Umorea eta malenkonia uztartu ditu Koldo Izagirrek bere azken liburuan
Donostia - Lorea Gernika, andrazko bat izena du Koldo Izagirreren azken liburuak. “Nobela ote den” egileak berak ere ez daki, nahiz eta Susa argitaletxearen editore Gorka Arresek hala izendatu zuen atzoko aurkezpenean. “Ipuin bilduma ote da? Zer da traste hau, produktu hau?”, galdetu zion idazleak bere buruari. “Ez zaizkit eztabaida akademikoak batere interesatzen eta literatura etiketetan sailkatzea kritikoen lana izan ohi da”, gaineratu zuen.
Izan ere, liburuaren hainbat pasarte prentsarako artikulu gisa jaio ziren “astean behingo kolaborazioa egiteko”. Baina “Lorea Gernika pertsonaia anekdotari nagusitu zitzaion” eta “garapen handiago bat” eskatu zion, “askoz ere libreagoa” eta luzera zabalagoarekin. Guztira, 53 fikzio labur sartu ditu liburuan, eta edozein orrialdetan irakurtzen has daitekeen arren, bada ildo bat, “dena josten duen hari mehe bat”, eta une batean irakurleak hasierara jo nahi izango du, “nobelak irakurtzen diren bezala, alegia”.
Hortaz, hain zuzen ere, Arresek erabilitako “nobela” terminoa. Editoreak azaldu zuen lanaren abiapuntua. Lorea Gernika hiru aldiz ezkondu zen eta beste horrenbeste aldiz banandu edo alargundu. Egun, bere kasa bizi da, nahikoa diru baitu eroso bizitzeko. “Bizikletaz joaten da hondartzara, filosofia ikastaroan dabil, gaileta oso goxoak egiten ditu, kotxea bigarren lerroan utzi du eta udaltzainek eraman dute, lagunekin elkartzen da eta pizza jatera gonbidatzen du iloba. Zuetako edozein izan liteke”, bota zuen. Bere irudiko, gainera, “detaile ugariz josita dator nobela” eta “pieza bakoitza perla baten antzekoa da”. “Tramaren aurretik jarri ditu estiloa eta pertsonaia. Umore handiko nobela da eta, aldi berean, malenkoniatsua”, esan zuen Gorka Arresek.
Zentzumenetik ulertzea Izagirreren aburuz, Lorea Gernikak “ez du helburu jakinik” eta, ondorioz, ez dago nobela beltzean “hain funtsezkoa den intrigarik”. Pertsonaiaren ibiliak “ez dira ezer lortzeko” baina bere ibilbide horretan “topatzen eta sortzen dituen traba eta arazoek” bere nortasuna moldatzen dute. “Ez dauka ez diskurtsorik ez pentsamendu egituraturik”, baina Loreak badu “garapen bat” liburuan zehar. “Ikasi dut”, aitortuko du amaieran, “ez zekienaren jabe eginda”. Hori da, hain justu, “bere abentura”, baina idazleak nabarmendu zuenez, abenturak “ez dira atletikoak” eta are gutxiago intelektualak, ez baita nobela tradizionala.
Pertsonaia “hunkibera” sortu du Koldo Izagirrek, eta mundua ez du antzematen adimenez, zentzumenez baizik. “Zentzumenetik ulertzera kondenatu dut andrazkoa. Horrelaxe sailkatzen zuten XIX. eta XX. mendeeetako gizonezkoek emakumeen literatura, zentzumen eta histeriazko literatura, garuna gizonezkoon jabego pribatua zelako. Hortxe kokatu dut protagonista, mundua ulertzeko arazoekin hunkiberatasunean, alegia, gizonezkook emakumea definitu izan dugun topikoa. Poetentzat ere balio izan du topiko horrek, gizonezkoak izan arren”, azaldu zuen.
Ildo horretan, Lorea Gernika erabili du “borroka bat azaltzeko” eta “umore eta malenkoniaren azpian” omen dago arazo nagusia. “Emakumezkotasunaren topikotik irteteko Lorea Gernikak egin dituen saioen bilduma da liburu hau”, aipatu zuen Izagirrek. Eta bitxikeri moduan, saio horietan beste andrazko baten laguntza du, Itxaro Borda idazleak sortutako Amaia Ezpeldoi detektibearen laguntza, hain zuzen.
Aurreko zenbait lanetan bezalaxe, “gizonezkoa kolokan jartzea” izan du helburu Izagirrek. “Gizonezkoen mundua azaltzeko bitartekaria izan da Lorea eta agian oharkabean, gizonezkoon erretratu patetiko samarra egin dut... eta merezia dugu, ez nezake uka”, onartu zuen.