Síguenos en redes sociales:

Arkaitz Estiballes irabazle Zornotzako saioan

Galdakoztarrarekin batera, Jone Uria etaOihana Bartra ere Bilboko finalean izango dira

Arkaitz Estiballes irabazle Zornotzako saioanBBE

zornotza - Finalerdietako fasea amaitzeko, saio dotorea entzun zuten Zornotzako pilotalekuan batutako 700 entzuleek. Arkaitz Estiballesek bere eskarmentua baliatu zuen, jardun erregularrari esker, besteek baino puntu gehiago pilatzeko. Jone Uriaren saioa ere aipagarria izan zen eta hirugarrenez igoko da Miribillako oholtzara. Oihana Bartra, oro har, ondo aritu zen eta, behingoz, finalean izango da. Finalerdiak amaituta, hauek dira aurtengo zortzi finalistak: Iratxe Ibarra, Etxahun Lekue, Arkaitz Estiballes, Onintza Enbeita, Jone Uria, Oihana Bartra, Fredi Paia eta Xabat Galletebeitia.

Kanpoan giro hotza izanagatik, barruan gogotsu ekin zioten sei bertsolariek. Hasieratik entzun ziren ale ederrak. Era berean, hasieratik, Estiballes, Jone Uria eta Bartra nabarmendu ziren. Zortziko Nagusian, loteria saltzailearen dendako jende ilarari kantatu behar izan zioten Estiballes eta Bartrak, arratsaldeko aurreneko bertsoaldi azpimarragarrian. Zortziko txikian ere, goitik aritu ziren bertsolariak, ideia fresko eta zorrotzekin. Maite Berriozabal gai jartzaileak altzaririk ez daukan etxea erosi berritan jarri zituen Jone Uria eta Estiballes. Galdakoztarrak ez zuen hara bizitzen joan nahi: “Bakarrik hor lurrean, moketa zabala/ nire ziatika ta hernia diskala/ lehenengo egunetik hil nahi nauzu ala?”. Algortakoak hala konbentzitu nahi izan zuen: “Adituei en-tzun diet nik horrela/ lurrean lo egitea ona omen dela”. Hamarreko txikian, nabarmentzekoa izan zen Ibon Ajuria eta Jone Uriaren ofizioa. Durangoko Azokan inork sinadurarik eskatzen ez zion idazlearen ahotik, hala biribildu zuen bertsoaldia algortarrak: “Nik sinatzearekin, nahiz ta amestu maiz/ saltze hutsarekin ere, konformatuko naiz”. Politikan hitz egitean sekula ere ados jartzen ez diren lagun minen azalean, Estiballes eta Imanol Uria txukun aritu ziren. Saioko irabazleak, ohi duen bezala, ederto marraztu zituen bere pertsonaiak.

hiru, finalera Kartzelako lana berezia izan zen, gogoan hartzeko moduko uneekin, sei bertsolariek hortzak erakutsi baitzituzten. “Gaur duzu azkenengo terapia eguna” izan zen gaia. Garikoitz Sarriugartek saio ilun samarra aho zapore gozoarekin amaitu zuen. Ibon Ajuriak ere goia jo zuen bakarkakoan, gaixotasun larria gainditu duenaren ikuspegitik. Oihana Bartrak hankaluzea egin zuen lehenengo bertsoan baina, finalerako trena galaraziko ziola zirudien arren, akuilu gisa erabili eta lan dotorea osatu zuen.

Arkaitz Estiballesek, beti bezala sendo, kartzelan biribildu zuen saio osoko lan bikaina. Bederatziko txikiko doinua aukeratu zuen, bere buruari horretarako erronka jarria zion eta: “Doinu hori erabiltzeak bete nau, kantatutakoak baino gehiago”. Amai-tzeko, Uria neba-arreben txanda izan zen. Imanol gazteak freskotasuna ekarri zuen eta Jone nagusiak sasoi betean dagoela erakutsi zuen. The Godfather film entzutetsuko soinu bandatik hartutako doinu berria plazaratu zuen. “Lagun bat Italia aldean ibili da eta berak proposatu zidan, moldaketa batzuk egin eta uste dut ondo geratu dela”, adierazi zuen Uriak. Bortxaketa jasan ondorengo terapia amaitzen jarri zuen bere burua algortarrak, bertsoaldi mingots baina bikainean. Hauxe bigarren bertsoa: “Egoera hauek tamalez, dute gizarte hontan tokia/ nahiz ta amestu gizarte hobe bat guztiontzat egokia/ frogarik eza izan da nire kasu hontan aitzakia/ errekurtsoa jarrita berriz da kasua irekia/ oraindik daukat barrua minez ta erditik ebakia/ epaile batek hartzen duenean, epaitzeko erabakia/ egun horretan bukatuko da behingoz nire terapia”.

Atzo ikusitakoa aintzat hartuz gero, Estiballes (499,5 puntu) prest da hilaren 20an Bizkaiko txapela berriz janzteko. “Orain arte prestaketa gutxi egin dut baina pozik nago, orain estutu egingo dut”, adierazi zuen. Jone Uria bigarrena (496) ere txapela eskuratzeko hautagaia da. Saioan gustura aritu omen zen: “Hasieratik ideiak etorri zaizkit, zortziko txikian ibili naiz ondoen, zukua atera diogu gaiari”. Oihana Bartra ere (478,5) finalean izango da: “Oso pozik, baina sufrituta kartzelakoan egin dudan hankaluzeagatik; huts horrek indarra eman dit”, esan zuen. Finalerako egunak “lasai baina ilusioz” igaroko ditu.

Ibon Ajuriagogeaskoa laugarrenak (450,5) behetik gorako bidea egin zuen. Ideietan kamuts ibili zen hasieran baina ibilbidea zuzentzen joan zen ondoren. Imanol Uria saioko gazteenak freskotasuna eta ideia umore-tsuak ekarri zituen eta bosgarren sailkatu zen (438,5). Amaitzeko, Garikoitz Sarriugarte (431), saioari neurria hartu ezinda ibili zen eta bakarka eman zuen onena.