Istorio "borobilak" eta originalak nagusitu dira III. KMK lehiaketan
Jon Mikel Udakiolak eta Piedad Ortiz de Urbinak partekatzen dute saria
Bilbo. Originaltasuna, osotasuna, nahiz marrazkia eta gidoiaren arteko oreka. Horiexek dira III. Rekalde-Ortzadar Komiki Lehiaketako epaileek baloratu dituzten irizpide nagusiak. Iazko edizioan bezala, Adur Larrea eta Pernan Goñi marrazkilari eta komikigileek osatu dute epaimahaia, eta biek ala biek azpimarratu dute sariketara aurkeztu diren proposamenen kalitatea. "Orokorrean, maila oso ona mantentzen da", dio Adur Larreak.
"Jakina, denetarik egon da: lan batzuk onak dira, beste batzuk etorkizun oparokoak dirudite edo zerbait berezi dute eta beste ba-tzuk, ordea, ez dute irabazteko mailarik, suabe esatearren", zehaztu du Pernan Goñik. "Edonola ere, oso zaila izan da guretzat epaia erabakitzea", aitortu du. Desadostasunak baino, "ikuspuntu" desberdinak izan dituztela dio, eta kasu horietan, bien "intersekzioa" izan omen da irtenbidea.
Noticias Taldeak eta Rekalde Aretoak antolatuta, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesaz, hirugarren edizio honetan estreinakoz partekatuko da saria (1.500 eurotakoa) bi komikigileen artean. Jon Mikel Udakiolari (Hernani, 1965) eta Piedad Ortiz de Urbinari (Barakaldo, 1973) egokitu zaie ex aequo saria, Txorimaloa eta Maitasun gozoa komikiengatik, hurrenez hurren. "Lan biak oso onak iruditu zaizkigu, eta buelta asko eman ondoren, bioi ematea erabaki dugu", azaldu du Goñik.
Sinplearen balioa
Aipatu komikiek estilo "zeharo ezberdinetakoa" izaki, biek lortu dute epaileen aburuz "istorio borobilak" gara-tzea, eta espazio nahiko mugatuan gainera: lau orrialde. "Baldintza horrekin ezin duzu ideia konplexuegiak landu, baina halere irabazleek lortu dute istorio borobilak kontatzea, gehiegi konplikatu gabe", Larrearen esanetan. "Sinpletasun hori balioesten dut nik; finean, komiki batean testu larregi txertatzen bada ezerosoa izango da horren irakurketa", arrazoitu du. "Marrazki estiloan ere irudi naif samarrak, sinpleak estimatzen ditut; laburbilduz, ideia freskoak hobesten ditugula azpimarratuko nuke".
Maitasun gozoa komikiari dagokionez, honen "samurtasuna, originaltasuna eta halako feminitatea" goraipatu ditu Goñik. "Nik neuk asko baloratu dut genero kontua, hots, emakumea nola tratatua dagoen komikian", argitu du. "Beste estilo eta koordenatuetan, Txorimaloa komikia ere oso lan ona da", gaineratu du.
Esan bezala, irudia eta hitzaren arteko osagarritasun orekatua ezinbestekotzat jo izan dute epaileek. "Bada joera bat hainbat marrazkilariren artean, ilustrazioari garrantzi osoa eskaintzearena, gidoia bigarren plano batera alboratuz nolabait", ohartarazi du Larreak. "Eta hizkuntza, euskara gure kasuan -jarraitu du-, ere zaindu behar da, marrazkia bezain beste, hain zuzen".
Sari-banaketa ekitaldia azaro hasiera aldera aurreikusten da, data zehatza finkatzeke bada ere. Ohiko legez, aurten ere Bilboko Rekalde Aretoak hartuko du irabazle eta aukeratuen lanekin osatutako erakusketa. Azaroaren 8tik abenduaren 8a bitartean izango da ikusgai.
KMK lehiaketaren xede nagusietako bat horixe baita: alde batetik, komikiaren arloko sortzaile berriei plaza bat eskaintzea, euren lanak jendaurrean erakuts ditzaten. Horrekin batera, euskara sustatzea eta batik bat jende gaztearengan zabaltzea dira ekimen honen sustatzaileek bete nahi dituzten beste helburuak.
Mugetatik at
Erakusketaren ildotik, Rekalde Aretoak ere hartuko du tailer berezi bat azaroaren 16an, irabazleei eta aukeratuei espresuki zuzendua. Irakasle lanetan Adur Larrea eta Pernan Goñi epaile izan direnak arituko dira. "Ikastaroan saiatuko gara komikigintzaren mugetatik haratago joaten, edo muga horien bestaldean dagoen panorama ikuska-tzen", aurreratu dute. Halaber, "gogor" lan egiten ari diren epaile-irakasle-marrazkilari hauek "ariketa esklusiboak" asmatzen dabiltza une honetan. "Gure onena emango dugu", ziurtatu dute.
Bestetik, aurtengo KMK Ohorezko Saria Erein argitaletxeak sustatutako Ipurbeltz komikiari dagokio. 70. hamarkadan abiatutako proiektu hau, "Euskal Herriko komikigileen harrobia" bilakatu da, Edorta Kortadi arte-historialariak nabarmendu duenez.
Aurtengo edizioan, %20an handitu da parte-hartzea. Pozteko moduko albistea bada ere, Larreak marrazten duen euskarazko komikiaren diagnostikoa ez da bereziki itxaropentsua. "Maila altuko lanak daude, urtean zehar uzta on bat egoten da eta irakurleak egon, badaude. Gainera, komikizaleak irakurle amorratuak dira eta oso fidelak izan ohi dira gainera; hala ere -kontrajarri du-, komiki frantses edo espainolarekin lehia-tzeko moduko merkaturik ez dago, apustu handiagoa egin beharko lukete argitaletxeek", iritzi dio. KMK lehiaketan epaile- eta irakasle-kide duen Goñik, bere aldetik, nahiago du horretaz ez hitz egitea. "No comment", ebatzi du.