DONOSTIA. Zinemaldiko arduradunek jakinarazi dutenez, Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioko (FIPRESCI) kideek "Toivon tuolla puolen / The Other Side of Hope" izendatu dute 2017ko film hoberena. Botazioan mundu osoko 576 kritikarik hartu dute parte, eta 2016ko uztailaren 1etik estreinatu diren film guztien artean aukeratu dute Finlandiako ekoizpen hau.
Honako hauek izan dira beste bi finalistak: Barry Jenkins estatubatuarraren "Moonlight" (Ilargi argia) eta Perlak sailean programatutako Ildikó Enyedi hungariarraren "Testrol és lélekrol / On Body and Soul" (Buru eta bihotz).
Aki Kaurismäki (Orimattila, Finlandia, 1957) zinema garaikideko europar zuzendari garrantzitsuenetakotzat jotzen dute. Bere filmografiako funtsezko hainbat lan klasiko moderno bihurtu dira, adibidez, "Ariel" (1988), "Tulitikkutehtaan tyttö / The Match Factory Girl" (1990), "Kauas pilvet karkaavat / Drifting Clouds" (1996), "Mies vailla menneisyyttä / The Man Without a Past" (2002) eta "Le Havre" (2011). "Toivon tuolla puolen / The Other Side of Hope" filmarekin zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen Berlineko azken zinemaldian.
1999an sortu zenetik, maila handiko zinemagileak izan dira Fipresci Sari Nagusiaren irabazle, besteak beste, Pedro Almodóvar, Michael Haneke, Cristian Mungiu, Paul Thomas Anderson, Jean-Luc Godard, Richard Linklater, Roman Polanski, George Miller eta Maren Ade. Aki Kaurismäkik Donostia Zinemaldiaren hasiera galan jasoko du Fipresci Sari Nagusia, irailaren 22an, Kursaal auditorumean.