Ahozko transmisioari esker, garai bateko musika eta ohiturak gaur egunera ekartzea posible izan da Euskal Herrian. Zuberoako kantu tradizionalek, bereziki, indar handia izan dute eta hori guztia ikusgai izango da Zuhainpeko soinuak ikuskizunean, Jean Mixel Bedaxagar eta Juan Mari Beltran musikariek sortua, Mireia Gabilondo antzerkigileak zuzendua eta Syntoramak antolatua. Proiektu berri honen estreinaldia bihar izango da Kursaal auditorioan, 19.00etan.

“Garai batean, udako iluntzeetan, baserri inguruetan elkartze bat egiten zen egunari bukaera emateko. Zerbait jaten zuten, batek musika jotzen zuen, beste batek kantatu, beste batek zerbait kontatu”, azaldu du Gabilondok. Gai hori abiapuntu harturik egituratu du ikuskizuna, “zentzu” bat eman nahi baitzion. “Nahi dugu ikustea nondik sortzen den elkar egoteko, kantatzeko, dantzatzeko gogoa, eta bertatik aterako dira kantuak eta kontuak ikuskizunean”, adierazi du zuzendariak. Istorio txikiak egongo badira ere, musika izango da nagusi.

Bedaxagarrek adierazi duenez, kantua, musika eta dantza elkartuko dira oholtza gainean. “Zuberoako kanta tradizional asko egongo dira, batzuk oso ezagunak, herrikoiak, eta beste batzuk, ez hainbeste”, azaldu du kantariak: bere disko batzuetako abestiak agertuko dira, berak asmatutakoak, baina ez dira bakarrak izango. Gainera, “musikan gutxitan ikusten diren” txirula, ttunttuna eta beste hainbat tresna erabiliko dituzte. Iparraldetik, Bedaxagarrekin (ahotsa, txirula, ttunttuna) batera, Mixel Etxekopar (ahotsa, txirula, ttunttuna, dantza), Mathieu Mendizabal (ahotsa eta dantza) eta Sacha Standen (biolina) izango dira.

Bestalde, Hegoaldeko taldea Juan Mari Beltranek (txalaparta, alboka, oboea, perkusioa), Aitor Beltranek (txalaparta, harmonika, perkusioa), Ander Barrenetxeak (txalaparta, perkusioa) eta Maider Ansak (ahotsa) osatzen dute. “Ikuskizunean erabiltzen ditugun tresnak eta musika garai batekoak dira eta horretarako, Aralar inguruan ibili gara, artzainek kantatzen zutena eta egiten zutena ikasteko”, azaldu du Beltranek. Gainera, artaldean oinarritutako hotsak ere sortu dituzte, eta naturarekin lotu daitezkeen doinuak ere landu dituzte: “Modu batean, hori ere transmisioa da”, gaineratu du. Baserrietako abestiak, beraien arteko harremanetarako erabiltzen zirenak, erabili dituzte ikuskizunean, eta Gabilondoren iradokizun batengatik, zuhaitzaren figura jarri dute. “Kantutegian ere oso gauza inportantea da: arbola izan da biltokia, transmisio tokia eta plaza, eta garrantzia hori azpimarratu nahi izan dugu”, gaineratu du Beltranek. Hegoaldeko ekarpenari dagokionez, alboka sartzea funtsezkoa iruditu zaie, “gaur egun Iparraldean ez baita asko ezagu-tzen”.

Ikuskizunaren lehenengo zatian, Iparraldeko musikariak arituko dira; ondoren, Hegoaldekoei tokia utziko diete eta bukaeran, guztiak elkarrekin arituko dira. “Zuberoako hainbat kantu gure txalapartarekin uztartuko ditugu, euren abestiak jantziko ditugu gure musikarekin”, gaineratu du Beltranek. Aipatu duenez, abesti oso zaharrak egongo dira, eta beste batzuk oso berriak, “baina guztiak giro horretan sortutakoak izan dira”. “Nahasketa atsegina izango da”, gaineratu du Bedaxagarrek, eta bere ustetan, kantuen inguruko giro “polita eta arraroa” sortuko da. Guztia, noski, dantza zati batzuekin tartekatuz.

