Jean-Michel Basquiaten atzera begirako bat izango da Guggenheim Museoan
Guggenheim Bilbao Museoak Jean-Michel Basquiat New Yorkeko artistaren atzera begirakoa inauguratuko du uztailaren 3an, "Espainian inoiz egindako zabalena". "Jean-Michel Basquiat: Now's the Time" erakusketa hirugarren solairuan izango da ikusgai, azaroaren 1era bitartean, museo bilbotarreko arduradunek prentsa ohar bidez nabarmendu dutenez.
BILBO. Art Gallery of Ontario Kanadako erakunde entzutetsuak antolatu du erakusketa, Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan, eta Iberdrolaren babesarekin. Ehun bat lan izango ditu ikusgao: formatu handiko pinturak, marrazkiak eta argazkiak, Europako eta Ipar Amerikako bilduma publiko zein pribatuetakoak.
Azken urteotan New Yorkeko artistari eskainitako proiektu handienetako bat da, eta bere lana gaika aztertzen duen lehenengoa; gaiok honakoak dira, besteak beste: historia, identitatea eta grafitiari eta hip hopari lotutako hiriko kultura. Komisarioa Dieter Buchhart austriarra izango da, artista horren aditu handienetako bat munduan.
Guggenheim museoak azpimarratu duenez, "Bizkaiko Foru Aldundiaren diru ekarpena 2015ean sendotu izanak ahalbidetu du erakusketen egitaraua sendotzeko publikoarentzat erakargarriak diren proiektuetan lanean jarraitzea". "Horrela, hilabete hauetan kudeaketa lan zaila egin da, mailegu emaile diren bilduma guztien partaidetza ziurtatzeko Bilbon", gaineratu du.
Jean-Michel Basquiat (1960-1988) 1980eko hamarkadako artista iraultzaileenetako bat izan zen; giro horretan ere murgilduta egon zen Jeff Koons, eta, ildo horretan, bien atzera begirakoak aldi berean izango dira museoan.
Brooklynen (New York) jaio eta hazi zen Basquiat eta txikitatik ikusi zen "argia eta artean iaioa" zela. Basquiaten izena handitzen joan zen, Ipar Amerikan eta Europan erakusketak egiten zituen heinean, eta, denbora gutxian, artista emankor eta kultura arloko pertsonaia ezagun bihurtu zen.
WARHOL
Andy Warholekin hainbat lan egin zituen lankidetzan; lagunak ziren eta Warholek begirune handia zion. Basquiatek arte garaikidean beste bide batzuk ireki zituen: haren ikuspegi berritzaileak oraindik ere kitzikatzen ditu artistak eta galdera adierazgarriak sorrarazten ditu.
Pintura bakarrean, Basquiatek ideia ugari jaso zitzakeen ikurren, irudien eta testuen bidez, elkarlotuak egon ala ez. Haren ingurua mihisera eramaten zuen, narrazio zehatzik gabe, eta horrela aurrea hartu zion interneten garaiari eta bisitaria bultzatu zuen inguruko munduan hausnar zezan.
"Jean-Michel Basquiat: Now's the Time" Guggenheim Bilbao Museoko hirugarren solairuan izango da, uztailaren 3tik azaroaren 1era, eta komisarioak Alvaro Rodríguez Fominaya eta Dieter Buchhart izango dira.
Atzera begirakoak 2015eko museoaren arte programazioa osatuko du, 2014ko abenduan, Patronatuaren azken bileran, jakinarazi zen moduan. Basquiaten erakusketa itxi ondoren, azaroaren 1ean, "Guggenheim Bilbao Bildumaren maisulanak" erakusketaren muntaia hasiko da eta ikusgai izango da azaroaren 27tik aurrera.
Más en Cultura
-
Estrella Morente, Capercaille, Carminho y Xabier Zeberio se suman al tributo a Lertxundi en Getxo Folk
-
Gaztea Ruiz, escritor: "Al ser hijo y nieto de migrantes tan solo he tenido que hacer un ejercicio de memoria"
-
Isabel Allende y Freida McFadden se cuelan en la maleta de los viajeros este verano
-
El pesquero Ortube se convertirá en el primer museo navegable de Bizkaia a finales de 2026