BILBO. Marta Eturak eta Daniel Graok 'Ilusiones' antzeztuko dute Arriaga Antzokian bihar ostiralean, martxoaren 8an, eta larunbatean, 9an. Alejandro Jato eta Verónica Ronda dira antzezle taldea osatzen dutenak. Antzezlana bikote bizitzari eta munduan leku bat bilatzeari buruzko “komedia existentzialista” da.

Zelan iraun gauza iraunkor bakarra aldaketa den munduan? Galdera hori dago Daniren, Sandraren, Margaritaren eta Albertoren, Ilusiones lanaren lau protagonisten, buruan, Ivan Viripaeven lanak hartzen duen denbora eremu luzean zehar. Benetako maitasunari buruzko disekzio ilun eta komikoa da, bi bikoteren gorabeherak ardatz hartuta. Marta Eturak, Daniel Graok, Alejandro Jatok eta Verónica Rondak antzeztuko dituzte bi bikoteak, bihar ostiralean, martxoaren 8an, eta larunbatean, 9an, Arriagara helduko den Miguel del Arcok zuzendutako lanean.

Ezkondutako bi bikoteren historiatan, elkarrekin lotuta daudenetan, oinarrituta, Ilusiones lanak pasioaren eta heriotzaren, leialtasunaren eta traizioaren, egiaren eta fikzioaren paradoxak islatzen ditu. Ivan Viripaev dramaturgoak, errusiar “Drama Berriaren” erreferente nagusietakoak, bizitzako ibilbidea planteatzen digu, bakoitza bere aldetik, bananduta, munduan betetzen duten lekua aurkitzen ahalegintzen diren bi bikote ezkonduren joan-etorrietatik. Sarri askotan, leku hori oso toki berezietan agertzen bada ere, armairu barruan edo Australiako basamortuan, adibidez.

Egileak, ironiarekin, “komedia existentzialista” gisa sailkatzen duen antzezlanak badu berezitasunik. Hainbat narratzaile erabiltzen ditu pertsonaien joan-etorriak kontatzeko, zuzenean ikus-entzuleei, modu profesionalean, zuzendutako kontakizunen bitartez, batzuetan hirugarren pertsonan, eta lehen pertsonan beste batzuetan, medium batek edo biktimarekin inolako inplikaziorik ez duen sendagile forense batek egingo lukeen bezala. Lau pertsonaien minak, emozioek, segurtasun faltak, tribulazioek, euren bizitzak kontatu behar dituenarengan eraginik izango ez balute bezala.

Umore bikaina

Gorenaren eta prosaikoaren, nabariaren eta misteriotsuaren, arteko umorea modu bikainean dago presente Ilusiones lanean. Ispiluak balira bezala, Dani, Sandra, Margarita eta Alberto gure irudia islatzen duten lau ezagun direla sinestarazten diguten ukitu txikiak.

Viripaev eta Drama Errusiar Berria

“Drama Berria” izenez ezagutzen den mugimenduak lan ausartak eta euren edukiarengatik desberdinak jasotzen ditu, jatorrizkoak, eta egiturari dagokionez zatituak, Errusiako eta Europako gizartearen errealitatearekin lotura dutenak. Iván Viripaev (Irkoutsk Siberia, 1974) erreferentziazko egileetako bat da, tokiko arazoak baztertu barik, orokortu egiten dituen idazle gaztea, ikuspegi unibertsalarekin egiten baitie aurre, erreferentziarik gabeko gizartean dagoen gizon garaikidearen ikuspegiarekin, egitura dramatiko berritzaile eta erakargarrien bitartez, lengoaia lirikoak eta ironikoak lagunduta. Idatzi dituen lanen artean, Los sueños, Oxígeno, Julio edo asteburu honetan Arriaga Antzokira helduko den Ilusiones daude.