BILBO. Orain denbora gutxi pastoral horrek ikus-entzuleen txaloak jaso ditu Pariseko Le Chatelet antzoki ospetsuan. Bertara joan aurretik, estreinaldia izan zen Atharratze-Sorholüzen, eta Otsagabian ere ikusi ahal izan zen ondoren. Pierre-Paul Berzaitzen musika duen Jean Pitrau pastorala, bere bizitza osoan nekazari txikien alde lan egin zuen eta Europako nekazaritza arloko sindikalismoaren aita sortzaileetakotzat hartua den Jean Pitrau (1929-1975) Atharratzearrari eskainitako omenaldia da. Ohiberritze lanak pastoral horren hoberena eskaintzen du, eta Dantzaren botzak pieza laburrarekin osatuko da. Azken pieza horrek Ttitika Récalten testuak ditu, eta Tehenta kanta taldeak eta Juhane Etchebesteren dantza konpainiak antzeztuko dute.

Euskal kutsu nabarmena izango duen musika asteburua igandean, otsailaren 19an, osatuko da, Kepa Junkeraren emanaldiarekin, oraingo honetan, abestu, dantzan egin eta mota guztietako perkusioak jotzen dituzten emakumez osatutako Sorgiñak taldeak lagunduta. Denen artean Maletak izeneko musika eta ikus esperientzia osatuko dute, antzinako tradizioen, munduko erritmoetan inspiratutako sorkuntzako musiken eta ikus-entzuleen energiaren arteko topaketa. Horrez gain, ikuskizunak gonbidatu bereziak izango ditu, Aitzol Atutxa aizkolaria, Karmele Gisasola harri-jasotzailea, Iturengo Joaldunak? beste ezusteko bikain askoren artean. Kontzertu berezi hori arratsaldeko 19:00etan hasiko da.