GASTEIZ. Udaro bezala, Bihar hasiko da Musika Klasikoaren Zikloa Gasteizen eta abuztuaren 25era arte iraungo du. Ekimena Artziniegan hasiko da eta Kanpezun, Guardian, Tuestan eta Olanon ere izango dira emanaldiak. Arabako bost udalerritan gozatu ahal izango da jaialdiko kontzertuez.

“Aurten ere programa erakargarria dugu eta ziur naiz mota honetako musikaren zaleek izugarri gozatuko dutela eta, gainera, oraindik ere ezagutzen ez duen jendea erakarriko duela”, azaldu du Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatuak, Igone Martínez de Lunak, zeinak, beste behin ere, Donostiako Musika Hamabostaldiaren laguntza izan baitu programa abian jartzeko.

Jaialdia bihar hasiko da Artziniegako Jasokundeko Andra Mariaren elizan, Pikulski-Vergara bikotearen emanaldiarekin. Leticia Vergara Iruneko mezzosopranoak prestakuntza akademiko eta karrera artistiko polifazetikoa izan du, eta Maciej Pikulski, artista poloniarrak, aldiz, bost kontinenteetako hogeita hamar herrialdetan baino gehiagotan eman ditu kontzertuak, bai piano bakarlari gisa, bai kamera musikari eta ahots handientzako piano jotzaile gisa ere.

Bigarren hitzordua abuztuaren 11n izango da, Jasokundeko Andra Mariaren elizan, non L'incontro bikotearen emanaldiaz gozatu ahal izango den. Bikote hau Francesca Romana di Nicola piano jotzaileak eta Itziar Lujambio oboe jotzaile donostiarrak osatzen dute. Donostiako Musikenen ezagutu zuten elkar, Goi Mailako Gradu ikasketak egiten ari zirela. Baina, behin ikasketak amaituta, nork bere bideari jarraitu zion: Itziar Koloniara joan zen bizitzera eta ikasten jarraitu zuen, eta Francescak eskarmentu profesional handia eskuratu du, nazio eta nazioarteko orkestretako kide izan baita. Hiru urteren buruan, berriz ere elkartu dira ikasitako guztia partekatu, elkar aberastu eta errepertorio zabala garatzeko.