AZOKAN serio hartu dute gogoetarena, eta, beste behin, gauza interesgarriak entzun ziren Areto Nagusiaren barruan. Kultura horizontala -eta gizarte horizontalagoa- eska-tzen eta amesten dutenentzako paradisu bihurtu zen Landako. Goizetik hasi zen errota, Laura Mintegi idazlearekin. Gorka Bereziartua kazetariarekin aritu zen nafarra, eta Euskaldunon Egunkariaren hastapenekin hasi ziren, orduko crowdfunding edo auzolan hura gogoratuz, “sare bako” apustua, hain zuzen. “Horrelako asko egin da gurean, nola ez dakigula, baina ikusiz badagoela borondate handi bat”.
Kultura zerbitzu publikoa den heinean, doakoa izan behar litzatekela esan zuen Mintegik: “Derrigorrezkotzat jotzen badugu, sistemak asumitu behar du gastua. Baina ez da horrela. Eta nik diot, Ejerzitoa finantzatzea bai eta Kultura ez?”. Sortzaileentzako eta kultur industriarentzako ere izan zituen berbak: “Kultur industria beharrezkoa da, baina sortzailea ezin da izan industria horren alderik ahulena. Eta sortzaileari lagunduko nioke, baina bere lana sozializatzeko eskatuz”.
Mintegik bestelako errekaduak utzi zituen akaburako: “Kultura hutsaren hurrengoa da politikarientzat”; “administrazioen burokrazia ez da oso operatiboa, eta bidean galtzen da indar asko eta, batzuetan, egitasmoaren beraren helburua”; “politika kulturalean edozein gai da aitzaki bestelako estrategien alde edo kontra erabiltzeko”. Ozenago esan daiteke, gardenago nekez.
Arratsaldeko txanda ere ez zen izan makala, eta gai sentsible ugari jorratu zen inoiz baino horizontalagoa zirudien mahai-inguruan. Bertan aritu ziren Gotzon Barandiaran (Guk Geuk), Xabi Paya (Donostia 2016), Joxean Muñoz (Jaurlaritzako Kultura sailburuordea) eta Beñat Gaztelumendi (Plateruena). Gaztelumendik Plateruena kultur espazioaren premia larriak aletu zituen, neurri batean euren kasua (eta problematika) euskal kulturaren plazara zabaldu daitekeela erakutsiz: “Orain Azokarekin gaude, baina igoal Aste Santurako zarratuta”. Aspaldi eginiko inbertsioak itotzen du Plateruena, eta erakundeen inplikazio gehiago eskatzen dute.
Payak eta Muñozek gorago jo zuten. Batak esan zuen ezertan hasi baino lehen kultura hitza definitu behar dela, hots, zein esparru edo sektore identifikatzen diren berba horren baitan: “Hori da bat, eta bestea gure kultura diogunean zertaz ari garen jakin behar dugu: euskaraz sortzen dutenei buruz, gazteleraz sortzen dutenei buruz?”. Muñozek, ostera, baloratu eta neurtu hitzak erabili zituen, derrigorrezkoak biak gero “kudeaketa on bat egiteko”. Barandiaranek eskailera bat gorago igo eta gure gizartearen lehentasunak identifikatzearen alde agertu zen, gero dirua non inbertitu jakiteko, “eta ez alderantziz; horrela gabiltza gero, beti soberakinak jasotzen”. “Baldin eta kultura ongizate gizartean derrigorrezko parte legez ikusten badugu, lehentasuna eman beharko zaio”, adierazi zuen. Sailburuordeak erantzun zion esanez kultura aintzat hartzen dela administrazioan, eta gure herrietako kultur etxe eta liburutegien sarea jarri zuen adibide gisa. “Krisiarekin ere egitura horiek ez dira ukitu -nabarmendu zuen-, baina beste kontu bat da horrek zenbat baliabide jaten duen”. Onartu zuen hori berregituratzeko beharra.
Kulturaren babesa aipatzean, Payak atzamarra sartu zuen zaurian: “Kultura babestu behar da, baina proiektuen jasangarritasunari ere begiratu behar zaio”. Barandiaranek beste ertz batetik tiratu zion hariari: “Krisiak agerian utzi du gabezia bat, lehen diruak estaltzen zuena: ez genuen kultura herri ikuspegitik egiten, eta orain ikusten ari gara kulturgintza bere osotasunean, irakurketa komun bat egiten ari gara, orekatuagoa, justuagoa”. Horretarako, foroak bultzatzea gomendatzen zuen larrabetzuarrak.
Muñozek bestelako iritzia zuen: “Borondate zabaleko foroak ondo daude, baina hurbilagoko batzarrak eraginkorragoak dira, eta horretan ari da Jaurlaritza aspalditik, gai zuzenak tratatzen, sektore guztiekin batzartzen. Kultura bere osotasunean hartzen badugu, nekezagoa izango da konponbideak bilatzea”.