Bilbo - Mikel Markez kantariak eta Kaliforniako Noka taldeak elkarrekin egingo dute bira bat datozen asteetan, Estatu Batuetako hainbat hiritan. Elkar zigiluak adierazitakoari jarraiki, bira honen lehendabiziko data datorren ostiralean, hilak 23, Kaliforniako Bakersfield NABO Convention 2014 jardunaldiaren baitan aurreikusi da. Hurrengo egunetan Kaliforniako zenbait aretotan eskainiko dituzte kontzertuak. Gero Nevadara joko dute (ekainak 5, Gardnervillen) eta euskal komunitate handia biltzen duen Boisen ere arituko dira, Idahon, zehazki (ekainak 6). Birari amaiera emango diote hurrengo egunean, Ontarion (Oregon).
Noka taldea Kaliforniako Chino hirikoa da. Andrea Bidartek, Begoña Echeverriak eta Cathy Petrissansek osatzen dute talde hau. Kalifornian sortuak badira ere, euskal jatorrikoak dira. A capella kantatzen dute, eta noka emakumeen artean hitz egiteko moldea aldarrikatzen dute beren kantuetan eta jarreratan.
Mikel Markezek, berriz, mende laurdena darama musikaren munduan murgildurik. Estatu Batuetan aritzen den laugarren aldia izango da hau. Errenteriako kantariak Indar bat dabil hor bere azken diskoa aurkeztuko du bereziki; eta Noka taldea errepertorio tradizionalean oinarrituko da. Hala ere, emanaldiak "osotasun bat izango du, kontzertuaren zati handiena elkarrekin egingo baitute", Elkarren arabera. - DEIA