Síguenos en redes sociales:

Joxanton Artze eta Oskarbi taldea

Joxanton Artze eta Oskarbi taldea

Oskarbiren lehen pausoak 1966ko azaroan izan ziren eta Ez Dok Amairurenak 1966ko udaberrian. Handik piska batera, 1967ko azaroan, Oskarbiko gazte ausartek Euskal Abesti Jaia antolatu genuen Don Bosco aretoan. Jaialdi hartan parte hartu zutenak hauek izan ziren: Idoia Garmendia, Enarak, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Artze anai txalapartariak eta Oskarbi taldea.

1967an ezagutu genuen Joxanton txalapartari bezala eta lau urtetan (1968-1971) Ez Dok Amairu taldean sakonago bizitu Usurbilgo poeta eta artista handia.

Gogoratzen hasita esango nuke beti izan zela mistikoa Joxanton, hasierako urte kontestarioetan, eta, noski azkeneko urteetako kristautasunean. 1969 inguruko Ez Dok Amairuren bilera batean lurrean etzanda ikusi nuen eta orduan Benitok esan zidanez meditatzen ari zen.

Ez Dok Amairuren Baga Biga Higa Sentikaria, Joxanton Artzeren gidaritzapean Portugaleteko Areiltza zumardian eman genuen lehen aldiz 1970ko abuztuan. Geroago, behin Ez Dok Amairu deseginda elkar ikusi ginen kantaldi ugarietan. Oskarbi taldearen lehen Olentzero diskoa gogoko zuen Joxantonek, berak esan zidan: “Eguberrietan zuen Olentzero diskoa jarrita egoten nauk. Iparraldeko eta Nafarroako eguberri kantu espiritualak bereziki gustatzen zaizkidak”.

Oskarbi taldeak, Artzeren hitzekin egin zituen zenbait abesti berri, hauetako bi grabatuta daude: Herriagatik 1979an eta Ez zaude bakarrik 2004ean. Mendira naiz azken CDan agertzen den Txalaparta kantata, Joxanton Artze txalapartarian oinarritutako lana da.

Duela urte batzuk Usurbilgo San Esteban eliza inguruan ikusi nuen bere lagunekin. Galdetu nion ea

oraindik poesia egiten zuen eta baietz erantzun zidan. Bere etxeko hormetan eta lurrean jartzen zituen poemak estetika berezian, gero liburura banan-bana pasatzen zituen artista handiak. Euskal poesiaren berritzaile izan zen Artze, berritzaile eta herrizale, beti euskarazale. Oskarbiren 50. urteurrenaren ospakizun nagusira gonbidatu genuen Joxanton. Bere ahots ahulduarekin esan zidan ez zegoela ondo eta ezinezkoa zuela Victoria Eugeniara azaldu, baina Jainkoari eskatuko ziola Oskarbiren kantaldi bereziaren alde. Orain hire zeruan hago Joxanton! Oskarbi taldekoa