Bilbo

Musikeroak ginen gu ezer baino gehiago". Juan Carlos Perezek esaldi irmo horrekin argi deskribatzen du Itoizen arimaren baitan bizi zen sugarra. Argi dago taldetik pasatu ziren kide guztiek ez zutela musikaren ikuspegi bera, ezta rock talde baten jotzeak esan gura zuenaren ingurukoa ere. Baina Juan Carlosek "txikitatik" sentitu zuen "musikarenganako atrakzioa": "Gogoa nuen idazteko, poemak-eta idazten nituen hamar urte nituela, sortzeko beharra neukan barruan", dio mutrikuarrak. Ez da musikaria soilik, ez zen idazlea ezta gitarra jolea bakarrik ere, bere gorputzarekin batera sortu zitzaion artista sena, sortzaile arima. Egunak behar dituzte jaio berrien begiek bizitzaren argi itsugarria forma eta kolore atzemangarrietan bihurtzeko; urteak behar izan zituen Perezek bere izaeraren parte garrantzitsu zen sortzaile kutsu hori elikatu, zaindu, hezi eta hazten hasteko.

"Gitarra bederatzi-hamar urterekin hartu nuen lehenbizikoz", gogoratu du Perezek. Ez du inportarik adin zehatzak; barruan zuen horrek inguruan bizi zuen musika giroarekin puztu egin zela baino ez da eskertu behar.

Herriko lehen notak

"Irratikoak, kaleko musikak eta gitarrak erakartzen ninduten"

Duela zenbait hamarkadako Mutrikun txikitatik hasten ziren musika ikasten. Hala ere, metro eta erdi eskaseko Perez hari, mingarri samarra gertatu zitzaion musikarekin izan zuen lehenengo hartu-emana. Garai hartan itzal handiko izena zuen elizako korurako, umeei, probak egiten zeudela, "tú no porque tienes los dientes podridos", esan zioten Juan Carlos txikiari. Aukerarik ere eman ez! Traumatizaturik lotu zen umea.

Urte batzuk aurrerago, herriko bandarako solfeoa ikasten hasi zen, Cecilio Pagoagarekin: "Herri txikietan beti ikasten zen solfeoa bandan jotzeko, klarinetea-eta... baina irratian entzuten zena, gitarra eta kaleko musikak erakartzen ninduen ni. Horrekin lotzen da hamalau-hamabost urteetako rock grina". Eta horrela, sortzaile arima zuen nerabeak, 1974.eko uztailaren 21ean, Madalena egunean, lagunak kalean olgatzen zeudela, sentitu zuen lehenbizikoz gitarra elektriko baten taupada, bere esku artean. Hamasei urte zituen.

Urte horretan bertan, Joseba Moreno lagunarekin sortu zuen bere lehen musika banda: Estanis Osinalde bateria jolea ekarri zuen Moreno gitarristak, eta Juan Carlosek Foisis eraman zuen koadrilara. "Zuk baxua joko duzu", bota zion Perezek Foisisi. Honek baietz, rock talde batetan jotzeko zituen gogoak baxu bat zer zela ere ez zekiela ahaztu arazi zion, zelanbait.

Indar Trabes festetarako taldea zen. Herriko jaiak girotzeko kantak jotzen zituzten eta, tarteka, Juan Carlosek konposatutako abesti rockeroak jotzen zituzten. Arian-arian. "Orain, atzera begiratuta, Indar Trabeseko garaiak dira gehien oroitzen ditudanak". Foisisek esan zuen. Baina, kasualitatez ala ez, Juan Carlosek egin zuen gogoeta bera, aurrekoak lehenagotik esanda zuela jakin barik. "Indar Trabesen garaian Indar Trabes ginen eszenatokian eta eszenatokitik jaistean ere". Perezek egindako hausnarketak argi uzten du lehen talde haren garrantzia.

Unibertsitateko soinuak

"Itoizen garaian ez nuen beste ezertarako denborarik"

"Zuzenbidea ikastea Mutrikutik ateratzeko aitzakia izan zen, zer zen ere ez nekien!", dio Perezek barrezka. "Mundu berria zen Bilbo niretzat, ikasleak, hiria... pelikula bat bezalakoa zen dena. Karreran aurrera eta aurrera eta, konturatu barik ia, abokatu egin nintzen. Baina ikasketek ez ninduten musikatik aldendu, hori beti zegoen hor".

Foisis ere hasi zen, birritan, unibertsitatean ikasten, baina ez zuen emaitza onik lortu. Lehen urtean Geografia eta Historia ikasten hasi zen baina ez zuen oso gustuko. Bigarrenean, ostera, Zuzenbidea hasi zen ikasten, Perez lagunaren moduan. Lan ikaragarria egin zuen baina emaitzak ez ziren onak izan eta badago hortik ahaztuko ez duen izen bat... Soldaduzkatik bueltan, arratsaldetan entsaiatzen zuen Itoizekin baina, goizeak libre izanda, kontrabaxua ikasten hasi zen. Garai hartan, gutxi gora-behera, esan zion Perezi: "Zuk pianoa behar duzu konposatzeko, Juan Carlos". Honek, galdera aireak eraman zezan utzi eta bere horretan jarraitzen zuen. "Gauzak hasi eta amaitzea gustatzen zait niri eta Itoizen garaian ez nuen beste ezertarako denborarik, ezin nintzen pianoa ikasten hasi".

Baina Foisisen galderak Perezek buruan aspaldi zuen mandeulia matraka ematen jarri zuen berriro: "Sentitzen nuen musika modu arautuan ikasteko aukera galduko nuela. Betidanik nuen gogo hori, musika bere osotasunean ikastearena". 80. hamarkada aspaldi estrenatu zen urte haietan, Itoiz inoizko euskal talderik handiena zen, "baina nik banekien ez zela betiko, ez nuen musika gaztea bizitza osoan zehar egin gura. Urteotan, eszenatokian baino ez ginen Itoiz, hortik behera ez eta, azkenean, rockaren inguruko guztia ezagutu genuen eta "bukatu da" esan genuen".

Perez, konpositore

"Arkitektoa naiz orain; lehen, igeltzeroa"

"Musikaren bidez interpretatzen dut bizitza". Egun, Juan Carlos Perez musikagile errespetatua da oso, baina "musikarenganako nire jarrerak bere horretan jarraitzen du, ez da batere aldatu". Erdi mailako piano eta musika ikasketak egin zituen azkenean, zortzigarren mailara arte. Baina ezin izan zituen azken irakasgaiak bukatu arte itxaron: "Konposatzen hasi eta ez nuen denborarik. Autodidakta jarraitu nuen". Ikasketa garaiak, Juanjo Ortegarekin, "oso onak" izan ziren. "Askoz libreago zara klasikoan rockan baino", aitortzen du. "Kontrakoa ematen badu ere rock musikan eredu markatuagoak daude; klasikoan edozer egin zenezake".

Rock star izateari utzi, musikaz ezer gutxi dakizula onartu eta ikasten hasteko apaltasuna behar ote den galdetuta, Perezek "ez" irmoa bota du. "Ez da apaltasuna; beste aukera bat badago: lortutako dominak begiratzen geratzea".

Eta orain, atzera begiratuta zer ikusten duzu? "Talaiatik begiratuta, gure intuizioak funtzionatu zuela ikusten dut. Harro nago egindakoarekin eta atrebitzen naiz esaten sendotasuna zuela Itoizen obrak, gure ez jakinean. Orain, halere, muskulo gutxiago eta gehiago ida-tzi egiten dut. Igeltzeroa nintzen lehen, arkitektoa orain".