BILBO - Koldo Mitxelena hizkuntzalari eta euskalari handiaren inguruko berba asko esan da egunotan, haren jaiotzaren ehungarren urtemugaren harira. Bere lagun, lankide, ikasle eta familikoek Errenteriako jakintsuaren izaera eta lana aztertu dute han eta hemen, bere bertuteak nabarmenduz. Gauza jakinak esaten dira halakoetan, baina tarteka hain ezagunak ez diren pasadizoak ere azaleratzen dira. Bere seme Rafa Mitxelenak Euskadi Irratian kontatu zuen horretariko bat, gerra denborako kontuak aipatzean: “Berak zioen kartzelako garaian agian gogorragoa litzatekeela kanpoan egotea”, euskal herrietako karriketan giro txarra eta miseria nahikotxo arnasten zelako. “Bere oroitzapen guztiak pozgarriak ziren, umezarokoak eta gaztarokoak. Gainera, kartzelan xakean jokatzen ikasi zuen -oso ondo jokatzen zuen-, Burgoseko kartzelan koroan ere parte hartu zuen... Kontraesankorra bada ere, kartzelak irekiago egin zuen, han ezagututako jendeagatik eta...”, erantsi zuen semeak.

Beste gauza askoren artean, zinea zuen gogoko Errenteriako seme kuttunak, eta horrela gogoratu nahi izan zuten bere ingurukoek irrati publikoan. “Euskal literatur kritikaren bidea berak hasi zuen, baina zine kritikari zorrotza ere bazen. Zineaz asko zekien”, agertu zuen Ibon Sarasola euskaltzainak. “Bai, eta 1978ko aldian, mahai-kide izan zuten Zinemaldiko epaileek”, gehitu zuen hizkuntzalariaren testuak ondo aztertu dituen Elixabete Perez Gazteluk.

Bere emazte Matilderen izena ere behin baino gehiagotan aipatu da egunotan. Perez Gazteluk esan zuen emakume “indartsua” zela: “Nik ez dakit Koldok egin zuen guztia egiterik izango zukeen bere emaztearen laguntzarik gabe”. Sarasolak beste anekdota bat gogoratu zuen, horri lotua: “Matildek Rafa semearen lagunak gonbida-tzen zituen meriendatzera, eta Koldoren fitxak egiten jartzen zituen denak. Milaka zituen!”.

euskararen batasuna Sarasolak gogoratu zuen batuaren auzian Mitxelenak lan teoriko guztia egin zuela, baina lehen “bultzada” Txillardegirena izan zela: “Txilardegi han zebilen, aditzak nola joan behar zuen, h-a non kokatu... Hori dena Jakinen publikatu zen 64an edo, eta Euskaltzaindiak ikusi zuen hor bazegoela aukera bat. Mitxelenak berak erabiltzen zuen irudia dut gogoan: Koldok esaten zuen berak ura zeukan igerilekura egin zuela salto”. Jakina da kritika latzak jaso zituela bere garaian, h bedeinkatua zela eta ez zela. “EAJ kontra jarri zi-tzaion -nabarmendu zuen hizkun-tzalari donostiarrak uhinetan-, eta horrek asko mindu zuen, negar egiteraino. Baina berak bazekien aukera ezinhobea zela euskara salba-tzeko, bazekien azken trenaren azken bagoia zela Arantzazuko aukera”. Batasuna defendatzeko Mitxelenak egin zuen defentsa teknikoa hobeto ezagutu beharko litzatekeela adierazi zuen Sarasolak, “teknikoki oso ondo” egin zuela azpimarratuz. Elixabete Perez Gazteluk ere antzeko berbak izan zituen aspaldiko auziari buruz: “Errenterian bertan, ustez lagunak ziren batzuk agurra ere ukatu zioten. Gauza kuriosoa, batez ere letra batengatik izan zelako”.

Euskal kulturak eman duen gizon handienetakoa izan zen Mitxelena. Sarasolaren beraren hitzek laburbiltzen dute haren ekarria: “Zorretan gaude, ikaragarri zorretan. Euskal kultura gaur dena, hein handi batean, berari esker da. Gaur, ez dut imajinatzen euskal kultura Mitxelena gabe; izango zen bigarren mailako gauza bat. Oso buru argia zuen, langilea zen, oso azkarra, eta hori nahaste esplosiboa da”. Perez Gaztelu ikerlariak ere ez dauka zalantzarik: “Asko eman digu eta erreferentea da eta izango da. Urteak pasa eta hortxe dago bere testuen bizitasuna. Eraikina eginda dago, neurri batean, oinarriak berak jarri zituelako”.

EHUko Euskara errektoreorde Jon Zaratek ere laudatu zituen Mitxelenaren dohainak. Errenteriarrak euskal unibertsitatearekin izandako lotura gogoratu zuen, EHUren sorreran izan zuen parte hartzea, “batez ere 1978tik aurrera Euskal Filologiako lehen promozioak prestatzen egin zuen ahalegina”. Azkenik, Zaratek adierazi zuen guztiok izan behar dugula kontziente “amets baten oinordekoak garela eta gure eskuetan dagoela EHUn hain indar-tsu sartu zen euskara zaintzea”.