Marketin mezu bat eraikitzeko superlatiboa erabili beharrean garela esango digu komunikazioan aditua denak. Ikuslegoaren arreta jaso-tzeko produkturik merkeena edota produkturik hoberena iragartzeak bozgorailu efektua sortzen omen duela. Hirien publizitatea egiteko garaian, tankerako mezuen leloek funtzionatzen dute nabarmentze-estrategian: hormigoiz egindako lehen eraikina edota munduko haize-orratzik altuenaren lorpenak, adibidez, balioan jartzen dira.

Publizitate aldarrikapena alde batera utziaz, arkitekturaren eraikuntza garai bakoitzeko (eraikuntza) ezagutzaren irudia da, eta horren bitartez lekuaren irakurketa historiko, sozial eta ekonomikoa burutu daiteke. Esan nahi da, lehen aldiz material berri bat eraikun-tzan erabiltzea edo egitura baten aukerak estreinakoz probatzen direnean, gizartearen aurrerapen teknologiko eta historiko baten errekonozimendua dagoela atzetik.

Hondarribiako etxebizitza promozio batek egurrezko eraikuntzan egindako berrikuntza dela eta, estatu espainiarreko komunikabideen arreta piztu du (Eusko Jaurlaritzak abiatutako proiektua izanagatik aditzera emateko egin den esfortzuaren ondorio). 65 etxebizitza eraikiko dira -salmentan eta alokairuan-, bi blokeetan banaturik. Orain arte Eusko Jaurlaritzako etxebizitza sailaren komunikazio taldeak etxebizi-tza kopuru handien datuak emateko mezua baliatzen zuen; aurrerantzean etxebizitza eredu “jasangarriagoak” lortzeko bidearen lanketan oinarrituko omen du mezua. Bada aurrerapen bat. Etxebizitzen energia aurrezpenerako bideak trebatu nahi dira, esan ohi baita etxebizitzetan egiten dugula energia kontsumorik handiena, gure etxeen berotze eta hozte beharrak direla eta.

ARKITEKTURA, ISPILU Hondarribiako proiektua made in Euskal Herria izateagatik gerturatzen da jasangarritasunaren helburura. Izan ere, egurra gure basoetan hazi eta moztutakoa da (gure etxe gehienetako egurra Galiziatik edo urrutiagotik dator), egurraren tratamendua eta industrializazio sistemaren eraikitzaileak bertakoak dira (Eako Egoin enpresa) eta tokiko arkitekto bulegoaren gidaritzapean egin da (Ekinn arkitekto bulegoa).

Tokiko eskulana, jakintza eta materiala erabiltzeak berebiziko garrantzia du eraikuntza prozesuaren energia aurrezpenean, askotan gutxiesten den arren. Jasangarri izatearen adiera bat baita, eraikuntzak kokatzen deneko paisaia eta gizarte-ezaugarrien adierazgarri izan beharko lukeela, nahiz eta garaikidetasunak -kapitalismoak?, gizartearen garapenak?- lotura natural hau puskatu duen. Arkitektura hiri eta herrialde baten ispilu bihurtu daiteke, superlatibo-teknikaren laguntzarik gabe, berau ikusterakoan bertako baliabide naturalak erabiltzen badira eta gizartearen artisautza edo teknologia mailaren isla bada. Ikuspegi hau subiranotasunaren kontsumo ereduaren ildoan dago, arkitekturan aplikatua.

EGUR LAMINATUA Euskal paisaia erabat aldatu da azken hamarkadetan, pinuaren basogintzak errentagarritasuna eman izan duelako (antza gainbeheran dago egun). Pinus erradiata-ren ekoizpenak, berriz, eraikuntzarako desabantaila handia du, ez baita kalitatezko egurra erresistentziari dagokionean. Hondarribiako etxebizitza blokeetako egituran CLT (Cross Laminated Table) egurra erabili da. Hau da, ez da egur naturala, pinuaren erresisten-tzia handitzeko lamina desberdinen gainjartzea egin delako. Egur mota pobre honi eraikuntza-irtenbide bat emateko aukera ona da laminatze industrializazio hau. Panel hauek egitura izateko balio dute, zutabe eta habe klasikoak ordezkatuz. Panel hauekin kaxa bat osatzen da, lurra, pareta eta estalkiarekin egitura zurrun bat lortuz. Zerikusirik ez du Euskal Herriko arkitektura tradizionalaren egurrezko egiturarekin.

Egurraren industrializazioaren berrikuntza honek azkartasun handiarekin eraikitzeko abantaila du. Eta eraikun-tza epeak murriztean, kostuak txiki-tzen dira. Timelapse asko aurki daitezke interneten non modu adierazgarrian erakusten den nola eraikitzen diren Hondarribiako etxebizitzak, kartoizko maketa bat bailiran. Egurrezko kaxa hauen jasangarritasun zigilua ematen duten isolamendua da, passivhaus ereduari jarraiki: bizi-espazioak kanpoaldetik babestuago izatean, energia gutxiagorekin berotu eta hoztea errazten da.

Guztiarekin, notizi ona da Euskal Herriko egurrezko egituran aurrerapenak egin izana eta, horrekin batera, gurea den arkitektura paisaia eraiki-tzen hastea.