Dantzaren munduan lehen pausoak ematen ari den taldea da Haatik dan-tza konpainia, ez ordea bertako kideak. 2011n, Donostian sortutako taldea da Haatik. “Onintza Odriozola, Gotzon Poza, Garazi Lekuona, Maite Mujika, Iurre Aranburu eta ni hasi ginen batzen: entseatu, koreografiak sortu, materiala sortu, genituen gogoak zeintzuk diren aztertu, zer proiektu eraiki nahi genuen hausnartu?” , azaldu du Aiert Beobide Egañak (Donostia, 1978), Haatikeko dantzari eta zuzendariak.

Euskal dantza tradizionala du oinarri talde donostiarrak; “izan ere, hemen, dantzari gehientsuenak dan-tzara hurbiltzeko modu ohikoena euskal dantzak dira, nahiz eta taldekide batzuk dantza garaikidean eta baletean aritu izan diren”. Konpainiaren ikuskizun guztietan funts hori dago; Beobideren hitzetan, hemengo konpainia baten berezitasunak izan behar duelako tradizionalki jasotako elementuak eta koreografiak erabiltzea. “Hala ere, gustatzen zaigu kanpoko gauzekin aritzea; guri euskal dantza gustatzen zaigu, eta gure oinarria hor daukagu, baina dantza garaikidea eta dantza klasikoa egitea ere gustuko dugu. Ibilbide baten bilaketa da, hizkuntza baten bilaketa: hizkuntza garaikideago bat aurkitu nahi izaten dugu, baina gure oinarria atzean utzi gabe. Ikusten gaituenak euskal dantzetako pausoak ikusten ditu, euskal dantzetako mugimenduak, baina askotan aldatuta egoten dira formak, edota dantza garaikidekoekin nahasten ditugu euskal pausoak”.

Heriotzari aurre egiten Joan den ekainaren 6an estreinatu zuen Haatik dantza konpainiak bere azken ikuskizuna, Tolosako Leidor aretoan: Ilargiaren malkoa. Hiru piezaz osatutako emanaldia Europatik datozen formatuei segika osatu dute. “Gure inguruan ikusten genituen dantza ikuskizunek gai bakarra lantzen zuten hasieratik bukaerara, eta guk elementu ugariz osatutako ikuskizun bat osatu nahi genuen”.

Ilargiaren malkoa hiru atalez egituratuta dago: Ilargiaren sukar galdua, Lur zuri aga eta Malko isuria koreografiak.

Ilargiaren sukar galdua Aiert Beobideren sorkuntza da, “oso lan pertsonala”; euskal dantzan eta Mikel Laboarengan oinarritzen da. “Nire gurasoek Herri Gogoa diskoetxea sortu zuten berarekin, eta Bat-hiru diskoa, esaterako, bertan grabatu zuen. Laboa oso gertukoa nuen, eta iruditzen zi-tzaidan berak egin zuenak bazuela antzekotasun bat guk jorratu nahi genituen bideekin. Kantu tradizionalak zituen oinarri, poeta garaikideagoen hitzak ere gehitzen zituen bere lanetan, eta Lekeitioetan esperimentazioa lantzen zuen”.

Lur zuri aga, berriz, bideo-dantza gisa sailkatu daiteke. Esaterako, Beobideren ustez, koreografia bat prestatzen denean, agertoki baterako izan ohi da, hasieratik bukaerara dena ikusten da, eta ezin da ezer aldatu; ikus-entzunezkoan, aldiz, aldaketak egin daitezke, “hainbat tokitan dantzatu dezakezu”. Pasai Antxo eta Donostia artean dago Vitorio Luzuriaga galdategia, eta hogei urte daramatza itxita, abandonatuta. Orain denbora bat Luzuriaga martxan mugimendua eraikina berreskuratzeko lanean hasi zen, kulturarako eta gizarte kontuetarako erabiltzeko, eta espazioa ikustera gonbidatu zuten Haatikeko kidea. Eraikinaren indarrak eraginda, liluratuta geratu zen dantzari donostiarra. “Jendea bizi izan da bertan, fabrika okupatuta; pareta guztiak graffitiz beterik daude; eta leihorik eta aterik ez izateak espazio irekiaren sentsazioa ematen dio”. Buruan zerabilen sorkuntza lanerako espazio ezin hobea zela adierazi du Beobidek. “Orduan mekanismo guztia jarri genuen abian: errealizadoreak, kamerariak, editoreak?”. Eta galdategi horretatik irtendako ikus-entzunezkoa da Ilargiaren malkoa lanaren bigarren atala, zuzeneko eskaintzarik gabe.

