donostia - Bere jaioterrian hainbesteko garrantzia duen itsasoa, argiak forma ezberdinetan eta esperantza asko ageri dira Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak poema bilduman. Mikel Etxaburu (Ondarroa, 1969) idazleak lan handia egin du bere olerkien eta bizipenen bitartez, jendeak urrats bat eman dezan: “Begiratzeari utzi eta ikusten hasi behar dugu, eta horretarako kontzientzia beharrezkoa da”, azaldu zuen atzo egileak, Blas de Otero Sariari esker Erein argitaletxearekin plazaratu duen liburuaren aurkezpenean.

Bertan “arnas” ezberdinak bildu ditu Etxaburuk, maitasuna, bakardadea eta kartzelaldia, besteak beste, eta bere bizitzako une ezberdinek utzitako orbainetatik abiatu da enpatiaz eta kritikotasunez betetako lan hau sor-tzeko. “Gauza ezberdin askoz idatzi dut, nire burua sortzen jarri dut eta hau da emaitza; guztiak lotura bat edo hari bat du, eta horrela eman diot forma bildumari, askotariko olerkiak ba-tzen dituena”, esan zuen Euskal Filologian lizentziatua eta HUEZIn irakaslea den idazleak.

“Barneko bulkada baten ondorioz hasi nintzen liburua idazten, ondo itxi gabeko orbainen ondorioz, eta jendea ikusi behar dugula azaldu nahi izan dut”, esan zuen idazle bizkaitarrak, eta horregatik etxegabeak, yonkiak eta beste “esperantzagabeek” presentzia handia dute poesia bilduman. “Hala ere, itxaropen pixka batekin hitz egin dut hauetaz”, gaineratu zuen Etxaburuk, bere ustetan, pertsona hauek eurek ikustea nahi dutela argudiatuz. “Guztiok jarrera hipokrita dugu askotan, eta saiatu beharko ginateke besteen lekuan jartzen”, nabarmendu zuen idazle eta irakasleak, bere ustetan, guztiok hori nahi baitugu. “Ez dugu zerura begira ibili behar, behera begira baizik bizitza planeatzen”, gaineratu zuen.

Idazlearen iritziz, poesia tresna bezala erabili daiteke, eta bere helburuetako bat jendeak norbanakoan inbertitzea da. “Poesiak zurrunbilotik ateratzea bultzatzen du eta indar handia du, lehenengo sentitu egiten baita eta gero, ulertu”, azpimarratu zuen eta berak, sortzaile bezala, bere olerkiak iraultzaileak izatea eta edukia edukitzea gustatzen zaio. “Poesia ez da soilik errealitatea isla-tzeko, eraldatzeko indarra dauka eta hori erabili nahi izan dut”, esan zuen. Gainera, kritikotasun bat ere eskatu zuen literaturarentzat, gauzak aldatu behar direla uste baitu Etxaburuk. “Gutxi batzuk ahal duguna egiten badugu, edukia ematen badugu, korronteak sortuko ditugu eta hori beharrezkoa da”, adierazi zuen. “Pertsona askeetan sinisten dut: irakurketa kritikoa egiten dutenak -ez titularrei gainbegiratu bat eman- eta horrekin jarduten dutenak”. Bere ustetan, norbanakoan inbertitu behar da gizarte hobeago bat lortzeko.

Bere hirugarren poesia liburua da hau, eta Joseba Sarrionandia, Manuel Bandeira eta beste hainbat poetaren erreferentziak eduki ditu lan egiterakoan, eta “hauen moduan, itxaropenaren aldeko borrokan” sinesten duela azpimarratu zuen. “Batzuek diote poetek exiliotik idazten dugula; nik ez dakit hala den, baina konbentzituta nago, behintzat, esperantza soberan daukagula”, adierazi zuen.