bilbo - "Gure belaunaldikoentzako Cortázar oso idazle inportantea izan zen", ametitzen du Jon Alonso (Iruñea, 1958) idazleak, autore argentinarraren zenbait ipuin Antologia apetatsua (Txalapata, 2004) liburuan bildu eta euskaratu zuenak. "Bere estiloa testuinguru konkretu batean sortu zuen; horregatik, bere garaiari erantzuten dion idazlea da, baina garaikotasun horren barruan berak landutako ezaugarri batzuk unibertsalak dira", irizten du Alonsok. Zentzu horretan, euskal idazleengan -izen konkreturik aipatu gabe- haren oihartzuna ere nabaria dela uste du.
"Ipuingintza modernoaren oinarriak jarri zituen, gaur egun berak zabaldutako bideetatik baitoa. Esperimentaziora oso irekita zegoen, sormenaren mugak non aurki daitezkeen edo testu batekin noraino irits daitekeen aztertu baitzuen", azaltzen du Alonsok, zeinak Cortázarren hamar ipuin adierazgarri aukeratu zituen bere "kapritxoaren araberako" antologia gauzatzeko.
Alonsorena ez da itzulpen bakarra -lehenago Oktaedroa (Ibaizabal, 1992) euskaratu zuen Gerardo Markuletak-; baina bai bakanetakoa. Cortázarren itzulpen gehiagorik egitea aurreikusita ez duen arren, idazle iruindarraren esanetan, "ideala litzateke jaso-tzen ditugun erreferentzia guztiak euskaraz jaso ahal izatea. Autore bat itzultzen denean, batez ere, hori da buruan duzuna". - A. Araluzea