"Lasai joan da, barruan zituen zor guztiak kitatuta"
Leterekin bizitakoen oroitzapen onak gozotu zien lagunei galera mikatza
Durango. Bernardo Atxagaren esaldi bat ekarri zuen gogora Pello Elzaburuk atzo, Pamielak Landako gunean duen etxolan, Xabier Leteren lanaz berba egiteko: "Benetazkoa denean baino ez du funtzionatzen literaturak". Olerkari gipuzkoarraren idazkera eta gaitegi ilunaz hitz eginda, argitaletxearen editoreak iritzi zion "askotan ulertzen zaila" bada ere, "benetazko gauzetaz" hitz egiten zuela nabarmena zela. Leteren zintzotasuna azpimarratu zuen Elzaburuk, urri bezain magikoak ziren errezitaldietan bereziki: "Ez du hizkuntza erraza erabiltzen eta askotan bigarren eta hirugarren irakurraldia eskatzen du; baina olerkiak bere ahotsean entzunda, nahiz eta osotasunean ez ulertu, konturatzen zinen benetan ari zela. Horrek sortzen zuen magia".
Landako gunera aldarte tristean ailegatu bazen ere, Jose Angel Irigaraik -Ez dok amairuko kide ohia, poeta eta Leteren lagun hurkoa- "zorionezkoa" jo zuen oiartzuarraren "ekarpen handia" geurean gera-tzea. "Pena handia da, nahiz eta aspaldikoak zituen osasun arazoak", gogoratu zuen. "Gainera -gehitu zuen Elzaburuk-, zailtasun guztien gainetik, proiektuak zituen oraindik; bai literaturan eta baita ere musikan, inork gutxik pentsatzen bazuen ere". Halere, Irigarairen aburuz, Lourdes zendutakoan Leteri bersortu zitzaion harrak berriz ere idaztera bultzatu zuen, "zorrak kitatzeko beharrizanagatik eta bere bizitza, ametsak, oroitzapenak, Lourdesekiko harremanak... ordenatzeko. Eta azken liburua (Egunsentiaren esku izoztuak) idaztearekin lortu zuen hori dena hitz poetiko bilakatzea. Horrekin sekulako lasaitua hartu zuela uste dut, ingurua itxi izan balu bezala. Lasai joan da orain, barruan zituen zor guztiak kitatuta".
Aparteko umorea "Olerkietan serioa ematen bazuen ere, gutxitan egin dut barre bera eta Joxean Ar-tze elkar zirikatzen ikusi nituenean bezain beste", gogoratu zuen Elzaburuk, irria baino gehiago aurpegian zizelkatuta. Aldarte hobea nabaritu zitzaion Irigarairi ere: "Ahoskotasunetik zetozen ironia, umorea eta zirikatzaile puntua zituen".
Anekdota ekarri gura izan zuen go-gora editoreak ere: antza, Izapurun egindako azken errezitaldian hain hunkituta zegoen entzulegoa ezen behin eta berriz moztu zuen irakurraldia. Gauzak horrela, saioa amaitu eta emakume bat hasi zen Xalbadorren heriotzean abesten, espontaneoki, harik eta gainontzekoek bat egin zuten arte. Orduan, Letek, esan zuen: "Inoiz hiltzen banaiz eta San Pedrok zerura zergatik sartu be-harko nukeen galdetuko balit, "nik Xalbadorren herio-tzean idatzi nuen" esango diot. Orduan bai, orduan utziko dit pasatzen".
Poeta handi eta errespetatu bezain gizon maitatua izan zen Xabier Lete. Eta guzti hori bezain apal, askotan ulertu ezinezko apaltasunera heldu arte: "Egunsentiaren esku izoztuak sinatzen zegoenean -oroitu zuen Elzaburuk- guztiz harrituta zegoen zenbat jende eta ze maitakor agurtzen zuten ikusita. Ezin nuen bere harridura ulertu...". "Baina azken hamar errezitaldi horiek izandako oihartzunarekin ohartu zen zioten errespetuaz". Sentimendu kontrajarriak eragiten zizkion herriarekin adiskidetu zen Lourdesekin, berriz ere, bat egin aurretik.