Bittor Kapanaga Elorza (Otxandio, Bizkaia, 1925-Gasteiz, Araba, 2011) hil zen gauean, otxandiarrak Gontzal Mendibil abeslaria izan zuen aldamenean, ospitaleko gelan. Eta Mendibilek hori ez du ahazteko. Uztailean bete ziren hiru urte Kapanaga hil zela, eta oraindik ere altxor asko daude ezagutzeke bere inguruan. Euskaltzale, euskalari, kantugile, ipuingile, pentsalari? Aurpegi ugariko gizona.

Gontzal Mendibilek dio Bittor ezagutu izan zutenek pertsona kuriosotzat eta jakintsutzat zutela, beti zegoela gogoz gehiago jakiteko eta aztarnetan mugitzeko. Ez zuen unibertsitatetik igarotzeko aukerarik izan, besteak beste, ume zela, 36ko gerra heldu zelako, eta ikasitako guztia, beraz, bere kabuz ikasi zuen. “Bittorrek lurrarekin, landareekin osatutako jakintza zuen, hau da, sasiartean egindako jakintza. Eta uste dut horretan balio handikoa zela, azken batean jakintza asko eta asko daukagu jende ikasiak eta liburuek eskainia, baina, nire ustez, Bittorren jakintzak zentzu eta sakontasun handiagoa zeukan. Erreferente handi bat izan zen euskararen kontuan, aztarnen atzetik ibiltzen zelako”.

Mendibilen azalpenen arabera, Andolin Eguzkitza euskaltzainak esaten zuen intuizio handiko gizona zela otxandiarra, baina indukzioz, hau da, baserritarrek egiten duten antzera sortzen zituela bere teoriak. “Guk deszifratu behar dugu euskara, esaten zuen Bittorrek, euskara antzinako hizkuntza bat da, antzinako pentsaera bat, baina, esanahi eta hitz asko eta asko deszifratu gabe dauzkagu, eta horretan zebilen Bittor. Berak bazekien antzina batean lurrari eta ingurumenari lotuago zegoela gure gizartea, eta euskara testuinguru horretan kokatu behar zela”.

Kapanaga gizon konformagaitza zen, ezarritako arauetatik harago jo-tzen saiatzen zena. Galderak egiteari sekula uzten ez zion ikerlaria. “Gehienetan egiatzat jotzen ditugu idatzita dauden teoriak, horrela esan digute dela, eta, beraz, horrela izango da. Bittorrek ez, Bittorren jarrera bestelakoa zen; galde dezagun, esaten zuen, zergatik hartu behar dugu hori egiatzat?”. Teoria ugari ezbaian jarri arren, proposatzen zituen planteamendu berri guztiak logikaz egiten zituen, “eta zientziak logika behar du. Azal ditzagun gauzak logikaz, errepikatzen zuen behin eta berriro; eta lurra, natura? eguneroko logika da”.

Birplanteatze aldioroko horrek, baina, hainbat ika-mika ere eragin zizkion, euretako bat Koldo Mitxelena euskalariarekin. “Bittorrek zioen latinismotik egin direla euskararen inguruko teoria asko, baina euskara euskaratik aztertu behar dela, bere sakontasun eta sustraietatik”. Kapanagak zioenaren arabera, gauza asko seguru-tzat eta ontzat eman izan dira, baina horietako asko ez dira diruditen bezain ziurrak, eta horiek dira azaldu behar direnak eta argitu behar direnak. “Ikerle asko azalean ari da, eta berak esaten zuen fruituaren garaunera joan behar dela, azala gero etorriko dela”. Hortaz, planteamendu berriak eskatzen zituen, “baina, noski, fama hartu duten teoriak edo planteamenduak baztertzea eta kanporatzea zaila izaten da, eta berak bazekien hori. Bazekien horretan borroka latzak egongo zirela, eta horrela izan zituen berak ere”.

