Síguenos en redes sociales:

'Ura patrikan', ezinezkoaren bila

Kanta propioak abestera ausartu da orain Maite Larburu biolin-jotzailea

'Ura patrikan', ezinezkoaren bilaargazkia: Wouter Jansen

Bilbo

Musika egiteko modu bakarra baino, hamaika bide ezberdin aurkitu omen zituen Maite Larburu biolinistak (Hernani, 1979), Amsterdamerako bidea hartu zuenean, orain dela hamar urte pasatxo. Bere jaioterrian musika ikasketak hasi eta Bilboko, Donostiako nahiz Madrileko musika-eskoletan ibili ondoren, Holandako hiriburuan burutu zituen biolin eta musika klasikoaren bachelor ikasketak. Berebat, antzinako musikan espezializatu zen, 2007an egin zuen Masterra bide.

Eta horren guztiaren gainetik, inspirazioa aurkitu zuen Larburuk. "Amsterdamen ohartu nintzen musika egiteko modu asko daudela, Euskal Herritik irten eta hona heldu nintzenean, nire pertzepzioa aldatu egin zen", azaltzen du musikariak telefono-hariaz bestalde. "Ez dut esan nahi Euskal Herriko egoeraren ondorio izan denik, baizik eta nire ikuspuntua nahiko murritza zela orduan -argitzen du-; eta atzerrira joanda, ikuspuntuak aldatu ohi dira", berresten du.

Beste arrazoien artean, Herbehereetara jo zuen bertako tradizio musikal nabarmenagatik, antzinako musikak harrera bereziki ona duela. "Esperientzia hori nahi nuen bizi". Edonola ere, onartzen du musika mota honek "pixkat urrun" jarraitzen duela oro har jende gaztearengandik.

Norbere etxetik urrun egoteari ere datxekie herrimina eta gertukoen falta. "Atzerrian bizi zarenean, bertan egiten dituzun lagunak zure familia bilakatzen dira; laneko kideek, bizilagunek eta abarrek oso rol garrantzitsua betetzen dute zure bizimodu berrian", dio. Horren adibide argia da Neighbor musika-bikotea, Larburuk berak eta Josh Cheatham iparamerrikarrak osatua. "Gure ogibidea dela eta ezagutu genuen elkar, hots, an-tzinako musikaren alorrean hainbat orkestretan bat egin dugu -gogoratzen du-, eta elkarrekiko ulermen maila polita genuela ohartu ginen berehala, musikalki konektatzen dugu". Amsterdameko auzo berean bizitzea ere "konexio" hori sendotzeko lagungarria izan da, nonbait. Eta hortik bikotearen izena, jakina (neighbor ingelesezko hitzak auzoko esan nahi du).

Konplizitate horren emaitza gauzatzeko zorian da, hil honen bukaeran bikotearen lehenengo diskoa salgai jarriko baita. Gaztelupeko Hotsa euskal zigiluaren esku, Ura patrikan izango du izenburu. "Kanta batean erreferentzia egiten zaio esapide honi, eta diskoa ongien definitu dezakeen ideia dela uste dut, hau da, ezinezkoaren bilaketa, horren posibilitatea", nabarmen-tzen du musikari eta kantautoreak.

Baina, publikoak ez dezala espero antzinako musikari lotuta dagoen diskoa aurkitzea, klasikoaren eragina inplizituki daraman arren. "Gure baitan dagoen zerbait da", aitortzen du Larburuk. Badira diskoari pop etiketa jada ezarri diotenak, baina hernaniarrak zalan-tzak ditu horren gainean: "Ez dakit pop-a ote den, oso zaila egiten zait sailkatzea, abesti bakoitza unibertso bat da eta". Izan ere, musika klasikoaz eta pop-az gain, jazz-a edota indiar soinuak ere nabari daitezke Neighborren estudioko lehendabiziko lanean, besteak beste. "Gaur egun sortutako kanta sorta baten puzzlea da", laburbiltzen du.

Hitz bakar batekin definitu beharko balu Ura patrikan, "intuitiboa" litzateke hori. "Diskoaren prozesua horrelakoa izan baita". Kasualitateak ere izan du zeresana. Cheatham eta Larburu Hernanira etorri ziren ustez demo bat besterik ez grabatzera. "Hasiera batean hori zen asmoa, ez geneukan ezer txukunik, baina zigiluak interes handia erakutsi zuen gure musikarekiko eta demo bat izango zena, azkenean disko oso bat bilakatu da".

Sortzeko askatasuna Maite Larburuk Gaztelupeko Hotsak taldearen sostengua eskertzen du, baita bikoteak diskoa sortzeko izan duen askatasuna ere. "Hori Josh eta bion eremua izan da, baina gainon-tzekoan, asko lagundu gaituzte, momentu batzuetan zalantzak izan baititugu, baina Gaztelupekoek diskoa kaleratzeko adorea eman digute uneoro, etxeko giroan aritu gara", pozten da.

Diskoa ia merkatuan, Neighborren kontzertuak Euskal Herritik zehar mugitzen hasia da zigilua. Egutegia zehazteke bada ere, ezinbesteko hitzordu bat jada konfirmatu du Larburuk: "Durangoko Azokan izango gara". Askoz urrunera ere joko dute auzokideek. Urtarrilean, Japoniara joango dira ganbara musika talde batekin -hainbat orkestretan aritzen dira, freelance gisa-, eta aukera aprobetxatuko dute jendaurre japoniarrari Ura patrikan diskoaren berri emateko. "Distantziak txikiagotu dira, kulturak eta ohiturak jada ez daude hain urruti, dena elkar nahasi da".