Donostia. Orain dela hiru urte Argiak diskoa kaleratu zutenean, gauzak "denbora gutxian" egin izanaren sentipena izan zuten Ken Zazpi taldeko kideek. Horregatik, hurrengo proiektua patxada gehiagorekin eta helburua "argi" izanda lantzeko erabakia hartu zuten. Jokamolde horren ondorioa da Or-tzemugak begietan, gernikar seikotearen estudioko bosgarren bilduma -seigarrena orotara-, inoiz baino "tinbre" eta "ñabardura" gehiagorekin datorrena. Ken Zazpiren gaur egungo horizonte musikala.

Atzo Donostian egindako aurkezpena ez zen ohikoa izan, okasio handietakoa baizik. Elkar zigiluak duen estudioan bildu ziren Eñaut Elorrieta, Beñat Serna eta Jon Mikel Arronategi. Argitaletxeko arduradun Anjel Valdes lagun zutela, diseinuzko eserleku zuri bitan eserita erantzun zieten kazetarien galderei. Ekitaldia zuzenean Internet bidez eman zuen komunikabiderik ere egon zen. Nabari zen, laburbilduz, euskal talde arrakastatsuenetako baten agerpena hastear zegoela.

Inguru berezi hark eraginda edo, "serio itxura" zeukatela aitortu zuen Elorrietak, baina emaitzarekin "oso pozik" zeudela kontrajarri zuen musikariak. Bi urte eta erdiko lanaren emaitza baita Or-tzemugak begietan, Euskal Herrian grabatu eta Rafa Sardinaren Los Angeleseko estudioetan nahastutako hamar abestiko bilduma. Elkarrek eta Ken Zazpiren zigilu propioak (Argiak) batera editatu dute diskoa.

sentimenduak "Gure kantak ez dira jazotako gauzen kronikak. Inguruan gertatzen direnek barnean eragiten diguten horri kantatzen diogu", gogoratu zuen talde bizkaitarraren ahotsak. "Sentimenduak, zalantzak, emozioak, maitasun kontuak", beraz, ahalik eta "era zintzoenean" azaleratzen dira beren letra eta melodien bitartez. "Lortu dugu gai horiek eta musika uztartzea, duintasunez, indarrez", gehitu zuen Elorrietak.

Aktualitatearen erreferentzia, baina, ez du ekidin Gernikako seikoteak, Bala bat lurpean tituluan, adibidez. Gerra Zibileko hobi komunen gaian oinarritu da Julen Gabiria letra hori sortzeko. Euskal gizarteak gaur egun bizi duen egoera sozial eta politikoaren inguruko aipamenak ere izan ziren aurkezpenean. Taldekideek azaldu zutenez, zeruertzaren metaforarekin, itxaropen eta ilusiozko aro berri batera begira jarri dira.

"Herri bezala indarrak biltzeko" duten "desioa" dela eta, gainera, "inguruko jendearengana" hurbildu dira taldekideak. Musikaren arloan, Joserra Senperenaren eta Cheche Alara argentinarraren te-klatuak eta Uxue Alberdi bertsolariaren koroak izan dituzte bidelagun. Jon Maia (Itsasoa gara) eta Maialen Lujanbiok (... Eta azkenak hasiera), berriz, letra bana idatzi dituzte; Joseba Sarrionandiaren beste bi poema ere musikatu dituzte (Hemen gaude eta Giltzak). "Aportazio berri batzuk nahi genituen. Gozamen handia izan da horiekin lan egitea. Diskoa aberasten dute", baloratu zuen Jon Mikel Arronategik.

Elorrietak aipatu bezala, Argiak (2007) bukatu ondorenean sentitu zuten "voragine" haren eraginetik libre izaten saiatu dira Ortzemugak begietan albumean. "Azkeneko bi udetan ez dugu kontzerturik eskaini eta grabatzen aritu gara. Iaz bost abesti, eta aurten beste bost", zehaztu zuen Beñat Sernak. "Argiago geneukan nola iritsi nahi genuen", gehitu zuen.

hendrixekin lotura Muxikako (Bizkaia) Muxik-On eta Usurbilgo Hi Gain estudioetan grabatu ondoren, joan den hilean Los Angeleseko After Hours etxean egin zituzten nahasketak, bigarren aldiz. Rafa Sardinarekin elkarlanean aritzea, izan ere, Ken Zazpirentzat "esperientzia polita eta motibazio iturria, erronka" dela sentitzen du Eñaut Elorrietak. Gaineratu zuenez, Joe Gastwirtek egin du masterizazioa, Jimmy Hendrixen disko guztiak masterizatu dituen pertsonak berak.

Beñat Serna bandolina eta banjoarekin ere saiatu omen da disko honetarako. Antzeko ekarpenak tarteko, bilduma "matiz askoko" emaitza dela nabarmendu zuen abeslariak. "Uhinak bezala, gorabeherak ditu. Momentu indartsuak eta leunagoak. Baina hoberena en-tzun eta norberak ikustea izango da", osatu zuen.

Anjel Valdesen iritziz, Ortzemugak begietan "aro berri" baten hasieran kokatu dute Ken Zazpiko kideek. "Inoiz ez gara iristen utopiara, baina horrek berak anima-tzen gaitu aurrera egitera. Herri bezala ere momentu berezia bizi dugu eta gauza horietaz sentimenduetatik, afektoetatik kantatzen dute", laburbildu zuen.