Síguenos en redes sociales:

Pausorik pauso

Azokak ateak itxiko ditu gaur, baina Gerediagan zapata berrien bila hasi beharko dute segidan: agian aurtengo neurriak ez du 2012rako balio

Pausorik pausoJ.M. Martínez

PAUSOAK. Atzo aurtengo laugarrena. Edo 46 izan litezke baita, edizioak bezainbat. Azokak ibilbide luzea bete du jada, baina zapatak urtero berriztatzen ditu, ibilbide berrietara egokituz. Adibideak: Ahotsenean, Irudienea, Kabi@, Szenatokia... Eta bisitan etorri diren galiziarrek bertatik bertara ikusi ahal izan dute fenomenoa. Xoxe Estébez ohartu zen, "galegoa atzeraka doan bitartean euskara goraka doa, Azoka hau ikustea nahikoa da horretaz jabe-tzeko" bota zuenean, sano-sano. Tira, ez da hainbesterako, baina har dezala garagardo bat gure kontura Estébez jaunak. Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari Fito Rodríguezek lagundu zion bisitan, herrialde bietako idazleen arteko enkontruaren ostean. "180 titulu itzuli dira jada galegotik euskarara, eta alderantziz ez da ezelako ahaleginik egin", zioen Fitok, Estébezen hitzei lagunduz. Pazientzia galiziarrentzat, pauso guztiak jasan ditzaten.

Oinak gastatuta dituztenak Toti Martínez de Lezea eta Jon Arretxe dira. Erein argitaletxearen erakusmahaian jarleku bana zuten atzo (a ze kategoria! ). Elkarren alboan zeuden, zein baino zein. "Gu militanteak gara", oihukatzen zuen Totik, eta Arretxek irribarre batekin erantzun zion. Harkaitz Canok ere errepikatu egin zuen Azokan, atzo bere azken nobela aurkeztu baitzuen: Twist. Filosofia eta literatura uztartu zituen Ahotsenean, bere zaleen gozamenerako. Beste egile batzuk ere izan ziren Landakon, tartean Ana Urkiza idazlea edo Juan Luis Landa irudigilea. Mariano Ferrer kazetariak bere azken lana aurkeztu zuen (Lo que dije y digo) eta Juan Ignacio Pérezek eta Miren Bego Urrutiak beste horrenbeste egin zuten Animalien aferak liburuarekin; EHUko irakasleek 120 kontakizun bildu dituzte, non azaltzen duten animaliek bizirauteko eta ugaltzeko erabiltzen dituzten estrategiak. Euskal Editoreen Elkarteko lehendakari Jorge Gimenezek nekatu aurpegia zuen Guadalajarako azokatik bueltatu ostean (aztarna utzi dugu han?), eta Txirri, Mirri eta Txiribitonen aurpegiera fres-koekin egiten zuen kontrastea.

Azken urteotan urrats galanta eman dutenak (batez ere 2003tik aurrera) Berri Txarrak-eko kideak izan dira. Atzo eten beharrean ibili ziren, leku guztietara heldu ezinik. Gorka Urbizuk, David Gonzálezek eta Galder Izagirrek nahikoa lan izan zuten zale guztiei atenditzen. Eta arratsaldean kon-tzertu txiki baina indartsu bat eskaini zuten, Ahotsenea dardaraka jarriz. Musikarien eguna izan zen atzokoa, eta Landako Gunetik pasatu ziren Fermin Muguruza, Rafa Rueda, Mikel Urdangarin, Joxean Goikoetxea, Xabi Bastida edo Mikel Markez, gutxi ba-tzuk aipatzearren.

Gaur, Azokaren azken oinkada. Gero atseden txiki bat eta zapata berrien bila hasi beharko dute Gerediagan. Agian aurtengo neurriak ez du datorren urterako balio.