalde Aretoan izango da ikusgai maiatzaren 5era arte. "Borrar las huellas de la memoria" izenarekin bilbotarrak sei urtetan egin duen lana erakusten du.

Rekalde Aretoko Kabinete Abstraktuan  Endika Basagurenen (Bilbo, 1978) lana erakutsiko da  barriek 2019 programaren barruan. Programa honetan Bizkaiko Foru Aldundiaren Sorkuntza Artistikoko Bekak izan dituzten lanen hautespena erakusten da urte bateko aldian.

"Borrar las huellas de la memoria" izenarekin Endika Basagurenek sei urtetan egin duen lana erakusten du, performance batzuetan suaren bidez obra suntsituz garatu duen lana, aldi berean deuseztatze hori bideoetan eta argazkietan dokumentatuz. Prozesu honen emaitzako errautsak eta suntsiketa horren hondarrak dira aurkezten digun obra egiteko erabili dituen baliabide bakarrak (aglutinatzaile, medium, pigmentu eta abarrekin batera): antropometriak, autorretratuak, mantxak eta abar,  guztiak oroimen pertsonaletan finkatuta daudenak, artistaren historia eta oroimenarekin adiskidetzea bilatuz.

Endika Basagurenen hausnarketa


Henri Michauxek artista definitzeko esaten zuen aztarnarik ez uzteko bultzadari aurre egiten diona dela. Eta, egia esan, gaur egun inoiz baino eragin gehiago dauka kulturan arrasto bat marraztearen sukarrak. Horren adibideak dira Facebook  edo Instagram eta esperientzia guztiak frogatzeko gauza den arrastoa uzteari lotutako hauen obsesioa. Facebook  Beuysen ametsaren "denok gara artistak"  eta Oscar Wilderen jarreraren "edozer izan daiteke artea" nahasketa da. Agian une hauetan  kezkagarriena arrastoa uzteari uko egitean egon daiteke, artista arrasto edo aztarna horien ezabatzaile bihurtuz.

Nire proposamena ezabatzaile moduan jardutearena da hain zuzen (ere), nire obraren eta iraganaren suntsitzaile moduan, ekintza horrek "naizena" definituko duen obra berria sor dezan. Kontua da artistek beti izan dutela suntsitzeko irrika, sortzailea osatzen duena. Zerbait berria sortzeko aurrez zegoena suntsitu behar da. Arte berria aurrekoaren suntsipena da.

Suntsituz sortu egin daitekeela  baieztapenaren eredurik behinena Rauschenberg  da. Erased de Kooning Drawing(1953) lanarekin, artearen munduan ospe itzelekoa zen beste pieza baten suntsipenetik sortutako lehen obra burutu  zuen. Ezabapenetik sortutakoa eta ez gehikuntzatik.
Ostean beste artista batzuk izan dira antzera lan egin dutenak. Fluxus taldea, Wolf Vostell eta bere decollageak edo Valerie Hegarty artista garaikidea, bere serie ezagunenean pazientzia handiz iraganeko arte lanen kopiak egin ostean, obra horiei tortura izugarriak aplikatzen dizkiona, erre egiten ditu, tirokatu, sastatu, etab.

Artisten ekintza  "suntsitzaile" horiek guztiak iraganeko artearekin hausteko egin dira, artearen historiari buruz hausnartzeko, baina nire kasuan haustura hori nire obrarekikoa eta historiarekikoa da. Ildo horretatik, nire lanaren zati handia suntsitzen dut; gutxi gora behera sei urtetan egindako lana, beti ezkutuan gordetzen ditudan obrak alegia, agian orduan izan nintzena ukatzeko. Kontua da ez naizela etapa/obra horrekin identifikatzen, obra egiterakoan falta zitzaizkidan kontzientzia eta argitasunaren ondorioz.

Ezinezkoa da gure iragana osorik ezabatzea; gure oroimenak burura ekartzeak errealitateari zentzua emateko eta gure identitate pertsonala berresteko balio du. Emilio Lledó filosofoaren hitzetan, "izatea, funtsean, oroimena izatean datza, koherentzia-era bat aurkitzean, garenaren, izan nahi dugunaren eta izan ginenaren arteko loturan".