Síguenos en redes sociales:

Azkenengo erromantikoa

Bizitza luze eta gorabeheratsua, oparo eta intentsoa izan du, bai pertsonalki bai profesionalki, Nestor Basterretxeak (Bermeo, 1924-2014). Haren lanera azken urteotan hurbildu garenok harritu egiten gara sei hamarkada baino gehiagotan zehar gauzatu duen ibilbide artistikoaren aberastasunaz, duda barik XX. mendeko bigarren erdiko euskal artista garrantzitsuenetakoa dela baieztatzera garamatzalarik.

Erbesteratze behartuak sorkuntzaren lehen pausuak Argentinan ematea eraman zuen -modu autodidaktan-, 50eko hamarkadaren hasieran itzultzean, eta batez ere Oteizarekin hartuemanean, gelditu ezinezko bideari ekin ziolarik. Arantzazuko kripta frustratua gauzatu ostean -ez zen 1984a arte berregin-, Equipo 57 taldeko fundatzaileetako bat izan zen, eta 1966an GAUR, euskal abangoardia artistikoaren erreferente sahiestezina sortu zuen, garaiko artista nagusienekin. 1973an Euskal Serie Kosmogonikoa seriea aurkeztu eta 80ko hamarkadan batez ere eskultura publikoa jorratu zuen; euskal txoko askotan -Bermeoko Olatua, Donostiako Bakearen Usoa edota Arriarango presa-, baita nazioartean -Euskal Artzaiari Monumentua Renon- aurki ditzakegu Basterretxearen eskultura monumentalak.

Alabaina, bermeotarraren alderdi ezagunena bezain interesekoak dira bestelako lanak, publiko orokorrak hainbeste identifikatzen ez dituenak. Izan ere, espiritu inkonformista eta esperimentala dela eta sorkuntza modu poliedriko eta aberatsa garatu du Basterretxeak, artista polifazetikoa izan baita zinez. Margolari gisa hasi arren -jenialak dira haren 50eko pintura analitikoak- denborarekin diziplina arras ezberdinak landu zituen, hala nola zinema -ezin ahaztu Operación H (1963) esperimentala zein Ama Lur (1968) mitikoa-, diseinua -grafikoa, industriala zein altzariena-, argazkilaritza, kartelgin-tza, fotomuntaia, obra grafikoa edota arkitektura eta urbanismoarekin gauzatu kolaborazio desberdinak -aipatzekoak dira Bolumetriak proiektu arkitektoniko ameslariak-, denetan oso maila altua lortzeraino. Modu batean edo bestean, arte korronte ezberdinen eraginpean, lengoaia pertsonal eta heldua, anitz eta konplexua ondu du Basterretxeak; oro har, konstruktibismo analitikotik espresionismo abstrakturanzko bidean, oinarri linealeko piezetan masa eta azalera zabalak darabiltza, oinarrizko gorputz geometriko trinkoetatik bolumen ondulatu eta lirikoagoei bide emanez, formalki indartsuak oso, estetikoki eta poetikoki potenteak, pisuzkoak, beti kutsu sinboliko sakonarekin.

Izatez, azkenengo euskal artista erromantiko handia da Basterretxea, batetik, gerraosteko euskal sortzaile belaunaldi bereziki bereziaren baitan euskal nortasuna eta haren unibertsalizazioa ulertzeko moduagatik, eta bestetik, artearen bidez bere herriagatik erakutsi konpromiso eta militantziagatik. Ahozko tradizio aurre-indoeuroparra irudiz janztea izan da neurri handi batean Basterretxearen helburuetako bat, besteak beste, modernitatearen galbahetik tradizioa berreskuratu eta sinboloen bidez euskal mitologiaren berrinterpretazio garaikidea era bikainean gauzatzean.

Instituzioen aldetik jaso du azken urteotan errekonozimendurik, eta benetan izan zen esanguratsua iazko Bilboko Arte Ederren Museoan jazo Forma eta unibertsoa erakusketa antologiko konpleto eta ederra, ibilbide artistiko luzea zarratu eta zabalkuntza eta ikerkuntza etapa bide berri bati ateak ireki zizkion inflexio puntu lez uler daitekeena. Tamalez, oraindino ez da, saiakera ezberdinak tarteko, Basterretxeari eskaini fundazio edo museorik gauzatu, eta faltan sumatzen da haren lanaren dibulgazioa eta ikerketa kritikoa bermatuko duen erakunde autonomorik.