donostia - “Amets borgiano bat bezalakoa da, nire liburu guztiak bilduko dituen liburu bat”. Halaxe mintzatu zen atzo Karlos Linazasoro idazlea, Literatura hiztegi tekniko laburra (Elkar) liburuaren aurkezpenean, eta bere literatura ikusteko moduaren konpendio bat dela gaineratu zuen, hiztegi bat hori guztia biltzeko modu egoki bat iruditu baitzaio.
Izenburuak iradoki dezakeenaz urrun, lan literarioa da, ehun erreferentzia inguru biltzen dituena, baina definizio teknikoetatik azkar urruntzen da. “Genero batzuek nire barneko piztia ateratzen dute, nik daukadan okerrena, eta beste batzuek, aldiz, nire samurtasuna; sekula ez naiz ni, beti beste bat naiz”, adierazi zuen filologo eta bibliotekari tolosarrak. Ildo berean, liburuan Linazasoro guztiak agertzen direla erantsi zuen, umoretsua, poeta, filosofoa eta ironikoa, esaterako. “Testu gehienak oso laburrak dira, Nouvelle hitzaren barruko adibidea da luzeena, dudarik gabe, 80 orrialde inguru ditu eta”, aipatu zuen idazleak.
“Liburu hau idatzitakoan jubilatu egingo nintzela pentsatu nuen hasieran, edo ziklo berri bati ekingo niola, baina ez da hori gertatu, hau baita egiten dakidana”, onartu zuen Linazasorok, eta lanean jarraitzeko jada ohar asko bildu dituela azaldu zuen. - M. Esnaola