DONOSTIA. Agertokiei dagokienez, Trinitate plazatik igaroko dira Charles Lloyd eta bere laukote berria, John Medeski Mad Skillet laukotearekin, Kamasi Washington, Donny McCaslin, Macy Gray, Lucky Chops, Gregory Porter eta Abdullah Ibrahim eta Hugh Masekela elkartzen dituen Jazz Epistles taldea.

Kursaal Auditoriumaren aretoan bost emanaldi izango dira, eta Wayne Shorter, Hiromi eta Edmar Castañeda, Robert Glasper eta Experiment! taldea, Herbie Hancock eta bere boskotea eta Bryan Ferry izango dira protagonistak.

Halaber, Heineken Agertoki Berdeak, ikus-entzule gehien bildu ohi dituenak, The Pretenders, Sir The Baptist, Cory Henry, Snarky Puppy, Niña Coyote eta Chico Tornado, Fantastic Negrito, Lucky Chops, King Creosote eta Montreal taldea bilduko ditu.

Gainera, Victoria Eugenia antzokian europar jazzaren hainbat sortzailek euren lanak eskainiko dituzte, hain zuzen, Chano Dominguez eta Stefano Bollani, Atmosphères, Arfolia Libra, Marco Mezquida eta Chicuelok.

San Telmo museoaren patio estaliari dagokionez, Iñaki Salvadorren laukoteak Thelonious Monk gogoratuko du, Deborah Carterren boskoteak Ella Fitzgerald, Chris Kaseren seikoteak Dizzy Gillespie, eta Mikel Anduezaren zazpikoteak John Coltrane. San Telmoko zikloa Elena Setien abeslari donostiarrak osatuko du, disko berria aurkeztuz.

Horrekin guztiarekin batera, beste agertoki batzuetan (Skoda gunea, Frigo agertokia, Coca-Cola gunea eta abar), Uri Caine, Ernie Watts, Ray Gelato, Gabacho Maroc, Houston Person, Kevin Mahogany, Rajab Suleiman & Kithara de Zanzíbar edota Anna Meredith entzuteko aukera izango da.

Heineken Jazzaldiaren 52. edizioaren sarrerak otsailaren 23an jarriko dira salgai, goizeko 11:30ean, heinekenjazzaldia.eus, donostiakultura.eus/sarrerak eta kursaal.org web orrien bitartez.

Victoria Eugenia antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan ere erosi ahal izango dira.