Bilbao. "Jende gaztea kontatzeko gogoekin eta maila altuarekin badatorrela" agerian utzi du Lekeitioko Euskal Zine Bileraren 36. edizioak. Hala uste du behintzat Mireia Gabilondo zuzendariak, epaimahaikide gisa aritu denak. Epaileen taldea osatu dute Arantza Lauzirikak, Natxo Rodriguezek, Patxo Telleriak, Jabi Elortegik eta Imanol Rayok. Atzo jakinarazi zuten sarituen zerrenda eta sari-banaketari ekin zioten, Lekeition antolatu zen ekitaldian, Eneritz Artetxe aurkezle lanetan izan zuena.

Film onenaren Saria Oihan Vitoriak zuzendutako Etxeuts pelikulari egokitu zaio (amateur kategorian). Honengatik 1.100 euro eta antzarra jaso zituen Vitoriak. Maila profesionalean, Peio Gutierrezen Abuztua lana gailendu zen; 1.620 eurorekin eta zilarrezko an-tzarrarekin saritua izan zela.

Zuzendaritza Sarietan, amateur modalitatean, Itziar Cantero gailendu zen Gosea filmarekin. Maila profesionalean, Kote Camacho eta bere Elkartea nabarmendu ziren. Ekoizpenari dagokionez, Khuruts Begoña (Karramarroaren desira) eta Izebene Oñederra (Hortzanak, for your own safety) suertatu ziren garaile, amateur eta profesionala kategorietan, hurrenez hurren.

Halaber, Ander Parody (amateur kategorian) eta Asier Altuna (profesionalean) saritu zituzten haiek idatzitako gidoiengatik (Bostgarren segmentua lanagatik lehena, Zela Trovke-gatik bigarrena). Argazkiak ere izan zuen bere tartea Lekeitioko 36. Zine Bileran eta, arlo honetan, Asier Sustaetaren Aio eta Koldo Almandozen Deus et machina argazkilaritza-lanak saritu zituen epaimahaiak.

Bestalde, Gazte 22 Sariak Josu Ximun Billalabeitiari egokitu zi-tzaion, Eurie filmagatik. Aipatu saria 600 euro eta zilarrezko an-tzar ospetsuan datza.

Epaileen balorazioa Epamahaiak aho batez azpimarratu zuen aurtengo partaideek aurkeztutako lanen kalitatea. "Maila igo dela nabaritzen da pilo bat", baieztatu zuen Arantza Lauzirikak. Originaltasuna ere balioetsi zuten. Izan ere, saririk jaso ez bazuen ere, Lara Izagirrek aipamen berezia jaso zuen Sormenaren bide ezkutuak lanarengatik. "Euskal Herrian zer egiten ari den ikusteko aukera ematen du Zine Bilerak; eta arimaren-tzako ere oso polita, inportantea eta beharrezkoa da hemen egiten dena erakustea", adierazi zuen Mireia Gabilondok. "Gazteak indar berriekin datoz", nabarmendu zuen Natxo Rodriguezek. "Jende askorentzat Zine Bilera tranpolina da, eta horrelako urte gogorretan mantentzea ere merito handia da", erantsi zuen Jabi Elortegik.