Bilbo

Iepa! Jara naiz eta hau nire lehenengo aldia da. Esan nahi dut hau dela blog honetan idazten dudan estreinako aldia. Nire gauzak zuekin konpartitzeko beharra daukat. Ongi senti-tzen naiz nire barruko korapiloak kanpora ateratzen ditudanean...". Horrela aurkezten du sarean bere burua Jarak, Jasone Osorok (Elgoibar, 1971) sortutako pertsonaia literarioa.

Berriki eman du saltoa Jarak paperezko liburu arrakasta-tsuetatik internet eta sare sozialen saltsara, Jara Live ataria dela bide (ikus www.jaralive.com). "Helburua komunitate bizi bat sortzea da, gazteek eduki dezaten atari bat non beren beldurrak, kezkak eta galderak bota ditzaten, informazioa jaso dezaten eta nola ez, entretenitu daitezen", azaldu du Osorok. Webgunea Jarak lehenengo pertsonan idatzitako blog bat balitz aurkezten da, diseinu erakargarriak lagunduta.

Bere eguneroko abenturak kontatzearekin batera, nerabeen intereseko gaiak landuko dira atarian, orientazioa eta sexualitatea kasu, Miren Isasi eta Eli Moreno adituen esku. "Jakina, gazteen galdera guztiak era guztiz anonimoan plazaratuko ditugu, inongo beldurrik eduki ez dezaten". Horrela, posible al da bi pertsona maitatzea?; nire bikoteak ito egiten nau; ez dut klasera joan nahi edota hilerokoari buruz hainbat kontu gisako gaiak hizpide izango dituzte aipatu sailean.

Ihintza Orbegozo, bestetik, "kolaboratzailerik saltseroena" da, Osororen hitzetan, bera arduratuko baita agenda kulturala eguneratzeaz. Pertsonaia famatuek ere txoko berezia izango dute Jara Liven, Lehenengo aldia deritzon atalean. Beren testigantzak "ez daude derrigorrez lotuta lehenengo aldi amodiotsu batekin", argitu du idazle elgoibarrak. Maider Egues kazetaria eta Zuhaitz Gurrutxaga futbolari ohi eta telebista aurkezlea izan dira lehendabiziko gonbidatuak. "Zerrenda oso zabala izango da eta saiatuko gara arlo ezberdinetako pertsonak hautatzen", erantsi du.

"Errealitatea eta fikzioaren artean mugitzen den atari" honek Facebook eta Twitter sare sozialetan ere baditu kontuak, ataria bisitatzeko amu gisa erabili daitezkeenak. "Erabat hasiberria naiz arlo honetan, beraz, webgunearen diseinuaz arduratu direnek nolabaiteko ikastaro bat emango didate", aipatu du.

Testuingurua errotik aldatu bada ere, gaur egungo nerabeekin "oso identifikatuta" sentitzen da Osoro. "Teknologiaren arloa izugarri garatu da baina, finean, gaur egun eta orain dela 20 bat urteko nerabeek kezka, beldur eta amets bertsuak dituzte", dio idazleak, Jara Live ataria "guztion artean" ehuntzera gonbidatzen duela, "komunitate aberasgarria" erdiestearren.