Distantzia kolektiboen erakusleak
‘Gu orduko hauek’ zortzi ipuinez osatutako liburua da, Garazi Arrularen lehenbiziko narrazioa. Besteak beste, gizakien arteko distantzia eta inkomunikazioa landu ditu
Izenburutik hasita mamia duen liburua izanik, banan-banan azaldu ditu elementuak idazle eta itzultzaileak: Gu: “pluraleko lehen pertsona da. Norbera parte den kolektiboa adierazten du, beraz. Atxikimendu sentimendu bat, eta, aldi berean, multzo horretan ez daudenekiko diferentzia”; Orduko: “Distantzia dakar gogora, iragan den garaia; denborazko distantzia, nahitaez fisikoa, lekuzkoa ere badena”. Hauek: “Erakusle hurbilena da; ingurukoak adierazten ditu, nahiz eta norbera ez den zaku horren parte”.
Gizakion arteko distantzia eta inkomunikazioa dira ipuinen gai nagusietako bat. Horixe erakusten du, maila handi batean, liburuari izenburua ematen dion Gu orduko hauek ipuinak. “Hirurak elkarrekin jarriz gero, multzo bakarrean, iruditzen zait bereizketa horiek guztiak apur-tzen eta era berean ikusgarri egiten direla”, dio egileak. Argi izan zuen Arrulak hasieratik azken ipuinak eman behar ziola izenburua liburuari. “Batez ere, a posteriori konturatu nintzen badaudela han-hemenka errepikatzen diren elementuak, eta tonua edo giroa ere identifikagarria dela esango nuke”. Dena den, azken hitza irakurleak duela azaldu nahi izan du, bakoitzak era batean interpretatu dezakeelako. Hala ere, ipuinez ipuin agertzen diren aipaturiko elementuak eta tonuak liburua blai-tzen dute.
Izaera kolektiboa, askotariko distan-tzia, bestekotasuna eta norbera eta bestearen arteko talkak jorratzen ditu Arrulak bere aurreneko liburuan. “Istorio autonomoak edo independenteak dira, baina pertsonen arteko inkomunikazioa edo isolamenduaren ingurukoak dira denak”.
Orekaren bila Orain dela lau bat urte erabaki zuen Garazi Arrulak ordutik aurrera idazten zituen ipuinak argitaratzeko izango zirela. “Oreka kontua izan da, noiz pisatzen duen balantzak gehiago alde batera, noiz gorde kaxoi batean idatzitakoa. Pisatzen zidan jada kaxoian gorde-tzen jarraitzeak”, aitortu du tafallarrak. Liburuan bildutakoak baino gehiago dira ordutik idatzitakoak, baina hautaketa egin eta gero, zor-tzi sartzea erabaki du.
Azken hiruzpalau urteetan idatzitako ipuinak dira denak, eta Arrulak azaldu duenez, garaiari eta tokiari oso lotuta daude denak, “bai esplizituki eta bai inplizituki ere”. Nafarroa erdialdean kokatzen dira zortzitik sei ipuin. “Naturala” egin zaio hori Arrulari, Tafallakoa baita. Beste biak Gasteizen kokatu ditu, urteak direlako bertan bizi dela. Zazpi ipuin singularreko hirugarren pertsonan kontatuta daude, eta bat, lehenengo pertsona singularrean.
Itzultzailea ofizioz, hizkuntzaren erabilera biziki interesatzen zaio Arrulari eta horrekin lotuta daude ipuinak ere. “Kuriositatea sortzen dit pragmatikak, oratoriak, zer esaten dugun, zer ez dugun esaten, nola esaten dugun, zer esaten dugun baina zer esan nahi genuen...”. Adibidea jarri du Arrulak: galderak. Ustez, erantzun jakin bat dute helburu, baina beste hamaika funtzio dituzte, informazioa berresteko edota zerbait aurpegiratzeko izan daitezke. Honi lotuta, zera dio: “Ez dakit hizkuntzei duten garrantzia ematen diegun. Hizkuntza ez da soilik komunika-tzeko. Hizkuntzarekin, esan baino gehiago egin egiten dugu, eta uste dut askotan ez garela horretaz kontziente”, dio idazle eta itzultzaileak.
Komunikazioa edo inkomunikazioaren arteko giroa da ipuinetakoa. “Bitxia da, komunikazio planak egiten oso onak garelako, baina aurrez aurre maiz herren ari garela uste dut”, dio Arrulak.
Ipuinzalea da Arrula. Gaztetxoa zenetik idazteko grina du eta ordutik ez dio lumari etenik eman. Fikzioan, batez ere ipuinak idazten ditu. Joera du ipuinak irakurtzeko, baina ez ditu baztertzen saiakerak, eleberriak eta ezta poesia ere.
Lehen liburua du Gu orduko hauek, baina ez aurreneko lan argitaratua. Orgasmus liburuan ipuin bat argitaratu zuen. Hainbat literatur lan ditu euskarara ekarriak, azkena Amelie Nothomben Hodien metafisika. Gustura sentitzen da Arrula idazten eta itzultzen, eta horregatik argi du bietan jarraituko duela: “Desberdinak dira, baina ez dut uste bi jardunak hain urrun daudenik elkarrengandik; beharbada, idaztean erabaki gehiago hartu behar dituzu. Dena den, ez dut uste horrek egiten duela zailago edo errazago, bietan bizitzen ditut satisfazioa eta frustrazioa. Zail nuke, ataka horretan jarriz gero, zeinekin segitu erabakitzea. Hainbeste gauza on daude itzultzeko!”.