Maule. Bertsolaritzak mugak hausten jarraitzen du eta, atzo, Maule-Lextarrera iritsi zen Txapelketa Nagusiaren arrabotsa, finalaurreetako azkenengo saioan. Ipar eta Hego Euskal Herrietako entzuleak Ororena pilotalekuko harmailetan bilduta, bertsolaritza zazpi herrialdeetan gero eta indartsuago dagoela ikusi zen. Sustrai Colina izan zen nagusi, epaileek emandako 695,5 puntuak ondo merezita lortu baitzituen, behetik gorako jardunean. Hortaz, Colina Barakaldoko finalean izango da. Unai Agirreri, aldiz, ifrentzua egokitu zitzaion eta, bertsoaldi dotoreak utzi arren, puntu erdigatik geratu da BECeko zitatik kanpo. Agirre izan zen bigarren, Irazu hirugarren eta, Aitor Mendiluzek, laugarren izanda ere, aurreko finalaurrean egindako lan onari esker lortu ditu finalean egoteko adina puntu, Maulen kili-kolo ibili baitzen. Koska bat beherago ibili ziren Jone Uria eta Agin Laburu, baina txapelketari duintasunez esan zioten agur.

Mauleko saioa, batez ere, saio landua izan zen, hala teknikoki nola ideiak ekartzeko orduan. Ofizio ba-tzuetan, ordea, gatz pixka bat gehiago falta izan zitzaion, Ororena pilotalekuko giroa lehertzeko. Bertsoaldiak igaro ahala, Sustrai Colina besteen gainetik nabarmentzen hasi zen eta, kartzelara orduko, ia poltsikoan zeukan BECeko txartela. Haatik, erlaxatu beharrean, urruñarrak goia jo zuen kartzelakoan. "Saio erditik aurrera gustura sentitzen hasi naiz -adierazi du-, baina batez ere, izan dudan jarrera azpimarratuko nuke, saio osoan eutsi diot, gai errazak zein zailak izan ez dut etsi".

Kartzelakoan, ondorengo gaia jarri zien Joana Itzainak sei bertsolariei: "Nehork ez zuen espero, baina lortu egin duzu". Colinak, ikasgelako neska politenari musua ematea lortu duen mutil itsusiaren papera hartu eta egundoko bertsoaldia bota zuen. Ideia aparta, teknika bikainarekin eta kontaera hunkigarriarekin jantzi zuen; "askotan sinpletasunean egoten baita sorpresa", dio. Hona bertsoaldi horren bigarren alea: "hileak baneramatzan, bere atzetik zer suma/ nahiz zailak diren elkar-tzen, larrosa eta asuna/ Amaia oso jatorra, ederra bezain txukuna/ bilakatu dut maitea, nire printzesa kuttuna/ berak berezkoa dauka, halako edertasuna/ eta nik hori ezean, bada naturaltasuna/ gure amak arrazoi zuen, itsua da maitasuna". Hirugarren bertsoa honela biribildu zuen, ikasgelara itzultzeko uneari buruz: "sartuko naiz toreroa, zezenplazara bezela/ ta inbiditan daudenak izorratu daitezela".

Colinarena bezala, Unai Agirreren saioa ere aipagarria izan zen. BECeko oholtzako zortzigarren aulkia garesti saldu zuen baina, puntu erdigatik, kanpoan geratu da. Hala ere, Unai Agirrek osatu duen txapelketa bertsozalerik zorrotzena gustura uzteko modukoa izan da eta, finalean sartu izan balitz, ondo merezitako saria izango zatekeen.

Jexux Mari Irazuk ere saio dotorea eskainita amaitu zuen aurtengo jarduna. Finalerako aukerarik ez zuen eta, hargatik, Zuberoako entzuleak pozik uzteko ahalegin nabaria egin zuen. Herrialde hartako laborarien egoera ekarri zuen bertsotara behin baino gehiago eta gazteei esperan-tzarako keinua bidali zien kartzelakoan. Parisera etorkizun oparoago baten bila alde egin beharrean, herrian geratu eta nekazaritzari heltzea erabaki duen gaztearen kolkotik abestuta, entzuleen txaloak bereganatu zituen Irazuk. Atzo bertan, Ipar Euskal Herrirako lurralde elkargoaren alde Maulen egin zen manifestazioaren gaia egokitu zi-tzaion hamarreko handian Irazuri eta gai horretan jantzita joan zela garbi utzi zuen.

azken pausua Aitor Mendiluze, bien bitartean, saioari neurria hartu ezinda ibili zen, berak aitortu zuen legez: "Kokatu ezinda ibili naiz, finalean sartzeko aurretik puntu sorta ederra nekarren, baina kosta egin zait". Atzo 688,5 puntu lortu eta Murgian eskuratu zituenei gehituta, BECen egongo da berriro Mendiluze, baina berak esan zuen, "20 puntu gutxiago eman izan balizkidate ere, konforme geldituko nintzen". Nolanahi ere, ale politak utzi zizkigun Mendiluzek eta puntukako ariketan eroso ibili zen. BECera begira jarri da orain: "Lasai hartuko dut prestaketa". Colinak, berriz, ez dio ezelako helbururi uko egiten, behin finalean bere burua ikusita, "txapelketa hau bide baten modukoa izan da, finala azkenengo pausua izango da". Puntuaketari begiratu gabe, "ariketaz ariketa" joan nahi du Colinak, bertso guztietan onena emateko asmoz.

Atzoko beste garailea, Zuberoako bertsolaritza izan zen. "Mauleko bertso eskola sortzen eta hazten ezagutu dut, ohorea izan da niretzat hemen abestea", dio Colinak. "Hegoaldekoak hona etorrita, ikusi da autopistak norabide bi dauzkala, hemengoak Hegoaldera joan ez ezik, hangoak hona ere etor daitezke".