Donostia. Euskal Herriko Unibertsitateak Urrezko Domina eman zion atzo Eusko Ikaskun- tzari, Donostian egindako ekitaldi batean, 1918an Oñatiko Biltzarrean sortu zenetik euskal unibertsitatearen alde egindako lan eskergagatik.

Nekane Balluerka EHUko errektoreak adierazi zuenez, “sortu zenetik, Eusko Ikaskuntzak lehentasunezkotzat jo zuen euskal unibertsitatea sortzea. Orain, domina emanda, EHUk aitortu egiten ditu Eusko Ikaskuntzak mende batez egindako lan eta ahaleginak, eta aitortzarekin ez dago iraganean gelditzeko inolako asmorik, aurrera jotzeko gonbidapena egin nahi baita”.

Era berean, bi erakundeen arteko harreman estua ere nabarmendu zuen EHUko errektore den Nekane Balluerkak, “asko” baitira Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean diharduten EHUko ikerlariak.

Bestalde, Urrezko Domina jaso ondoren, Eusko Ikaskuntzako lehendakari Iñaki Dorronsorok eskerrak eman zituen sariagatik, eta Eusko Ikaskuntza euskal gizartearen inguruko azterketa egiteko, ikerketa sustatzeko eta ezagutza mobilizatzeko erakundea dela adierazi zuen, eta “sortu den gizartearen oinarrizko premien, egungo problematiken eta etorkizuneko erronken inguruan pentsatzeko eta jarduteko lurraldez gaindiko gune bat” eskaintzen duela.

Guztira, gaur egunera arte, EHUk 19 erakunde zein pertsona ospetsuri eman die Urrezko Domina, besteak beste, Eduardo Chillida, Ignacio Mª Barriola, Manuel Agud Querol, Pedro Miguel Etxenike, Benito Lertxundi, Mikel Laboa edo Jexus Maria Artzeri. - E. P.