Síguenos en redes sociales:

Cristina Iglesiasek Santa Klarako itsasargian egingo duen proiektua aurkeztuko du datorren asteko Mugak bienalean

Mugak bienalaren arduradunek adierazi dutenez, eskultura hori Udalaren jabetzakoa izango da eta Donostiarentzat "obra enblematiko" bihurtzea da helburua

Cristina Iglesiasek Santa Klarako itsasargian egingo duen proiektua aurkeztuko du datorren asteko Mugak bienaleanFoto: Rubén Plaza

DONOSTIA. Iglesiasen eskultura udal jabetzakoa izango da, duela hilabete batzuk eskultore donostiarrak eta Eneko Goia Donostiako alkateak sinatutako hitzarmen bati esker. Hitzarmenaren arabera, eskultoreak dohaintzan emango du obra bera eta obraren diseinu zein gainbegiratze prozesua. Cristina Iglesias artista donostiarrak Mugak Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalean parte hartuko du datorren ostegunean, urtarrilaren 18an, eta hitzaldia emango du Donostiako Miramar jauregian. Bertan, Santa Klara uharteko itsasargia eskultura publiko bihurtzeko osatzen ari den proiektuari buruz hitz egingo du. Eskultura hori Donostiarentzat "obra enblematiko" bihurtzea da helburua, Mugak bienalaren arduradunek adierazi dutenez.

Horregatik, hitzaldian, alkateak aurkeztuko du Cristina Iglesias. Hitzaldia 12:00etan izango da, Miramar jauregian, donostiar guztiei irekita. Sarrera doakoa izango da, harik eta eserleku guztiak bete arte.

Artistaren helburua da itsasargiaren etxea eskultura publiko bihurtzea, Kontxako badiaren atzealdea irudikatuz, brontzezko edalontzi handi bat protagonista duela, eta, era berean, itsasaldiek eragindako aldaketak ispilatuz. Hala, Iglesiasek bere obra gehituko dio Donostiako kostaldeko arte multzoari, lehendik ere hor baitaude Eduardo Txillidaren "Haizearen orrazia", Jorge Oteizaren "Eraikuntza hutsa" eta Nestor Basterretxearen "Bakearen usoa".

ALEX ANMAHIAN

Bestalde, Mugak bienalak beste hitzordu izango du ostegunean bertan, Miramar jauregian. Cristina Iglesiasen hitzaldiaren aurretik, 10:00etan, Alex Anmahian arkitekto estatubatuarrak "Mugak gaindituz" hitzaldia emango du. Ekipamenduaren, zuraren eta diseinuaren sektoreko euskal enpresen Cluster Habic elkarteak gonbidatu du Anmahian. "Diseinu prozesu baten baitako elementu inspiratzaile eta sortzaile gisa" mugen izaerari buruz hitz egingo du bere agerraldian.

Arkitekto estatubatuarra Anmahian Winton estudioko bazkidea da. Estudioak Cambridgen (Massachusetts) dauka egoitza nagusia, eta ospetsua da bere diseinuengatik. Bere obren artean nabarmentzekoak dira Arraunketa Zentro Komunitarioa (Boston) edo Arkeologiako Joukowsky Institutua, Browngo Unibertsitatean.

Gainera, aurten bi American Architecture Prize irabazi ditu, Gemma Behatokiaren diseinuagatik (New Hampshire) eta Ankarako (Turkia) bulego dorre batengatik. Donostian, bere lan filosofia azalduko du, bi kontinentetan egindako eta haien artean oso desberdinak diren lau lanen bitartez.