Bilbo- Onintza Enbeita (Muxika 1979) pasa den astean lortu zuen Bilbon Bizkaiko bertsolaritza txapelketa irabaztea. Aste bat igarota, oraindik finalaren irudiak ikustean negar egiten duela aitortzen du bertsolariak, aitona Balendinen testigua hartu eta urte askotan zehar bertsotan ibili diren emakumeen lana saritzen duelako. Gainera, txapela bizitza osoan egindako lanaren emaitza da Enbeitaren aburuz.

Hainbat finaletan egon ondoren, hau irabaztea epero zenuen?

-Ez, ez dut holako asmorik eduki. Urduri nengoen txapelketari begira eta neure buruan esaten nuen denbora guztian: ez dut behar beste prestatu, ez dut behar beste prestatu. Baina badirudi baietz, eta zortea edo prestaketa izan ditudala edo bien konbinaketa bat gertatu dela. Finalean sentsazio ona nuen kantuan nengoela, baina aurreko egunetan urduri nengoen. Hau zazpigarren finala izan da eta beste batzuetan ez naiz hain urduri ibili. Gustora kantatu nuen, neure burua gustora ikusten nuen eta lurra gogor zapaltzen nuen eta burua ikusten nuen prest esan nahi nuena proiektatzeko. Baina buruz-burukoan aritzeko besteak ez ziren gaizki aritu eta zaila da pentsa- tzea nor ibili den ondoen.

Zazpigarren finala izan da jadanik, lehenengoan izan zinenean eta oraingo Onintzarekin ezberdintasunik dago?

-Bai, noski. 12 urte pasatu dira. 27 urte nituen eta orain 39. Heldu egin naiz, pertsona bezala hazi egin naiz eta gauza asko ikasi ditut. Bizitzak dituen gauza onenetako bat da akumulatiboa dela. Horregatik, esperien- tzia hartzen eta ikasten ari gara, eta hurrengo pausoetan gugan dugu hori. Horregatik, 12 urtetan gauza asko gertatu dira nire bizitzan, asko ikasi dut eta bertsotan nire bidea definitzen ibili naiz, emozioetara, gauza txikietara bideratuz eta esateko nuen hori esateko beldurra kentzeko helburuz, eta badirudi bide horrek emaitzak ematen hasi dela.

Aste bat igaro da jadanik, asumituta izango duzu. Zer suposatu du pertsonalki zuretzat?

-Pertsonalki iruditzen zait nire buruari aitortu diodala zilegitasun bat, nire buruarengan gehiago sinesteko balio izan duela txapel honek. Gainera, nahiz eta finala arratsalde batean igarotzen den, irudipena daukat bizi- tza osoan egindako lanaren emaitza dela. Urte askotan amets hau bete- tzeko lanean ibili naiz, eta aurten lortu dut. Lanean ibili naiz urte askotan atsedenik gabe amets hau betetzeko eta aurten lortu dut.

Saioa ikusteko aukera izan duzu?

-Lehenengo 48 ordutan emozio noria batean ibili nintzen, eta astelehenean irudi batzuk ikusi nituen, txapelaren eta agurraren momentua ikusi nituen. Hala ere, oraindik finala ezin dut ikusi, negarra hasten zait.

Eta nola ikusten duzu zure burua bideo txiki horiek ikustean?

-Oso sendo. Amak esan zidan kantuan hasi nintzenean pentsatu zuela: aurten badago zerbait ezberdina, eta badirudi urteetan bila ibili naizen hori agertzen ari dela nigan.

Gainera, zure aitona Balendinen, zu bertsotan hastearen ‘errudunaren’, testigua hartzen duzu, momentua are emotiboagoa bihurtuko zuen ezta?

-Bai, gauza da nik banekiela txapela janzten zuen lehen emakumea nin- tzela, osabak jartzen zidala txapela, nire aitona izan zela txapela jantzen lehenengoa... segundu batean guzti hori prozesatzea zaila da. Oso hunkituta nago, Nerea Ibarzabalek esan zidan: historia egin duzu, eta egia da. Hala ere, niretzat bereziena dena bizkaiko bertsolaritzaren historian nire aitonaren alboan geldituko naizela da, ondoko lerrotxoan izatea oso gauza ederra da niretzat.

Gainera jendearen harrera, oso ona izan zen.

-Bai eta horiek asko hunkitzen nau, jendearen maitasun pila jasotzen ari naiz, ez bakarrik mezuak idazten dituztelako, baizik eta horietako asko oso bereziak direlako. Badakit orain arte ez naizela pertsona gorrotatua izan, baina orain maitasun guzti hori lehertu egin da eta hunkituta nago.

