Síguenos en redes sociales:

Mikel Laboa jendaurrean osatuz

Euskal musikariaren eskultura handi batean ari da lanean hilabete honetan Xebas Larrañaga gipuzkoarra, Donostiako Tabakalera zentroan, bertara gerturatzen diren guztiekin bere prozesu artistikoa partekatuz

donostia - Txikitan, irratia entzuten zuenean, Mikel Laboaren hainbat abestiz gozatzen zuen Xebas Larrañaga eskultore azkoitiarrak. Urteak aurrera joan ahala, musikariak leku bat hartu zuen bere biho-tzean, eta horregatik, behin baino gehiagotan bururatu zitzaion bere eskultura bat egitea. Orain jendaurrean eman du pauso hau, eta Mikel Laboaren eskultura bat egiten ari da, publikoari bere lan prozesua erakutsiz, Donostiako Tabakalerako laugarren solairuan, Kutxa Kulturren txokoan. Hilaren 6an hasi zen bertan lanean eta irailaren 4ra arte arituko da bertan, asteazkenetik igandera, 17.00etatik 20.00etara.

Beti buruan eduki badu ere, Mikel Laboaren eskultura egitearen ideia 2010ean hasi zen gauzatzen. “Lagun batekin hitz egiten ari nintzela, txapela eta bufandarekin gogoratzen genuela esan genuen, eta ordutik aurrera, bere irudia askotan etorri zait burura”, dio Larrañagak. Hiru urte beranduago, Mikel Laboa txiki bat egiten hasi zen eta orain, Kutxa Kulturren horrelako bat jende aurrean lantzea zeukala proposatu zien antolatzaileei, baina tamaina handiagoan. “Ez da hutsetik hastea niretzat, eta gainera, ilusio handiz hartu zuten ideia eskultura txikia ikusi eta gero, beraz, gogotsu hasi nintzen lanean”, adierazten du.

Tabakalerako laugarren solairuan tailer txiki bat montatu du Larrañagak: Mikel Laboaren hainbat argazki ditu bertan, eta Interneten bideoak ere bilatzen ditu lanean ari den bitartean. “Mugimendua ikusten dut eta horrek formaren nozio hobea ematen dit. Pertsona aurrean eduki gabe egitea oso zaila egiten zait, eta horregatik, ingurune honetan ari naiz lanean”, azaltzen du. Proiektu berri batekin hastean, egitura metaliko bat erabiltzen du hezurdura moduan, eta ondoren buztina poliki gehitzen dio, forma emateko. Arte abstraktuan ere ari-tzen da, baina lan egiteko modu ezberdinak dira. “Kasu honetan, zer egin nahi dudan jakitea zailagoa da, ideia argi edukitzea; figuratiboan, ordea, lan zailena gero hasten da, orain jendaurrean egiten ari naizena, hain zuzen”, azpimarratzen du.

Hau guztia eta gehiago jakingo du harengana gerturatzen denak. “Bidea erakustea emaitza bakarrik erakustea baino interesgarriagoa izan daiteke”, azpimarratzen du artistak. Normalean baino “txukunago” jantzita joan behar du lanera kasu honetan, gainera, eta artelana “nekez” doa aurrera. Dena den, hori “ez da garrantzitsua” artistaren ustez. “Azken finean, berdin du gehiago edo gutxiago egin dudan, badut lan txiki bat ia-ia bukatuta dagoena”, azaltzen du. Egun hauetan ikusi duenez, publikoa artelan handiari begira gelditzen da gehienbat, eta ez zaio hainbeste axola txikiagoa ia amaituta dagoela jakiteak. “Prozesua ikustea gustatzen zaie, ni nola ari naizen ikustea, buztina landu gabe eta pegoteak edukitzeak badu bere indarra”, dio. Larrañagak ez du uste hilabete honetan lana bukatuko duenik eta, ondorioz, bere tailerrera eraman eta eskulturarekin aurrera jarraituko du gero.

Hala ere, ikusleen aldetik era guztietako erantzunak jaso izan ditu egun hauetan: batzuek paso egiten dute eta beste batzuk, aldiz, begira gelditzen dira eta galderak egiten dituzte. “Jende dexente gerturatzen da niregana. Batzuk nahiko lotsatiak dira eta ez didate ezer esaten; beraz, kasu batzuetan ni hurbiltzen naiz eurengana”, kontatzen du Larrañagak. Adibidez, lehengoan, mutiko bat aitarekin gerturatu zen eta eskultoreak buztin zati batekin zalditxo bat egin zion haurrari, horrela biak hitz egiten hasi zitzaizkion eta. Beste batean, ume batekin jolasean, Laboari sudurra kendu zion, eta bihurrikeria horrekin batera gurasoen galderak hasi ziren.

Bi motako jendea inguratu da Larrañagaren txokora: alde batetik, prozesu artistikoan interesa dutenak eta bestetik, artean hainbesteko interesik izan gabe, Laboa ikusita gerturatu direnak. “Gainera, Mikel Laboa oso pertsona maitea zen eta hori ere nabaritu dut”, dio.

Ostegun iluntzean, esaterako, jende asko bildu zen bere inguruan, Kutxa Kulturren udako egitaraua dela eta, eta askok esan zioten Mikel Laboaren berdin-berdina dela, eskultura “hasiberria” duen arren. “Dena den, itxura ematea ez da zaila, nahiko azkar ematen diot, zaila dena bukatzea da, kalitatea, bizitasuna ematea”.

Beste lan batzuk Mikel Laboaren eskultura txikia hasi eta gero, Xabier Leterena egitea bururatu zitzaion eskultoreari eta hasi zuen, bai, baina tailerrean dauka oraindik. “Bestalde, azkenaldian bi aldiz egon naiz Benito Lertxundirekin eta horrelako bat egin nahi niola esan nion”, onartzen du. Momentuz, ez du hasterik izan eta atzeratu egin du, “baina hitza eman nion eta orain nire nahia horrekin hastea da”. Lehenengo formak tailerrean egingo lituzke eta ondoren, tankera bat emandakoan, Oriora joan eta Lertxundi bera aurrean daukala bukatu nahi du.

Pelotazale amorratua izanik,mundu horri lotutako lanak egitea da bere nahia. “Bizirik dauden pertsonekin lan egitea errazagoa zait eta horretan pentsatzen jarri nintzen batean, Irujoren eskultura egitea pentsatu nuen; duela hiru urte inguru hasi nuen, baina denbora falta zela eta, alde batera utzi nuen, momentuz”, azaldu du. Bestalde, azkoitiar baten lana ere egin du: “Atano IIIren eskultura egitea ohore handi bat izan zen niretzat”, aitortzen du, ilusioz.

Bestalde, artistarentzat oso mingarria izan zen hildako Diego Garcia korrikalari gipuzkoarra irudikatzea, ezagutzen baitzuen. “Gainera, ia egunero ikusten dudan eskultura da”. Hala ere, jendeak oso maite du lan hori, eta eskertzekoa da bere ustetan. “Horrelakoetan, publikoari gustatzea beharrezkoa iruditzen zait”, dio.