BILBO - Berbalapikoa, zurruteroa, zarpaila, drogazalea, lotsabako galanta, bere hagin bako aho zantarra bistan duela,... Gehienok traza horrekin ezagutu dugu Shane MacGowan, The Pogues talde mitikoko abeslaria, baina sarritan gertatzen den moduan, bestelako er-tzak ere baditu irlandar poeta eta musikagilearen biografiak. “Gaztetan oso azkarra zen, brillantea”, gogoratu du Unai Elorriaga idazleak, eta anekdota bat jarri du bere adierazpena indartzeko: “Londreseko Westminster Schoolen urtero bizpahiru beka ematen dituzte, ikasle jakin batzuek jasotzen dituztenak, ez edonork. Ba horietako bat Shane MacGowanek irabazi zuen. Hori bai, gero bota egin zuten ikastetxetik, drogazalea zelako”.

Tipo argia izan zen MacGowan, eta berak kontatuta dakigu, sasoi batean, egunero Irlandako balada bat ikasten zuela, buruz. Artista interesantea, beraz, itxuratik harago. Iritzi bera du taldearen aspaldiko jarraitzaile den Unai Elorriagak berak, eta orain, Gibelurdinek taldearen laguntzaz, omenaldi eder bat prestatu du, Shane MacGowanen gibelari begira jarriz, han zer aurkituko, hark zer iradokiko. Momentuz, hamaika-hamabi kanta txukun eta ikusentzunezko harrigarria ondu dute, ostiral honetan Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko dutena.

Duela hiru urte, Elorriaga Shane MacGowanen biografia errepasa-tzen hasi zen, haren ibilbide artistikoak liluratuta: “Herri musika eta punkia nahasten zituen The Pogues taldeak, niri asko gustatzen zaizkidan kontu bi. Nire literatura ere apur bat punkia delako”. Eta aurkitutako anekdotario zabalarekin zer edo zer egin behar zuela otu zitzaion algortarrari. Testu batzuk idatzi zituen, istorio batzuk harilkatu... eta ikuskizun bat egitea otu zitzaion. “Nire ideia The Pogues taldeari omenalditxo bat egitea zen, eta horretarako Gibelurdinek taldearengana jo nuen, beraiek ere musika herrikoia egiten dutelako, eta ganberro samarrak direlako ere bai”, kontatu du Elorriagak. Baina hastapeneko gorazarre xumearen aparrak goraka egin zuen, ia nahigabe: “Urte bi darama-tzagu entseguekin, gure erritmoa halakoxea delako, geldo samarra. Hasieran testu batzuk idatzi nituen, eta gero Gibelurdinek kantu batzuk aukeratu zituzten, eta moldatu. Ba-tzuk euskaratuz, eta bestetzuk moldatuz. Eduki dugu nahikoa zailtasun, The Pogues taldean hamar bat lagun zirelako, eta gu bost. Musika tresnak ere desberdinak dira, guk trikitixa daukagu... Beraz, lan handia eskatu digu, baina gustura gaude emaitzarekin”.

Emaitza bideo luze batekin osa-tzen da. “Bai, pantaila erraldoi batean erakutsiko dugu 60 bat minutuko pieza. Izugarria da, ia-ia pelikula bat, bertan The Pogues taldearen irudiak sartu ditugulako, beraien pasadizoak, ateraldiak... eta gure irudiak ere bai, honek guztiak dokumentazio lan handia eskatu digulako, iruditan ere erakusten duguna. Horrek guztiak egiten du bitxia ikuskizun hau”, azaldu du idazleak.

Narratzaile lanetan ikusiko du jendeak Elorriaga, baina baita kantari lanetan ere: “Bertsoak bai, baina nik sekula ez dut kantatu musikarekin, eta hasieran itzelezko arazoak izan nituen erritmoarekin, tonuarekin... Apurka-apurka joan naiz ikasten, txukun samar egiteko moduan. Ez dakit entzuleak zer esango duen...”. Hori bai, Fredi Paia tartean izanda, tokatzen da emanaldia koplak kantatzen zarratzea.

Paia bera ere gustura dago emai-tzarekin. Aspalditik ezagutzen zuen The Poguesen jarduna, eta aitortu du haien kantak moldatzea “plazer bat” izan dela. “Horrelako taldeekin asko identifikatzen gara, Éireko espiritu punkia aldarrikatu nahi dugu”, onartu du bertsolari eta musikariak, Gibelurdinek taldearen ibilbidea gogoratuz: “2010ean jaio ginen, 2012an sortu genuen diskoa eta ordutik batez ere kaleko animazioa egin dugu, kalean ezagutu baikinen”.

Musikaren kontzeptu “ekologikoa” lantzen dute Gibelurdinek, egurrezko musika tresnak erabiliz eta kantu herrikoiak berrasmatuz. Herri musika “sentimendu adierazien memoria” dela sinestuta, eta folklorea “herri jakintza”, soseguz bizitzea proposatzen dute, “erosi ezin diren gauzak” oparitzen dituztela. Tartean, melodia dotoreak.

Loraldiaren barruan, ostiralean egingo duten emanaldia “aurrestreinaldia” izango dela azpimarratu dute sortzaileek. Ondorengo asteetan, Bilbotik Sopelara joango dira, gero Zumarragara eta aurrerago Erromora. “Antzoki dezente samarrak behar ditugu, erakutsi nahi dugun guztia erakusteko”, esan dute.