Síguenos en redes sociales:

Bazen behin artzain bat, Otsobin

Ardiei, familiari eta etxeko ortuari lotuta bizi da Erramun Martikorena, euskal ahotsik ederrenetakoa

Bazen behin artzain bat, Otsobin

baigorri

oTSOBI baserria bide ondoan dago, bihurgune batek inguratzen duela. Makurtuta, erdi ezkutuan, den baino txikiagoa ematen du. Kare zuriz pintatutako paretak ditu eta leiho gorriak, Iparraldean ohikoa denez. Etxeko atze aldean ikuilua eta sabaia; handik ikus daiteke Iparlagaina tontorra, kare-harrizko mutur soila. Baserritik abiatu eta ordu erdiko bidean Zubi-zabalako borda dago, hurritz, intxaur eta gaztainondoen artean. Txangoa ez da hain nekeza: erdia galipota da eta beste erdia harri xehearekin zipristinduta dago. Erramun Martikorenaren lehen borda da Zubi-zabalakoa, luzea eta sendoa, pisu bitan banatua. "Hau nire aitatxirena zen, eta aurretiaz ere bazegoen, noiztik ez dakit", argitzen du artzainak. Gorago lizarrak, gorostiak eta sastraka ugari, eta bazter batean erlauntza. Martikorenak adar bat hartu eta badirudi erleak zirikatzera doala. "Ez, hori eginez gero gainean ditut segidan. Liztorrak hiltzeko erabiltzen dut. Erleak jaten ditu liztorrak. Atzo bi hil nituen, ikaragarriak". Etxerako nahikoa eztia badute, azukerarik ez baitute kon-tsumitzen ia Otsobin. Bisita amaitu eta gora egin behar da berriz, bigarren bordaraino. Belastegikoa goitik behera dago berriztatuta. Kostata egindako lana. "Traktorearekin ekarri nituen lanabes guztiak: pilareak, porlana eta teilak. Lana erruz egin genuen, baina txukun geratu da, ezta?", dio gizon ttipiak, harro-harro.

Organbidea ez da amaitzen han. Garraztu egin da erabat, eta beldurgarria da azpitik ikusten den malda birrindua. Ehiztarien apalek jago-tzen dute bide malkarra, egurrezko erraldoi tenteak bailiran. Baina zati hura gainditu eta begiek oparia dute zain tontorrean: Idooko Lepoa, eta, gorago, Iparlagaina, 1.050 metroko altuera duen mendi ederra. Martikorenaren hirugarren bordak har-tzen du atseden Idooko ordokian, baina artzainak Iparlako aurre partea seinalatzen digu makuluarekin, bertako paretetan egiten baitute habia saiek eta sai-zuriek. "Kaka zuria ikusten den lekuan, hor egiten dute habia, eta hildako ardi bakanekin elikatzen dira", dio, espantuzko aurpegia jarriz. Borda aurrekoen an-tzekoa da, koxkorra bezain ederra, duina, ardiak gerizpetzeko leku antigualekoa. Idooko Lepotik sumatzen den paisaiak begi zuloak hartzen ditu, arimaren zauri guztiak sendatuz. Arnasa hartu eta txakurrari, Txisturi, deitzen dio Erramunek. "Han dago Gapelu, nire ardiak sartu diren pagadia, eta gorago Gapeluko Ateka dago, leku zinez ederra", seinalatzen du makuluarekin. "Hortik pasatzen ziren garai batean kontrabandistak. Hemen gutxi batzuk egin zuten dirua. Sardina eta olioarekin ezin, bada, fortunarik egin!", dio irrifar zabal bat erakutsiz.

Paisaia horren altzoan egiten du lan gizonak, ardiei lotuta beti. Kantua apur bat zokoratu eta bere betiko bizitzari eustea erabaki zuen aspaldi. Baina ez da erraza. "Pentsa, nik 15 urte nituenean hamabi ar-tzain ziren hemen, eta gaur lau baino ez gara, zaharkituak gainera", penatzen da Martikorena. Artaldeak nahikoa lan ematen dio, udan egunero igo behar baitu Iparlara. "Nire kantuekin ohituta daude inguruko behi, ardi eta saiek ere". Berriro barreak. Haizeak emaro laztantzen du ordokiko belar etzana, "jaki goxo eta elikagarria", eta Martikorenak aitorpen begi-bistakoa egiten du: "Hauxe da nire leku kuttuna. Zortzi hektarea pentze ditut, eta beste hamar bat oihanean. Hemen senti-tzen naiz libre eta alegera".

kantuaren zama 1978an atera zuen lehen diskoa Erramun Martikorenak (Baigorriko artzain laboraria), eta orduan hasi zen jendaurrean abesten. "Aurretik txapelketa batean abestua nintzen, baina ez oholtza gainean. 80. hamarkada gogorra izan zen niretzat, militantziazko emanaldiak ematen nituelako asko, eta joan-etorri ugari egiten nuen. Biharamonak luzeak izaten ziren", azaltzen du koblakariak. Hamarkada horretan egin zen ezagun, batez ere, Martikorena. Euskal kantagintza tradizionalari sakakada handia eman zion, bere ahots garden eta ederrarekin. A capela (kaperan abesten den erara) kantatu izan du ia beti. Ostera, Otsobiko bardoa ez da izan letra egilea, baina bai melodia sortzaile (Maitia galde egin zautan), eta bertsolari askoren hitzak musikatu ditu, esaterako Xalbador, Manex Etxamendi eta Emile Larrerenak.

1981etan etorri zen bigarren diskoa (Otsobi), eta hortik aurrera beste dozena erdi bat, tartean Primaderari eta Kantuz sortu naiz eta. Asko dira bere ahotan famatu egin diren abestiak (Xalbadorren heriotza, Herri Beherea...), denboraren poderioz ia-ia ereserki izatera heldu direnak, baina 2004an jendaurrean abesteari utzi zion. Erabaki gogorra baina nahitaezkoa: "Etenda nengoen. Hainbeste joan-etorri, hainbeste estres, horrek ondorio latza ekarri zidan: gerriko arazoak. Delibero ona izan zen, gauza bakoitzak bere tenpuak baititu, eta bi urtez ixilean egon ondoren 2008an hasi nintzen kantatzen berriz, besta aukeratuetan. Hori egiten dut orain, eta pozik nago. Nahikoa lan badaukat baserriarekin eta familiarekin".

Martikorena gizon konprometitua da, eta 1997an Euskal Herritarrokek Nafarroako Parlamentura aurkeztu zuen zerrendan eman zuen bere izena. Egungo laborantzak daraman bidearekin ere kezka handiak ditu: "Bere kabuz dabiltzan baserritarrak doi-doi ari dira aurrera egiten, baina bankuaren menpe daudenak akabo. Bankuek… horiek manatzen dute mundua gaur egun".

Ipuin batetik ateratako pertsonaia ematen du Erramunek, eta gizarteak daraman abiadurarekin ez da fido. Mobila patrikaratik atera eta saia-tzen da tramankuluarekin asmatzen. "Pit, pit, pit egiten du. Bo… akabo". Txisturi deitu eta ardien bila abiatu da, denak ilaran jarri dituela. "Hango hura, pintatuta dagoena, hura ez da nirea. Hemen ez da otsorik, beraz, galtzea dute arriskurik handiena. Gutxitan gertatzen da, ardiak badakielako zein bide hartu behar duen". Erramun Martikorenak ere bai, naturaren bakea aukeratu zuelako, plazetako zaparradaren ordez.