Malko isuria da ikuskizunaren hirugarren atala, Vitali Safronkine errusiarraren koreografia bat. “Guretzat opari bat izan da. Safronkinek esan zigun koreografia bat egiteko gogoa eta ideia bat zuela, eta Euskal Herriko norbaitek egikaritzea nahi zuela; beraz, guri eskaini zigun, eta baietz esan genion. Hona etortzen zen bakoitzean sorkuntza lantzen hasi ginen, eta astiro-astiro zeri buruzko koreografia zen ezagutzen joan ginen”. Manu Badiola Makalu mendian (Himalaya) hil zen 36 urterekin, jaisten zihoala, eta bi haur eta emaztea utzi zituen. Horrek guztiak familian eragin zuen mina azaldu nahi zuen errusiarrak koreografiaren bitartez. “Kanpoko koreografo batek, kanpoko estilo batekin, hemengo pertsona baten bizitza kontatu nahi zuen, pertsona horren eta familiaren omenaldi moduan”.

Hala ere, hiru piezek euren arteko lotura aurkituko ote zuten zen hasiera batean Haatik dantza konpainiako kideen beldurra, hasiera batean hiru piezek zeharo lotura desberdina izan zezaketelako. Baina ohartu ziren hirurek oinarri antzeko bat zutela. Ilargiaren sukar galduak Laboaren falta eta berak utzitako guztia ditu ardatz. Lur zuri agak erdi hilik zegoen eraikin bati buruz dihardu. Eta Malko isuria pertsona baten heriotzan oinarrituta dago. “Galeren aurrean bizitzan aurrera egin behar dela du guztiak oinarri”.

hHamarreko txikia Errimak oinetan izan zen taldeak sortutako lehen obra, eta arrakasta handia izaten ari da oraindik ere. Aiert Beobidek dio oso harrera ona izan duela ikuskizunak. “Gu harrituta utzi gaitu. Dan-tza formatutik nahiko kanpo dago. Guk, azken batean, bertso saioa bat irudikatzen dugu”. Unai Elizasu gai-jartzaileak proposatutako ideia bat du ardatz Errimak oinetanek. Irratsaio batean entzun zuen dan-tzaren bidez sentimenduak agertzea zaila zela, eta hori zalantzan jarri zuen: “Zera esan zidan: Begira bertsolariek nolako itxura duten; euren ahotsarekin, soiltasun horrekin gai badira adierazteko eta sentimenduak azaleratzeko, barre eginarazteko, negar eginarazteko eta haserrarazteko, nola ez da posible izango dantzaren bidez! Orduan bertsoetan oinarritutako dantza saio bat prestatzeko bildu ginen”. Hasiera batean nahiko zaila izan zela onartu du Beobidek. Lehenengo eta behin bost dantzari oholtzaren atzean eserita egotea proposatu zuen Elizasuk, eta dantzariari deitzen zitzaion bakoitzean, banaka, binaka zein taldeka, hurreratu egin behar zen. “Eta hori bera erronka handi bat zen gure-tzat: ez jantzi aldaketarik, ez segundo bat oholtzatik kanpo arnasa hartzeko”. Sustrai Colinaren laguntza ere izan du emankizunak. Bertsoak berak egin zituen, eta dantzari bakoitzari bere izaera eman zion, bertsolaria balitz bezala, “umilari gauzak esateko modu umila, urduriari modu urduria? Bakoitzari bere papera, eta hori izan da hau guztia hain ondo ateratzeko arrazoietako bat”.

Dantza taldea definitzeko orduan ez du arazorik konpainiako zuzendariak: “Proiektu berri bat da, eta euskal dantza oinarri izanik urte batzuk badaramatza ikuskizunak sortzen. Gainera, beste influentzia eta beste jatorri batetik datorkigun edozein aukera ere aprobetxatzen eta balia-tzen dugu, publikoari erakusteko eta guk horietatik ikasteko”. Beraz, sentimenduak oin puntetan dantzan jarri, istorioak sortu eta dantzatu, gorputza astindu, espazioa okupatu. Hori da Haatik dantza konpainia. Gaztetasunean beteranoa den konpainia. Sustraiak non dituen argi, baina adarrei noranahi luzatzen uzten dien konpainia.