Síguenos en redes sociales:

Zarauzko Sanz Enea aretoak Basarriri eskaini dio erakusketa

Zarautz. "Ez zuen liburuak gainera erortzeko beldurrik!". Hala gogoratzen du Andoni Egañak Basarri: liburu ugari inguruan zituela eta idazmakina alboan. Atzo ehun urte beteko zituen Inazio Eizmendi Basarrik (Errezil, 1913-Zarautz, 1999). Bertsolari, kazetari, idazle, euskaltzaina... ekarpen handia egin zion euskal kulturari eta guzti hori argazkietan, dokumentuetan eta liburuetan dago jasota. Hazten ikusi zuen herriak, berak utzitako altxorrei buruzko erakusketa zabaldu du. Eusko Ikaskuntzak hainbat erakunderekin eta, batez ere, Joxemari Iriondo kazetariaren laguntzarekin osatu du. Zarauzko Sanz Eneako aretoan bi hilabetez izango da ikusgai.

Bere bizitza osoa bilduz, lau zatitan banatu dute erakusketa. Lehenengoan, Basarriren biografia aurkituko da, Errezilgo jaiotze agiri berezi batek hasiera ematen diola ibilbideari. Zazpi urterekin etorri zen Zarautzera bizitzera, eta familiarekin, lagun artean agertzen da argazkietan, Euskal Pizkundeko erreferenteak ere aurki daitezkeela.

Bigarren gunean, bertsolaritzari buruzko dokumentuak eta txapelketetako argazkiak eta kopak daude, 1935eko txapelketa ostean eginiko bazkariko argazkia, esaterako. Batez ere, tabernetan ageri da bertsotan eta bertsokeran zituen keinuak antzemango dituzte irudietan ezagutzen zutenek. Hirugarrenak, bestetik, Basarriren kazetaritza lanari jartzen dio arreta. Euzkadi, El Dia, Argia, El Pueblo Vasco, La Voz de España edo El Diario Vasco komunikabideetan idatzi zituenak daude bertan.

Azken atalean, Zarauzko Udalak, Euskaltzaindiak, EAJk, Santamarinakoek eta Bertsolari Elkarteak Basarriri eginiko omenaldiak bildu dituzte eta bertan jarri dute ikus-entzunezkoen gunea, astero bertsolariaren inguruko elkarrizketak edo bertso saioak eskaintzeko. Bihar borobilduko dute Basarriren mendeurrena, Euskaltzaindiak Zarau-tzen egingo dion omenaldiarekin.