Síguenos en redes sociales:

Fournier eta De la Barca Literatura Unibertsala bildumara batzen dira

Xabier Payak 'Bizitza amets' itzuli du eta Monika etxebarriak 'meaulnes handia'

Donostia. Eusko Jaurlaritza, EIZIE eta Alberdania, Erein eta Igela argitaletxeen arteko lankidetzak Literatura Unibertsala bildumako bi liburu berri ondu ditu, Alain- Fournierren Meaulnes handia eta Calderón de la Barcaren Bizitza amets. Bildumak 1989 hasi zuen bere ibilbidea eta guztira 150 liburu baina gehiago itzuli dira.

Meaulnes handia Monika Etxebarriak itzuli du eta atzo prentsaurrekoan aipatu zuenez, 100 urte bete dituen frantsesezko eleberri irakurrienetako bat da. Hizkuntza askotara izan da itzulia, milioika ale saldu dituela. Ehunka nerabe identifikatzen dira heroi idealista, zoritxarreko eta abenturazalearekin. Oroimenean gorde dituzte herriko eskolako eszenak, gaztelu miresgarri baten aurkikuntza edo neska maitatuaren agerpena eta galera agertzen dira liburuan. Etxebarriaren aburuz, "irakurketa erraza, zailtasun gutxikoa, egitura arina, historia ez korapilatsua eta identifikatzailea" dira liburuaren arrakastaren elementu nagusiak.

Xabier Payak bertsotan itzuli du Bizitza amets, Pedro Calderón de la Barca autore espainiarraren antzerki-obra ezagunenetako bat. Antzerkiak gizabanakoen patuaren eta askatasunaren arteko talka du langai, barrokoko beste hainbat lanen ildoari jarraiki. "Euskal itzulpengintzaren tradizioak ez ezik, jatorrizko testuaren edizioen batasunik ezak ere buruhauste bat baino gehiago ekarri dit", esan zuenez Payak. Gaineratu zuenez, Cátedrako edizioa izan da iturri nagusia eta bertso lerro kopuruari dagokionez euskarazko bertsioa jatorrizkoa baino luzeagoa da, "edukiarekiko fideltasunari eusteko", batipat.