Gontzal Mendibilek aitortzen du Bittorren teoria guztiak ez direla zuzenak izango, baina otxandiarrak lantzen zituen lan ildoen inguruan azterketa serio bat egitearen alde dago. “Bittorren ustez, hizkuntzak mezu bat dakar, eta mezu horretan hainbat elementu ageri dira: zelan bizi ginen, zer pentsaera genuen eta zer kultur eredu genuen, besteak beste”.

Kalitatea vs. kantitatea Asko eta askori harrigarri egin dakiokeen arren, euskararen kalitateari kantitateari baino garrantzi handiagoa ematen zion Bittor Kapanagak; hori horrela dela baieztatzen du Gontzal Mendibilek. 1968an, euskara batua sortzeko Arantzazun eginiko batzarretan ere izan zen Kapanaga; izan ere, argi eta garbi ikusten zuen euskara estandar baten beharra. Baina ez omen zuen dena arrosa kolorez ikusten. “Kapanagak esaten zuen euskara batuan egin diren gauza onak asko izan direla, baina ez denak”. Eta euskara estandarra bai, baina kalitatezko euskara nahi zuen: “Kalitatea hizkuntza erraztea da; Bittorrek esaten zuen euskara ezin zela elite batentzat egin, erabilgarria izan behar dela, irakurtzeko zein berba egiteko baliagarria izan behar dela. Euskara txukuna bai, baina erraz moldatzekoa, eta horrek ez du esan nahi euskara pobre bat sortu behar zenik”.

Gizon askea Bittor Kapanaga sekula ez zen euskaltzain izatera heldu, baina Gontzal Mendibil seguru dago bere erabakia izan zela. “1974an ezagutu nuen nik Bittor, eta, garai haietan, astero joaten zen Bilbora, Euskaltzaindiaren egoitzara. Bertan Ricardo Badiola, José Luis Lizundia eta Juan José Zearretarekin elkar-tzen zen, besteak beste. Eta, oker ez banago, Eusko Jaurlaritza sortu zenean, Lizundiak berak aukera eman zion itzulpengintza alorraren ardura har zezan. Ez zuen onartu. Bittor beti izan da berekoia, hau da, bakardadean ibiltzeko eta berez mugitzeko joera zuen”.

Mendibilen berbetan, ikerlari otxandiarrak askatasuna maite zuen beste edozeren gainetik, eta eskaini zioten ardura hartu izan balu, askatasuna galduko zukeela uste zuen. “Bizitzeko gauza handirik ez zuela behar esaten zidan, eta horregatik biziko zela beti libre. Neure kabuz egingo ditut egin beharrekoak, eta esan beharrekoak esango ditut. Horregatik zen erreferente moduan hartzekoa: askok eta askok lanagatik edo dena delakoagatik alboratzen dugu-eta gure pentsaera”.

Euskera erro eta gara (1978) liburua da Kapanagak euskararen inguruan argitaratutako lan entzutetsuena, eta udazken-negu alderako liburuaren berrargitaraldiak argia ikusiko duela adierazi du Mendibilek. “Gainera, Bittorren etxean beste lauzpabost liburu argitaratzeko adina material aurkitu genuen, eta liburuaren jatorrizko bertsioan agertzen ez zen hainbat eduki ere gehituko diogu berrargitaraldiari”. Bittor Kapanagaren inguruko pertsonek osatutako lantalde bat ari da liburua egokitzen, eta “hizkuntza, kultura eta pentsaera batuko ditu”.

Gontzal Mendibilek badu ilusio bat: otxandiarrak inoizko batean esandakoak eta idatzitakoak bitxikeria hutsa baino zerbait gehiago izatea, “mezu bat zutelako, eta bizitzeko zein pentsatzeko eredu bat dagoelako euskararen atzean. Bittorrek esaten zuen eredu hori bizi zutela orain milaka urte, eta geroak ere ezagutu beharko du eredu hori, etorkizun hobe bat eraiki nahi bada”.