Finala gainera, oholtza gainean, lagunez inguratuta ta egin zenuen.

-Bai oholtzan geundenak talde bat ginen, izan ere han egon zirenak oso maiteak ditut. Gainera, Etxahun Lekuerekin buruz burukoa jokatzea polita izan zen, biok adin berekoak garelako eta gutxi gorabehera bertsotan aldi berean hasitakoak garelako. Oso polita izan zen. Beste alde batetik, txapela irabazi dudan urte honetan lau emakume izan gara oholtzan... Ingrediente asko izan ziren festa oso polita izateko.

Zenbateko garrantzia dauka zure- tzat txapela janzten duen lehenengo emakumea izatea?

- Oso garrantzitsua da. Ez ni naizelako, baizik eta urteetan egin dugun lan isila saritzen duelako. Bertsotan hasi ginenetik urte batzuk pasa dira eta plazan egotea ez da beti erraza izan. Plazara etorri ginen eta bertan gure lekua markatu behar izan dugu. Orain Bizkaian ere txapela eta aginte makila dauzkagu eta hori bada zerbaiten sinboloa, plazari hemen gaudela esateko modu bat da, eta aldi berean gure aurretik izan zirenentzat omenaldi bat ere badela uste dut, haiek hasi baitziren bertsotan eta guk jarraitu egin dugu, ez dugu amorerik eman eta emaitzak onak izaten ari dira. Historiak arrazoia eman digu. Txapel hau bizkaiko bertsolari guztiena da, izan zirenena, garenona eta bidean datozenak.

Nola ikusten duzu emakume bertsolarien egoera?

-Egoera hobetu dela dudarik ez dago, bestela akabo. Duela 20 urte baino askoz hobeagoa da, emakume gehiago daude baina ezin dugu gure burua engainatu. Bertsolarien %20a besterik ez gara emakumezkoak. Eskoletan gehiago gara baina plazarako salto horretan zenbakia asko jaisten da, oraindik ere emakumea izanda agertokira joatea, gizarte matxista eta patriarkal honetan oso zaila da, kuestionatu egiten zaituzte...eta azkenean zure buruari ez diozu zilegitasuna onartzen zauden lekuan egoteko. Horregatik, oraindik lan asko daukagu egiteko bertso eskoletan, udalekuetan, eta lan asko daukagu egiteko emakume horiek plazara salto egiteko momentua heltzen denean etxera ez joateko.

Irabazi izanak oholtza gainean jarraitzeko indartu zaitu?

-Bai, txapela motibazioa da gara- tzen jarraitzeko eta ikasten jarrai-tzeko. Azkenean, gizakiok akomodatzeko joera daukagu eta behin txapela irabazita plazetan duintasunez defendatzea eskatzen du. Horregatik, hobetu eta guardia ez jaistea ekarriko du. Asko pozten nau arrazoi horregatik ere, lanean jarraitzeko animatzen nauelako.

Bertsolaritzan izandako arrakastaz gain, beste lanetan ere ari zara, ‘Gure doinuak’ programan esate baterako. Momentu profesional onean zaudela esan genezake ezta?

-Bai, urte ona izaten ari da niretzat eta gure doinuak programan nire lekua aurkitu dut. Kontatzen ditugun istorioak gustatu egiten zaizkit eta ezagutzen dudan jendea miresgarria iruditzen zait. Gainera, oso talde ona daukagu eta guztion artean kalitatezko zerbait egiten ari garela uste dut, eta harro egotekoa da hori.

Fazeta asko dituzula esan genezake: bertsolari, kazetari, politikari? zelan definituko zenuke zure burua?

-Politikaria jada ez naiz baina badakit marka utzi nuela eta jendeak esan nituen gauza asko gogoratzen dituela . Hala ere, onartzen dut bizitzan egiten dugun ia guztia politika dela, feministek esaten dugun bezala, pertsonala politikoa da.

Ez dakit nola definituko nukeen neure burua, hala ere, batez ere bertsolaria naizela, bertsotan egiten dudala esango nuke. Nahiz eta bizitzan zehar gauza asko egin ditudan beti jarraitu dut bertsotan. Horregatik nik neure buruar bertsolaria naizela esaten diot. Kazetaria naiz kuriositateak katua hil bazuen kuriositateak Onintza Enbeita hilko duelako. Gauzak jakiteko grin handia izaten dut eta galdetzea gustatzen zait, horregatik kazetari ere sentitzen naiz.