Síguenos en redes sociales:

Emile Larre: Euskararen eta euskaldunen maitale isila

EMILE Larre euskaltzaina zendu delako berria erdi estalian, ia igartzeke heldu zaigu, Bartzelonako futbol finala hasteko zegoela eta gure gizartearen gogoa horren giroan eta zurrunbiloan zebilela. Baigorriko euskaltzain zaharra, bizi izan zen bezain apal eta isil joan zaigu, luzaroko gaisoaldi baten ondoren, 90 urte urtarrilean beteak zituelarik.

Aspaldi egin nuen haren ezaguera, azalekoa behintzat. 70. hamarkadaren lehen urteetan, Bazko igande batez Aiherran, bera meza ematen, prediku zoragarri batekin, eta gu, ikasle gazteok, lehenengoz Iparraldea aurrez ezagutzen. Ostera horretan ezagutu genuen Piarres Lafitte ere. Egiaz miretsi ninduen haren mintzo jario ederrak, haren oratoria hunkigarriak eta elizkizunaren ondoren eman zigun eskola biziak, Iparralde euskalduna aurrez aur ezagutzeko ateak ireki zizkigunak. Iparraldeko euskal elizaren arpegi ageri eta sendoetariko bat bere belaunaldian, baina euskararen eta euskal liturgiaren alde egin duen lanagatik, eliz kargu nagusietarik ate. Euskal Herri osoko apaiz euskaltzaleak ezagutu zituen orduko Liturgia Batzordearen bidez, Mikel Zarate eta Karmelo Etxenagusia, besteak beste. Aiherra Naparroan leihoa (1980) liburuan utzi digu herri horri buruzko lekukotasun bikaina.

Artean, apaiz gazte, Urruñan eta Hazparnen bikario egona zen. Eta horko Misionisten Etxean ere bai ondoren. Aiherrako egonaldiaren ondoren, Irisarri etorriko zen. Azken urteotan Garazin bizi zen, Larrazkena etxean. Ironiaz gogoratzen zigun, hori izango zela bere larrazkeneko egoitza ere. Etxe horretxetan grabatu genion orain dela urte gutxi elkarrizketa luze bat bere bizitzaren gainean eta hurbiletik ezagutu zituen idazle, irakasle, bertsolari eta bestelakoen gainean. Zorionez Azkue Bibliotekan gorderik dira gure euskaltzainaren lekukotasun hori eta gehiago, garaiz eginak, dokumentu biziak.

Bikario izan zen herrietan, elizarako zereginez gain, euskal izateari datxezkion hainbat alderdi landu zituen haur eta gazteekin: pilota, kantua, antzerkia eta beste. Elizgizona izanik, herrigizona gehiago zela esango nuke, eta berak ere bere burua hartakotzat zuela. Eliz barruan baino maiteago zuen jende arteko solasa. Iparraldeko artzain-nekazarien umore puntu fina zuen, elizgizon gehienen profila baino gehiago.

Azken urteotan Euskaltzaindi barruan egin dut haren ezagutza askoz sakonagoa: osoko bilkuretan, herri literaturakoetan eta ez gutxi euskaltzainon otordu bitarte eta osteetan. Lagunartea maite izan duen gizona, solaskide atsegina. Plazera zen haren ondoan egotea.. Akademiako bileretan gehiegi ez zen mintzatuko, baina ematen zuen informazioa harira zetorrena, berak zekienetik zerbait berri erantsiko zuena.

Piarres Lafitte-en hurrengo euskal idazleen belaunaldikoa, Jean Haritschelhar, Piarres Xarriton eta beste gehiagorekin batera. Iparraldeak euskal letrei XX. mendearen bigarren erdian eman dien berme sendoko literatura, idazketa eta estiloaren eredu seguruak.

E. Larreren Ene artzain-etxolak (2001) liburu autobiografikoari edota Herria astekarian luzaz idatzi dituen idatzi ugariei begiratu bat egitea aski da, ahoz zerion euskara biziaren xarma dastatzeko. Elizgizon izan den aldetik, herritarrengandik hurbil bizi izan da, azken urteotan Garaziko eta bere jaioterriko jendearekin. Harreaman hori ez du egin eliza barruan, karrikan baizik, eta ez gutxi pilotalekuetan. Herria astekariaren zuzendari hogeita hamarretik gora urtetan izan den Emilek, idazle ez ezik, kazetari deitua izateko meriturik asko du. Pilota partiden kronikak eta emaitzak izan dira haren gai maiteetako bat.

Herri-literatura, berariaz bertsolaritza izan du euskal hizkuntza-literaturen eremuan bere zaletasunik handiena. Antonio Zavalaren, eta honen Auspoa bildumaren, aholkulari eta laguntzaile Iparraldeko bertsolarita gaietan. Bertsolaritzaren eragile eta bultzagile handia luzaz Iparraldean, baina baita hango bertsolarien laguntzaile, trebatzaile eta adiskide hurbila ere; Xalbador, Mattin eta ondoko belaunaldikoena. Euskaltzaindian ere Herri Literatura batzordeko kide izan dugu anitz denboraz eta hori izan du Akademian bere langune preziatua.

Herriko hiztun euskaldunengandik asko edan du Emilek. Ez bakarrik bere inguruko nafarrengandik. Lapurdiko euskara ere ondo ezagutzen zuen, han ere luzaz apaiz egona baitzen, eta Zuberoakoa ere bai, batez ere gaztetan, gerrate garaian, urtebete han egina zelako, eta gerora Iparralde osoko euskaldunekin izan dituen harreman estuengatik.

Goraintzi eta ohore Emile Larre euskaltzainari, Iparraldean gure hizkuntzaren lekuko zaintzaile, sustatzaile eta eredu bikain izan denari.