Bilbo - “Loraldian kultura arlo guztiek bat egiten dute, elkarrekin egiten dute berba, bidegurutzea da. Loraldiak elkartu egiten gaitu”. Hala definitu zuen atzo Ane Pikaza sortzaileak euskal festibala, martxoaren 12an heldu, eta apirilaren 7ra arte egongo dena. Bilbon ospatuko den jaialdiak, euskal kulturaren transmisioa du hizpide, Ane Pikazak eta Imanol Agirre Jaialdiaren zuzendari artistikoak azaldu zutenez; izan ere, Loraldia “transmisioaren begikate” gisa definitu zuten.

Modu horretan, bostgarren edizioak euskal kulturaren zenbait erreferente izango ditu hizpide, halanola Sarrionandia eta Joxean Artze. Izan ere, Pikazak adierazi zuenez, “euskararen erraietatik abiatuko gara geroa sortzeko”. Modu horretan erreferenteetatik hasiz, gaur egungo euskal kulturara abiatuko da jaialdia. Izan ere, “gure sormenaren ibilbidea zabaldu duten izen handi hauekin batera, sortzaile gazteek ere Loraldian aurkitzen dute aterpea”; hala nola, Hasier Larretxea, Maite Larburu edota Katixa Agirre, “etorkizuneko sormenaren egileak” dira eta, Pikazak azaldu zuenez.

Euskal sortzaile eta produkzioak sustatzearen helburuari jarraiki, aurten produkzio propioak sortu ditu Loraldiak, lau guztira. Modu horretan, festibala amaitu bezain laster Euskal Herrian zehar bira has dezaten. Horrez gain, beste zenbait produkziotan laguntzaile izango da ere elkartea.

Sentikariz blai! lelopean 22 egunez Bilbo euskal kultuararen erakusleiho bihurtuko du, guztira 30 kultur hi- tzordu eta 200 artista bilduko ditu; Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatuak adierazi zuenez, “euskal kultura sormenaren plaza da Loraldia”. Guztira bost produkzio berri eta erabateko estreinaldiak eskainiko dira.

Bilboko hamabi gunetan zehar -horien artean Arriaga Antzokia, Azkuna Zentroa, Euskalduna Jauregia, Arte Ederren Museoa edota Bilborocken- disziplina artistiko guztiak jorratuko dira, tartean bertsolaritza, literatura edota musika.

Sarrionandia izango dute hizpide Loraldiaren lehenengo bi saioetan. Martxoaren 12an,Lur bat idazteko aurkezpenean Iñigo Aranbarrik idazlearen obrak hasieratik amaierara arte aztertuko ditu, eta 15ean, berriz, Kalaportu saioa izango da Arriaga Antzokian. Bertan, musikariak eta idazleak bilduko dira eszenan Sarrionandiaren poesiak kantu bihurtzeko. Horien artean, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdargarin, Uxue Alberdi eta Harkaitz Cano izango dira.

Beste alde batetik, Pikazak azaldu zuenez, “Loraldiak mugarik gabeko kulturaren alde egiten du”, horregatik, Euskal Herriko mugetatik haratago sortutako proiektuek ere haien lekua izango dute Bilboko plazetan. Horren adibide da Iratxe Fresnedaren Lurralde Hotzak filma, Arte Ederren Museoan apirilaren 4an proiektatuko dena, edota 1362km euri, hala, Pikazaren esanetan, “Londresetik ekarriko dugu Garazi Goia idazlea, Goizalde Landabasorekin batera sortu duen eskutitz liburua ikuskizuna bihurtuz”.

Horrez gain, dantza arloko lehen emanaldia Aukeran dantza konpainiaren eskutik helduko da. Martxoaren 16an Biz Hitza izeneko ikuskizunean euskara batuaren bilakaera dantzaren bitartez irudikatuko du konpainiak, Xabi Payak sortutako gidoian oinarritu direlarik. Imanol Agirrek aipatu zuenez, bertsolaritzak ere haren lekua izango du, apirilaren 5ean Sustrai Colina egongo delarik.

Amaitzeko, apirilaren 7an, azken egunean, ikuskizun berezia antolatu du Loraldiak bost emakume oholtza gainean jarriz. Itxaro Bordaren testua oinarri, Bustinezko etorkizuna emanaldian, etorkizuna izango du hizpide eta Miren Amuriza eta Oihana Iguaran testuaren gainean inprobisatuko dute Mursego musikaz arduratzen den heinean.