BILBO. Eleberriak idazteko proiektuak aurkez daitezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak. Beka behin irabazten duenak ezingo du berriz parte hartu.

Parte hartzaile bakoitzak, ondorengoak aurkeztu behar ditu, posta elektronikoz atxikitako

dokumentuetan: landu nahi duen kontakizunaren azalpena, 2.000 eta 6.000 karaktere bitartekoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola argumentua, egitura, luzera, estiloa, eta abar; idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15.000 eta 40.000 karaktere bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena; eta egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua.

Proiektuak irailaren 30a arte bidal litezke helbide honetara: mrey@ondarroakoudala.net. Ana Urkiza, Leire Bilbao eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle urriaren 31 baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezake epaimahaiak.

6.000 EURO

Saria 6.000 eurokoa izango da eta Ondarroako Udalak ordainduko dio irabazleari era honetara: bekaren diru kopuruaren erdia, irabazle izendatu ondoren, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan.

Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du, gehienez, idazlan amaitua Ondarroako Udalari helarazteko. Luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, liburua osatzeko adina izan beharko du: 150.000 karaktere gutxienez. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso. Horrez gain, lanaren martxaz jakinaren gainean edukiko ditu antolatzaileak.

Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmenki kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.

Diru laguntza jasotako idazlanaren jabetza egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezingo du beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aurretik ez eta ondoren ere, argitaratu osteko sariak izan ezik. Elkar argitaletxeak argitaratuko du idazlana, eta egile eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaiak onespena ematen duenetik hiru hilabeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan bekaren aipamena egingo da nahitaez.