Donostia - Euskal musikaren benetako historia umorez, musikaz eta euskaraz betetako antzezlana da. Gaur eta bihar Donostiakko Victoria Eugenia Antzokian izango da ikusgai eta hurrengo hilabeteetan, Soraluze, Azpeitia, Hernani, Andoain eta Gipuzkoako beste hainbat herritan ere izango da.

Nola sortu zen proiektu hau eta zein izan ziren oinarriak?

-Patxo Telleria: Duela bi urte pentsatu genuen ondo egongo zela hurrengo ikuskizunean musikaz baliatzea. Azkenean, euskararen historia sonoroa sortzea bururatu zitzaidan.

-Mikel Martinez: Aspalditik genuen buruan musikarekin zerbait egitea. Bereziki interesatzen zaizkigu kantetan dauden testuak, horrekin jolasten dugu.

Antzezlanak egiazko historia kontatzen al du?

-P.T.: Gaizki egingo luke guk esandakoa haintzat hartzen duenak, gure piurak ikusitakoan sumatzen da zein seriotasun duen. Musikologo batek gure akatsak apuntatuko balitu, boligrafoa azkar bukatuko litzaioke.

-M.M.: Baina denean bezala, badago egiakoa den zerbait. Jendearengan sortu dezakegun emozioa benetakoa da. Batzuetan, ironiarekin ere benetazko gauzak esan daitezke.

-P.T.: Hala ere, jendea dokumenta-tzeko helburutik oso urrun gaude.

Zergatik aukeratu duzue musikaren gaia? Zein balio du?

-P.T.: Musikak edozerk baino errazago hunkitzen ditu ikusleak. Kanta bat entzutean, garai bat, une bat, etortzen zaizu gogora. Memoria gordailu bat da. Alde batetik, umorea sortzeko balio digu, eta bestetik, emozioetara jotzeko erabilgarria da.

-M.M.: Gainera, guk beti jolastu dugu euskararekin eta euskaldunon bizimodu eta topikoekin, eta oso ondo islatuta daude gure abestietan.

Euskarak garrantzia handia du zuen lanetan. Zein modutan jolasten duzue honekin?

-P.T.: Euskara gure lanen oinarrian dago eta hitz jokoak egin ohi ditugu. Kasu honetan, abestiak genituen eta hori erabili dugu modu oso ezberdinetan. Adibidez, eszena batean, elkarrizketa kantekin osatu dugu, eta beste batean, Xenpelar eta Iparragirre hitz egiten jarri ditugu. Animaliak aipatzen dituzten abestiak ere erabili ditugu eta txorien kantu guztiekin bakar bat egin dugu, esaterako.

-M.M.: Igogailuko elkarrizketa batean, adibidez, naturarekin lotura duten abestiak erabili ditugu eguraldiari buruz hitz egiteko.

Umoreak zuen ezaugarri nagusia izaten jarraitzen du...

-M.M.: Jendeak oso ondo pasatzeaz gain, umorearekin dramarekin baino gauza serioagoak esan daitezke. -P.T.: Gainera, urratzaileagoa izan zaitezke, bide hori irekitzen dizu.

Nola erabaki duzue zein kantu erabili?

-P.T.: Nahiz eta ikuskizun zoroa izan, bere logika du. Euskal musikaren historia kontatu nahi badugu, hasieratik hasi behar dugu: Paleolitikoarekin. Gero Erdi Aroa, XIX. mendea, Ez Dok Amairu, rock erradikala eta beste hainbat une ukitzen ditugu orden kronologiko batean, maiz hortik ateratzen bagara ere.

Barre eragiteko orduan, abesti identifikagarriak izatea kontuan izan duzue?

-P.T.: Derrigorrez. Umoreak beti eskatzen du erreferentzia. Ezin duzu barre egin ezagutzen ez duzunaz, eta horregatik, kantak ezagunak izatea izan da irizpide nagusia. Ez dugu gure kanta kuttunen bilduma egin. Herrikoiak eta autoreenak daude, baina denak ezagunak. Ba-tzuek esan digute gure adina nabari dela, azken hamar urteetako abestiak ez baitira agertzen. Gure ustez, oraindik ez dute pasa denboraren filtroa, ez daude gure imaginarioan.

Antzezlana ikustera etortzen denak zer topatuko du oholtzan?

-P.T.: Normalean, horrelako lanetan bi pertsona egoten dira eszenatokian. Kasu honetan, bost gara, hiru musikari-aktore gurekin egongo baitira. Musikariak dira, baina ekintzan parte hartzen dute. Ez daude barruan, ikuskizunaren parte dira. Joera dago gero eta antzezle gutxiago erabiltzeko eta hau ez da normala. Baina egin nahi genuen eta egin dugu.

Euskal musika ondo zaintzen da? Zuen obrak hori berreskuratzeko balio du?

-P.T.: Dudarik gabe. Barre eragitea da gure helburua, baina gure kantutegia altxor bat da. Antzezlan honek horren alde egingo du. Gainera, jendeak ez daki zenbateraino ezagu-tzen duen kantutegia: 200 kanta erabili ditugu eta publikoak ia guztiak ezagutuko ditu.

-M.M.: Harrituta gelditzen dira egin daitezken joku guztiekin eta hori oso pozgarria da guretzat.