“Euskal Herrikoa naiz eta euskaraz kantatzen dut, hori da nire hautua”
Arrosako abeslariak aspaldikoa du Azokarako joera, baina aurten arrazoi berri bat du Durangora hurbiltzeko: ‘Biluzik’
durango - Musikatik eta musikarako. Halan bizi da Maialen Errotabehere (Arrosa, Nafarroa Beherea, 1983). 2003tik urtero arrimatzen da Azokaren epelera, han zer gertatuko, zer ikusiko, zer sentituko? zer salduko. Baionako Agorila diskoetxearen erakusmahaian egin ditu aurreko aldiak, baina oraingoan disko bat ekarri du besapean, Biluzik, bere ahotsaren indarra eta aldakortasuna agerian uzten dituen lana.
Aspalditik ikusten zaitugu Azokan, baina gutxitan oholtza gainean.
-Badut usadioa hona etortzeko, baina aurten lehen aldiz erakutsi dut nire lana Ahotsenean. Eta pozik, oso pozik, egiazko kontzertu txiki bat emanez. Laster egiten dira gauzak, baina ongi, denontzako daude aukerak.
Zazpi urte dira azken lana karrikaratu zenuenetik. Zer gertatu da tarte horretan?
-Ez naiz gelditu. Bakarlari lana utzia dut pixka bat, lana kolektiboki bizi-tzeko. Hirukotean, Mixu eta Xabal-txekin osatutako MMX taldean, Kokua kolektiboan, Briganthya folk taldean edota DJ Balpore’s-ekin abesti herrikoiak eta elektro-ska nahasten? Gizon koro bat ere zuzentzen dut (Baionako Haiz’egoa abesbatza), eta aurten haur koro bat gidatzen hasi naiz, beraz, anitz esperientzia?
Gizonezkoak edo haurrak dira maneiatzeko zailagoak?
-(Barreak) Ongi konpontzen naiz guztiekin. Jeneral baten antzera ibiltzen naiz, beraz? Badaukat pertsonalitatea eta gauzak zuzen esaten ditut. Hori eskertzen dute gizonek, biziki argi hitz egitea.
Gustuko duzu, beraz, transmisioaren kontu hori.
-Bai, horretan ohituta nago. Etxetik jaso dut nik kantuaren afizioa, irakasle batzuk lagunduta? Eta nik nahi nuen berriz pasatu norbaiti, eta neure harritxoa jarri horretan.
Gainera, Iparraldean bada oraindik familian kantatzeko ohitura, Hegoaldean apurka-apurka apaltzen ari dena?
-Baliteke. Guk biziki usadio handia izan dugu horretan. Kantatzea eta dantzatzea, biak.
Disko berria promozionatzeko, aterik zabaldu zaizue Hegoaldean?
-Ez da erraza. Bitxia da, baina errazagoa dugu askotan beste leku ba-tzuetan jokatzea. Eta ez dut ulertzen ondo zergatik gertatzen den hori. Nik euskaraz kantatu ahal dut mundu osoan, ez dut ikusten ez mugarik ez neurririk horretarako. Hizkuntza, behintzat, ez da muga bat. Baina bitxia da, Euskal Herria hain txikia izaki, nola daukagun muga psikologiko hori oraindik buruan.
Agian Hegoaldetik Iparraldea urrunago ikusten da alderantziz baino?
-Beharbada. Ni sarritan etortzen naiz Hegoaldera, ez baitugu gure herria aski ezagutzen.
Kantatzeko euskararen hautua egin zenuen aspaldi. Hautu naturala edo beren-beregi egina?
-Euskaraz kantatzea bortxaz bilaka-tzen da edo militante edo politikoa, ikusiz nola dagoen gure hizkuntzaren egoera. Begira, nik aurki izan dut haur bat, mutil txiki bat, eta beti mintza-tzen naiz euskaraz berarekin, eta aitarekin frantsesez egiten du. Nire bizi-tzan naturala da euskara, baina hautu bat ere bai, eta kantatzeko ez dut beste hizkuntzarik ikusten. Batzuetan egiten dut kantaren bat edo beste ingelesez, baina euskara maite dut eta nire bizia euskaraz egiten saiatzen naiz. Euskal Herrikoa naiz eta euskaraz kantatzen dut: hori da nire hautua.
Hamabi kanta ditu ‘Biluzik’ diskoak, denak euskaraz kantatuak. Lan hau zuretzat mugarri txiki bat izan dela esan duzu. Zergatik?
-Hirugarren disko honekin akustikotik elektrikora pasatu naizelako. Beraz, badago desberdintasun hori. Gero, estilo aldetik, zinez konposaketa gehiago egin ditut, beraz, pertsonalagoa ere bada. Rock eta pop ukituko kantak dira denak. Proiektu asko eta desberdinak egin ditut nire bizitzan zehar, baina orain ongi sentitzen naiz molde honetan. Hauxe da egin nahi nuen diskoa.
Letrak zeuk idatziak dira?
-Duela zazpi urte ari naizela idazten, pixkanaka-pixkanaka. Nire bizi-tza pertsonalean gertatutako pasadizoetan inspiratuak dira letrak, beraz, oso pertsonalak. Hamar nik idatzi ditut, bat Itxaro Bordak eta bestea nire aitak.
Abestu ere ez duzu denetan bakarrik egiten.
-Ez, Eñaut Elorrieta eta Pettik lagundu didate bi kanta osatzen.
Zer da musika zuretzat?
-Ia dena. Ni musikaz bizi naiz duela sei urte; Frantzian sortzaileok badugu laguntza bat. Ez dakit nola izanen den geroa, baina nik badakit musika beti izanen dela nire bizitzan. Gero zer nolako forma hartuko duen, hori bizitzak esango du. Egia da eszenatokian sentitzen naizela ondo, jendaurrean kantatzen, zuzenean, eta horretan ikusi nahiko nuke nire bizi-tza. Printzipioz, ikusi nahi dut no-raino heltzen den nire abentura hau.
Baionako zigilua da Agorila. Zaila da hor euskarazko disko bat atera-tzea?
-Ez da erraza. Iparraldeko diskoetxerik handiena da, 60 urte ditu. Fran-tziako mendebaldeko talde aunitz ateratzen dute, bandak, koroak, gizon-koroak? Eta nik ere han ekoizten ditut neureak. Biluzik-en dena ekoiztu didate, sinesten baitute proiektuan, gaur egun nekez gertatzen dena.
Zeintzuk dituzu bidelagun?
-MMX taldean ezagututako Pat Têtevuide gitarra-jotzailea, Iban Larrebour bateria-jotzailea, Raphael Ferreira baxu-jotzailea eta Txus Aranburu teklista.
Más en Cultura
-
Estrella Morente, Capercaille, Carminho y Xabier Zeberio se suman al tributo a Lertxundi en Getxo Folk
-
Gaztea Ruiz, escritor: "Al ser hijo y nieto de migrantes tan solo he tenido que hacer un ejercicio de memoria"
-
Isabel Allende y Freida McFadden se cuelan en la maleta de los viajeros este verano
-
El pesquero Ortube se convertirá en el primer museo navegable de Bizkaia a finales de 2026