Bestalde, oholtza gainean musikariak egongo dira, jantzi bereziekin eta Naiel Ibarrola ilustratzaileak egin dituen irudiak proiektatuko dira; marrazkiak dira eta mugimendua dute kasu askotan. Nestor Basterretxea eskultoreari ere omenalditxo bat egingo diote, hosto itxura duen lan bat erakusten.

Beltranek adierazi duenez, tradizioa izango da ikuskizunean, baina ez da zaharra izango. “Batzuek tradizioa lotzen dute zaharrarekin baina ez da hala, berria da; ez da existitzen gaurkoa ez den tradizioa”, baieztatu du musikariak, bere ustetan, betikoa aldaketa baita. “Bakoi-tzak zerbait ematen dio ezagutu duen horri eta gu ere hori egiten saiatu gara ikuskizunean”, azaldu du Beltranek.

“Konplizitate handia”

Proiektu honen hasiera iaz, urrian, Bedaxagarrek atera zuen diskoan egon zen. Syntoramako kideak proiektua aurrera eramaten hasi ziren eta orduan, musikari zuberotarrarekin hitz egin zuten, bertan parte hartu zezan. “Euskal transmisioari buruzko proiektua da eta bertarako hainbat abesti ezberdin prestatu ditugu denak batera”, azaldu du. Gainera, Beltranek ere segituan esan zion baietz proiektuari, eta gogotsu hartu zuen parte. “Gu proiektuan sartu ginenean, zuberotarrak nahiko aurreratu zuten eta euren lanean gure proposamenak sartzen joan ginen”, azaldu du musikari donostiarrak. Narrazioak lan-tzen hasi ziren eta herri musikan transmisioa nola ematen den, “hariari jarraitzen diona baina beti berritzen dena”.

“Juan Mari eta ni aspaldiko lagunak gara eta konplizitate handia izan dugu lan egitean”, jarraitu du Bedaxagarrek. Lehen musikan batera aritutakoak ziren eta bazekien oso musikari ona dela: “Orain, hala erakutsi dit berriz ere”. “Txalaparta poliki-poliki jotzen hasten zen entseguetan, eta nik esaten nionaren arabera, aldatzen joaten zen; oso ondo moldatu gara”, adierazi du. Gipuzkoarrak ere hori baieztatu du. Elkartu diren bakoitzean, zerbait berria atera dela gaineratu du eta asterik aste pila bat aldatu da errepertorioa. “Jotzen hasi nintzen batzuetan eta horrela jarraitzeko esan zidaten; elkartutakoan, jarrera oso irekia eta sortzailea izan dugu lanerako”, azpimarratu du, eta gehitu duenez, denbora guztian etxeko lanak izan dituzte, entsegutik entsegura gauza berriak prestatzeko: “Asko ikasi dugu”.

Gabilondo proiektura iritsi zenean, ikuskizunari forma pixka bat emateko eskatu zioten, eszenaratzea zaintzeko. “Horrela hasi nin-tzen musikariekin hitz egiten; musika banekien baina ez nuen gehiegi ezagutzen, eta niretzat polita izan da eurekin gelditu garen uneetan musika entzutea eta ahotsak nola lantzen dituzten ikustea”, onartu du antzerkigile eta zuzendariak. Horrelako gauzak beti izan ditu gustuko Gabilondok. “Gure tradizioko gauza ezberdinak bateratu ditugu eta niretzat disfrute bat izaten ari da”, adierazi du. “Musika tresnak ere ezberdinak dira, eta istoriotxoak... nik uste dut emozioaren bidez asko ikasiko dutela ikusleek”, gaineratu du, publikoarentzat zerbait berria izango dela uste baitu.