DONOSTIA. "Mother!", Jennifer Lawrence, Javier Bardem eta Michelle Pfeiffer protagonistekin, Darren Aronofskyren (New York, 1969) film berria da. Besteak beste, lan hauen egilea da Aronofsky: "Pi" (1998), zuzendari onenaren saria Sundancen; "Requiem for a Dream" (2000) kultu-filma; "The Wrestler" (2008), Urrezko Lehoia Venezian; eta "Black Swan", emakumezko aktore onenaren Oscar saria (Natalie Portman). Bere azken ekoizpena Veneziako zinema-jaialdian lehiatuko den thriller psikologikoa da.

"The Florida Project" film txalotuenen artean egon zen Canneseko azken zinema-jaialdian, Errealizadoreen Hamabostaldian parte hartu zuenean. Sean Baker (Summit, Estatu Batuak, 1971) zuzendariak sei urteko neskato bati eta haren lagunei hitz buruz egingo digu lan honetan: haurrak udako oporraldian daude; haien inguruko helduek, aldiz, une gogorrak bizi dituzte. Aurrez, 2015ean, "Tangerine" aurkeztu zuen Sundancen, bere laugarren film luzea, osorik iPhone batean filmatutako lehena, eta hogei bat sariren irabazlea.

Robert Guédiguian (Marseilla, Frantzia, 1953) zuzendariak -"Marius et Jeannette" (1997), emakumezko aktore onenaren Cesar saria Ariane Ascariderentzat; "Marie-Jo et ses 2 amours" (2002), Cannesen lehiatutako filma; eta "Les neiges du Kilimandjaro" (2012), Un Certain Regard sailerako aukeratua- bere ohiko konplizeak bildu ditu "La villa" / "The House by the Sea" filmaren antzeztaldean; hain zuzen ere, hiru anai-arreba filmatu ditu, negu betean berriz aurkitzen direnean, aitak Marseillatik gertuko kala batean duen etxean.

MICHAEL HANEKE ETA HIROKAZU KOREEDA

Michael Hanekek (Munich, Alemania, 1942), gaur egungo zinemagintzako zuzendari garrantzitsuenetako batek, "Happy End" aurkeztuko du. "Funny Games" (1997), "La pianiste" (2001), "Das Weisse Band" (2009) eta "Amour" (2012) filmen egileak ehun bat sari jaso ditu bere lan-ibilbide osoan nazioarteko zinema-jaialdi eta golardo artean. "Happy End", Europako burges familia baten bizitzaren bat-bateko argazkia, Canneseko sail ofizialerako aukeratu zuten.

Hirokazu Koreeda (Tokio, 1962) lau aldiz izan da Urrezko Maskorra lortzeko lehian -"Wandafuru raifu" / "After Life" (1998), "Hana yori mo naho" / "Hana" (2006), "Aruitemo, aruitemo" / "Still Walking" (2008) eta "Kiseki" / "I Wish" (2011), gidoi onenaren sariaren irabazlea-, eta bitan jaso du Donostiako Publikoaren Saria: 2013an "Soshite chichi ni naru" / "Like Father Like Son" filmarekin eta 2015ean "Umimachi Diary" / "Our Little Sister" filmarekin. "Sando-me no satsujin" / "The Third Murder", Venezian lehiatuko den filmetako bat, bere bezeroaren erruduntasunaz zalantza egiten duen abokatu bati buruzkoa da.

Xavier Legrandek zaintza partekatua duten guraso dibortziatu batzuen seme baten istorioarekin egingo du film luzeen zuzendaritzan debuta, Avant que de tout perdre film laburrarekin Cesar saria, Clermont-Ferranden 4 sari eta Oscar sarietarako izendapena lortu ondoren. "Jusqu'à la garde" / "Custody" Veneziako sail ofizialerako aukeran sartu da.

Martin McDonaghek (Camberwell, Erresuma Batua, 1970) fikziozko film labur onenaren Oscar saria irabazi zuen "Six Shooter"-ekin (2004). Haren lehen film luzeak, "In Bruges"-ek (2008), jatorrizko gidoi onenaren BAFTA saria eta kategoria bereko Oscarrerako izendapena lortu zituen; bigarrenak, "Seven Psychopaths"-ek (2012), aldiz, Midnight Madness saileko Publikoaren Saria irabazi zuen Toronton. "Three Billboards Outside Ebbing", "Missouri"-rekin Venezian lehiatuko da, filmean aurrez aurre jarririk, batetik, alaba duela hainbat hilabete erail zioten ama bat, erruduna atxilotu gabe jarraitzen duenean, eta bestetik, herriko polizia, Woody Harrelson eta Sam Rockwellek hezurmamitutako bi agente buruan.

Bere kamera Afganistaneko daniar erregimentu batengana bideratu ("Armadillo") eta "True Detective" telesailaren kapitulu bat filmatu ondoren, "Borg/McEnroe" aurkeztuko du Janus Metzek (Danimarka, 1974). Suediako eta Estatu Batuetako tenis-jokalari horiek 1980ko Wimbledon txapelketan elkarren aurka jokatutako partida islatuko du filmak, eta hasiera emango dio Torontoko zinema-jaialdiari.

LYNNE RAMSAY ETA PAOLO VIRZÌ

Lynne Ramsay (Glasgow, Erresuma Batua,1969) Cannesen lehiatu zen bere aurreko filmarekin, "We Need to Talk About Kevin" izenekoarekin (2011), eta, horrez gain, zuzendari onenaren eta Europako emakumezko aktore onenaren British Independent Film Awards sariak irabazi zituen. "You Were Never Really Here", eskoziar zinemagileak idatzi eta zuzendua, gidoi onenaren eta gizonezko aktore onenaren (Joaquin Phoenix) sarien irabazlea izan da Canneseko azken zinema-jaialdian.

Paolo Virzì (Livorno, Italia, 1964) gaur egungo italiar zinemagile garrantzitsuenetakoa da. Haren filmografian nabarmentzekoak dira "Il capitale umano" / "Human Capital" (2013), gidoi, zuzendari eta emakumezko aktore onenaren David de Donatello sarien irabazlea, eta haren azkenaurreko lana, "La pazza gioia" / "Like Crazy" (2016), film onenaren eta, berriz ere, zuzendari eta emakumezko aktore onenaren David sarien irabazlea. "The Leisure Seeker", Helen Mirren eta Donald Sutherland aktoreek protagonizatua, Estatu Batuetan filmatzen duen lehen lana da eta Venezian lehiatuko da.

Film horiek gehitu zaizkie aurretiaz jakinarazi diren lan hauei: "Teströl és lékekröl" / "On Body and Soul", Ilkidó Eneydirena; "Nelyubov" / "Loveless" Andrey Zvyagintsevena; "120 battements par minute "(120 BMP) / "120 Beats Per Minute", Robin Campillorena; "Wonderstruck", Todd Haynesena; "The Big Sick", Michael Showalter-ena; "Call Me By Your Name", Luca Guadagninorena; eta "Loving Pablo", Fernando León de Aranoarena, lehiaketaz kanpo saila itxiko duen filma.

Donostia Hiria Publikoaren Sariak bi errekonozimendu egiten ditu: film onenaren saria, 50.000 eurokoa, eta Europako film onenaren saria, 20.000 eurokoa.